Bisita gidatuak Bilboko saltoki historikoetara

uriola.eus 2014ko eka. 19a, 10:02

Leizaola Fundazioak, Bilboko Udalaren laguntzaz, bisita gidatuak antolatu ditu Bilboko denda historikoetara. Bisita horien bidez Bilboren historia ezagutzera emateaz gain, tokiko saltokien eragina eta hiriaren garapenerako duten garrantzia goraipatu nahi da. Bisitaldiak bakoitzaren iraupena bi ordutakoa da, eta denbora horretan bospasei denda sakon ezagutzeko aukera egoten da.

Saltoki horietako batzuk Bilbon dirauten zaharrenetarikoak dira (esaterako, Sombrerería Gorostiaga, 1857koa), eta beste batzuk, berriz, XX. mendearen hasieran hiriak bizi izan zuen pizkunde industriala eta kulturalaren eraginez ireki zituzten ateak (esaterako, Café La Granja, 1926. urtekoa).

Bisita guztietan gidari profesional batek hiriari eta bisitatzen diren kale eta eraikinei buruzko hainbat xehetasun eskaintzen ditu erdaraz, baina bisita bakoitzean hautatutako saltokietara iristerakoan, denda bakoitzeko arduradunak hitza hartzen du eta saltokiaren historia eta bizi izandako hamaika pasadizo kontatzen ditu. Bisitaldia amaitutakoan, talde osoak Iruña kafean mairu-pintxoak dastatzeko aukera izango du.

Bisita gidatuak doan dira, baita pintxoak dastatzeko aukera ere, eta Arriaga plazatik irtetzen dira arratsaldeko 18etan. Hori bai, bisitak ondo antolatu ahal izateko ezinbestekoa da izena aldez aurretik ematea, bai 94 421 30 31 telefonora deituz edota leizaola@leizaola.org posta elektronikora mezu bat bidaliz, parte hartzailearen izena, abizenak eta harremanetarako telefono bat emanez.

Hurrengo bisita gidatuak ekainaren 26an (toki guztiak jada agortuta daude bisita honetarako) eta uztailaren 3an eta 10ean izango dira.