Itxaropen, justizia eta elkartasun bideak irekitzeko deia luzatu dio Caritasek gizarteari

Caritas Bizkaia 2014ko eka. 19a, 07:45

Caritasen 2013ko hiru memorietan nabarmendu da pobrezia, langabezia eta prekarietate egoerak bereziki eragiten dietela seme-alabak dituzten familiei, eta horien barruan, seme-alabak haien kargura dituzten eta bakarrik dauden emakumeei.

Era berean, familia horien arazo nagusiak hauek dira: langabezia eta eguneroko bizitzari aurre egiteko zailtasunak, batez ere etxebizitzarekin lotutakoak (erosketa edo alokairua, etxea hornitzea…). Langabeziak eta laneko prekarietateak ahuldu egiten dute pobreziaren eta bazterkeriaren aurrean babesteko daukagun faktore nagusia: lana. Egoera horretan garrantzia handia hartzen dute babes-sistemek; esaterako, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (“RGI”), familiaren babesa eta gizarte erakundeek bideratutako elkartasuna, nahiz eta hiru sistema hauek ere ahultasunak izan. Egoera hori arintzeko, EAEko hiru Caritasetatik bost milioi euro baino gehiago bideratu ziren 2013an, diru-laguntzetarako.
 
Pobrezia eta prekarietate egoerak denboran luzatzen ari dira

Bazterkeria eta babesgabetasun egoerak luzatu egiten dira eta askotan okerragotu. Horren ondorioz, jendea ahulduz eta itxaropena galduz doa eta isolamendu prozesu batean sartzen dira; babes-sareak apurtzen dira eta familia edo pertsona horien egoera prekarietatean egonkortzeko arriskua dago.

Horrela izanik, bakardadea, laguntza eta lotura falta familia horien ezaugarrietako batzuk dira. Horietako asko Caritasera datoz haien loturak sendotzeko leku baten bila, erreferentziaren bat bilatu eta harreman-sarea indartzeko asmoz. Hori aurkitzen dute Euskadiko 4.500 boluntarioengan, haiek baitira erakundearen “itxarobide” nagusietako bat. Batzuetan, gizarteak baztertutako taldeetako pertsonak dira (etxerik gabeko pertsonak, gazte etorkinak, beste etnia batzuetakoak …) eta horrek gizarteratzeko aukerak kentzen dizkie.

Bizkaiko Caritasen 2013ko urteko txostena

2013an Caritasek 12.100 pertsonari eman zien arreta; horietatik 7.000 emakumeak izan ziren (%58) eta 5.100 gizonak (%42). Portzentajeak iazkoen oso antzekoak dira.

Arreta emandako pertsonen jatorriari dagokionez, bertako (%48) eta kanpoko (%52) pertsonen kopuruak berdintzen ari dira. Pasaden urtean nabaritzen hasi ginen joera hori, etorkin gutxiago eta bertako pertsona gehiago etortzearen ondorioz.

Aipagarria da 2013an, lehenengo aldiz, pertsona gehiago direla Caritas Bizkaian laguntza eskatzen bost urte edo gehiago daramatenak (guztizkoaren %31), Caritasera lehen aldiz etorri direnak baino (%30). Aldiz, 2009an %19k soilik zeramatzaten bost urte edo gehiago eta %46 hurbildu ziren lehen aldiz.

Gizarte ekintzako programetan arreta emandako pertsonen eboluzioari dagokionez (kopuru osoa lan arloko esku-hartzea kenduta), datuek goranzko joera mantentzen dute (2009an asko igo eta 2012an apur bat jaitsi ziren). Iaz 10.860 pertsonak jaso zuten Cáritasen laguntza.

Jarduera arloei dagokienez, oinarrizko gizarte ekintza (harrerak eta etxebizitza) izan da erabiliena 2013an (5.585). Horren ostean familia arloa (2.645) eta enplegua (1.601). Azken horrekin lotuta, 2013an “Enplegatze Agentzia” zabaldu zen, indarreko araudira egokituta, eta 600 pertsonari eman zaie arreta dagoeneko.

Ondoren, “bazterkeria egoera larrian” dauden pertsonen kasua aipatu beharra dago. 2.100 pertsona baino gehiago izan dira etxerik gabeko pertsonen eta adikzioen arloan. Arlo honetan berezitasun bat dago: askoz gizon gehiago dago, beste arloetan ez bezala.

Hala ere, badaude jende gutxiagoko programa batzuk, baina denboran gehiago luzatzen direnak, gizarteratze-prozesu, prebentzio lan edo laguntza emateko moduagatik (familia-gizarteratzea, edadetuak, haurtzaroa…). Programa horietan zifrak bigarren maila batean geratzen dira, laguntza emateko lanak beste garrantzia maila bat duelako.