Maiestate: Amnistia!

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2014ko eka. 19a, 10:00

ESPAINIA guztietako erregea izango zaitugu gaurdanik. Zein inbidia! Antzina ezkontzak ziren bezala gainera, “betirako”. Beno, zure aitak abdikatu egin du bestela “A rey muerto rey puesto” da aforismoa.

 

Agintari nagusi gutxik abdikatzen dute baina, agian, Aita Santua hartu dute eredutzat eta zart! dimisioa eman dute. Kargua edo titulua utzi ez, hori ez. Patxi I Vaticanoko buruzagi denetik bi aita santu -bai, minuskulaz, bi direlako- dira bizirik, gaurtik aurrera, Madrileko La Zarzuelan bi errege izango diren bezala.

Gazteak, Felipek, eramango du agintea baina motorzale, andrezale eta elefante ehiztariak ere errege izaten jarraituko du eta dirutza edarrak xahutu eguneroko jardun edo egonean. Orain arte errege eta printzeak genituen, orain erregeak eta printzeak. Krisia gainditzen goazen seinale, lanpostuak sortzea alegia.

Honatx, abdikazio eta koroatzeak dakarzkidan burutapenak politikaz aritu aurretik. Ezin dudalako erabaki ez ezean aldarri argirik egin sistema politikoa aukeratzean.

Bazkari espezialen ondoren, nire aitak "Biba la Errepulbika!" eta "Biba la Errusia!" oihukatzen zuen eta, horregatik akaso edota Francorekin bizi eta honek ipini zuen oinordekoa ikustearen ondorioa litzateke norberaren Errepublika zaletasunaz batera Monarkia arbuiatzea.

Aginte sistemaren garrantzia ere zalantzan ipintzeko arrazoirik bada. AEBetan, kasurako, demokratak eta errepublikanoak dira lehian. Ordea, errepublikanoak ez dute demokraziarik praktikatzen? Espainia guztietan ere bada antzekorik, dugun Monarkian ez al da demokraziarik? Edo, Errepublikak bermatzen du horrelakorik?  Zeinek, hirugarren espainiarrak? Edo Lehen Errepublika Euskaldunak?
 
Edozein sistematik harago, elkarrenganako abegi on eta errespetuan oinarritu behar dugu elkarbizitza eta edozein mailako politika eta, ezinbestean, errege bat izango dugunez, hona hemen nire erregua: Maiestate Felipe: Har ezazu eredu zure aitak hartu zuen XX. mendeko erabaki garrantzitsuena, emaguzu Amnistia!

Iturria: Josu Torre / Deia