BiDCk Nazioarteko Diseinuaren Eguna astebetez ospatuko du hainbat ekitaldirekin

uriola.eus 2014ko eka. 30a, 09:35

Gaurtik hasita uztailaren 6ra bitartean, Bilbao Bizkaia Design & Creativity Councilek hainbat ekitaldi antolatuko ditu Alhondegian, diseinu eta ekonomia-motoreak bezalako sortze industriak indartzeko helburuarekin.

Atzo ospatu zen Diseinuaren Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, Bilbao Bizkaia Design & Creativity Councilek bigarren aldiz aukeratu du egun hori diseinu eta ekonomi-motoreak bezalako sortze industrien aldeko apustua egiteko. Sektore honekin erlazionatutako hainbat ekitaldi antolatu dituzte aste honetan zehar eta gaurtik hasita uztailaren 6ra bitartean, Alhondegiak, diseinu honekin erlazionatutako hainbat ekimen desberdin eskainiko ditu.

Egitaraua

Ekainak 30, astelehena; 17:00etatik 19:30etara: BIDCen Bigarren Foroa

BiDC Batzordeko kideek lau panel desberdinetan parte hartuko dute txostengile gisa, BiDC Batzordea osatzen duten 30 erakundeak 2014an garatzen ari diren proiektu eta estrategien ikuspegi osotua emateko. Proiektu eta estrategia hauek Bilbo Bizkaiako diseinu eta sortze-industriak indartzeko helburua dute.

BiDC Foroaren irekiera BiDCeko bi presidenteen, Bilboko Alkatearen eta Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren eskutik egingo da.

Moda, ikus-entzunezkoak, bideo-jokoak, arkitektura, artisautza, produktuen diseinua, barrualdeko diseinua, eta argazkigintza sektoreekin erlazionatutako 80 proiektu baino gehiago aurkeztuko dituzte. Proiektu hauek Bilbo eta Bizkaiko honako lau eremuei dagozkie: prestakuntza eta ikeketa; ekonomi-garapena; hiria eta hiritarrak; eta nazioarteko proiekzioa.

Gaurko egunean ere, Design Corner lehiaketaren deialdiaren berri emango dute; produktuen edota grafikoen diseinatzaileak AlhondigaBilbaoko esparru honetara urtebetez joan ahal izateko, beren lanak ezagutzera eman ditzaten.

Aurkezpen honetan David Calvok parte hartuko du. Amsterdamen bizi den bilbotarra da eta Rubick kuboa ebazteko (15 segundutan) Guiness errekorra du. Aurten kubo horren sorreraren 40. urteurrena da. Hori dela eta, diseinuaren nazioarteko egunarekin batera, efemeride hau ere ospatuko dute.

Lehen egunean ere, Beazen Basque Crafts by Designen laugarren edizioaren aurkezpena ospatuko da. Beazen artisauek eta euskal diseinatzaileek eginiko lanak egongo dira ikusgai. Erakusketa bat inauguratuko da eta, horez gain, lanik onena sarituko dute.

Uztailak 1; 16:00etatik 19:30etara: Jornada Industriarako Diseinu eta aukera berriak

Enpresei zuzendutako topaketa bat da. Txostengile edo hizlarien artean, Carmelo di Bartolok parte hartuko du, FIATeko berrikuntza arduradunak.

Uztailak 2, asteazkena; 09:00etatik 14:30etara: “Cities & Design” bigarren jardunaldiak

Aurten, Britainiako lau hiri gonbidatu dituzte Liverpool, Glasgow, Bristol eta Brighton.

Uztailaren 2tik 6ra: Art T-Shirt Festival (T-Festa)

T-festa arte eta kamiseten plataformak Art T-shirt Festival-en bigarren edizioa egingo du Alhondegian, eta jendaurreko deialdiaren bidez hautatutako artisten lanak jarriko ditu ikusgai. Diseinuak erakusteaz gain, kontzertuak, aurkezpenak eta hezkuntzako tailerrak izango dira, parte hartu nahi duen edonori zuzenduta.