Sindikatuko lagunen esanetan, eraikuntzan ematen den "egoera beltzaren" ondorioak gero eta "izugarriagoak" dira; "hitzarmenak ez dira aplikatzen, segurtasun-neurririk funtsezkoenak ere ez dira hartzen, lanaldiak muturreraino luzatzen dira, eta langileak patera-etxeetan metatzen dituzte". Joan den urtean San Mames Barriaren eraikuntza-lanetan egoera hori eman zela salatu zuten ere, eta hori izan zen agerraldia bertan egitearen ondorioa.
ELAk urteak eman ditu "enpresa batzuen pirateria, lan-ikuskaritzaren ekimenik eza, eta obrak eskaintzen dituzten erakundeen eta esleipena jasotzen duten UTEen arteko amarruak" gaitzesten. Egun, hainbat ekimen sustatzen ari direla azaldu dute. Besteak beste, sektore-hitzarmenetan zehapen-klausula batzuk sartzea, hitzarmenetan jasotako baldintzak betetzen ez dituzten enpresak gogor zigortzeko. Era beran, Gipuzkoan eta Araban, gehiengo desberdinekin, foru-arau bana eman zuten, non neurri batez haien eskakizunak jasotzen ziren; "arazoa bat bera da kasu bietan, erakundeek ez dituzte obrak ganoraz begiratzen".
110.000tik gora sinadura jaso dituztela azaldu zuten ere, eta Legegintzako Herri Ekimen bat aurkeztu dutela Eusko Legebiltzarrean, eraikuntzaren eta gainerako sektoreen baldintza-orriak arautzeko lege bat atera dezaten.
San Mames Barria
Joan den urteko San Mames Barriaren eraikuntza-lanak ere aipatu zituzten. "Horko eskandaluek antz handia dute, eskala txikiagoan, Brasilen Futboleko Mundu Kopa dela-eta gertatzen ari direnekin. Eta beste hainbat adibide ditugu, horra hor, Donostiako Tabakalera, Iruñako Navarra Arena edo, zer esanik ez, AHTren eraikuntza Euskal Herrian, non horrelako lan-baldintzek 7 hildako ekarri diguten orain arte".
Bukatzeko, EHUn jasotako azken heriotz istripua gogora ekarri zuten. Euren esanetan, horren inguruan bai Eusko Jaurlaritzak, bai EHUko kudeatzaileek "lasterka plazaratu dute dena behar bezala zegoela, nahiz eta langileak ezta kontraturik ere ez izan; eta erantzukizunik ukatzeko, obra esleitu duena EHU bera izan den".