Gaur eguerdian La Bolsa auzo-etxean EHGAMek deitutako prentsa-aurrekoan ezagutzera eman ditu urtero bezala Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sariak. Lehenengoa Goenkale telesailari eta Mikel Rueda zine zuzendariari eman dizkio. Goenkalek izandako ibilbide "irekitzaileagatik" jaso du saria, "hasierako izaera ia asexuala eta guztiz heterosexuala izatetik, homosexualitatea, HIESa eta transexualitatea bezalako gaiak jorratu dituelako". Imanol Alvarez EHGAMeko kideak azaldu duenez, hedabideen funtzioa "errealitatearen isla" izatea da eta Goenkalek hori lortu du. Bestetik, Mikel Ruedari A Escondidas bi nerabeen arteko amodio istorioa jasotzen duen filmagatik eman diote saria. Alvarezen arabera, adin txikikoen arteko erlazio homosexualak "oraindik tabu dira" eta "are gehiago horietako bat etorkina bada", beraz, filmaren "gai ausarta saritu nahi izan dugu".
Bestalde, Trapuzko espartina El Correo eta Diario Vasco egunkariei eman diete. EHGAMen arabera, "El Correok 17 urte behar izan zituen EHGAM ezagutzeko", denbora hori igaro arte egunkariak ez zuen inoiz mugimenduak Euskal Herrian antolatutako ekintzei buruz idatzi, bai ordea Berlinen eta Madrilen jazotako gertakariei buruz.
Ekainaren 28an manifestazioa
Aurten ere ekainaren 28an manifestazioan sexualitate-afektibitatea askatasunez sentitzeko eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzera irtengo da EHGAM. Bilbokoa Moyua Plazatik abiatuko da arratseko 20:00etan, 11 sentipen, 11 bizipen, 11 izate lelopean.
EHGAMen urteroko afaria
Afariaren ostean ikuskizuna egongo da eta, bertan, urtero ematen ditugun Urrezko Hiruki eta Trapuzko Espartina sariak emango dira. Prezioa 25€ da, eta erreserbak ehgambizkaia@gmail.com helbidean egin daitezke, edota EHGAM-Bizkaiaren telefonoan (605712263).