Irailaren 24tik 26ra bitartean mundu osoko 300 aditu inguru bilduko ditu BIA Urban Regeneration Forum nazioarteko biltzar zientifikoak. Hiri bizi, habitagarri, erakargarri eta oparoa lortzeko moduak izango dira eztabaidaren ardatz, hirigintza, arkitektura eta iraunkortasuna zeharkako diziplinatzat hartuz. Adituen artean nabarmen daitezke Tatiana Bilbao eta Miguel Robles Duran arkitekto mexikarrak, Carmen Espegel eta Carlos Ferrater espainiarrak, Adriaan Geuze nederlandarra eta Umberto Napolitano italiarra eta Joan Subirats politologoa:
Tatiana Bilbao (Mexico DF, 1972) zehaztasun geometrikoa eta sentiberatasun soziala uztartzeko gai da. Espazioaren barruan espazioa proiektatzen ari dela jakinik, Bilbao, Tatiana Bilbao S.C. deritzon bere estudioaren osagai sortzaile eta mugikorra da. Lantalde honen ikuspegitik, arkitektura, garrantzi sozial handiko helburu baten inguruan antolatutako eginkizuna da. Gaur egungo beharrizan konplexuak bereiztea da helburu.
Miguel Robles-Duran (Mexico DF) hirigileak New York-eko New School Parsons-eko Hiri-Ekologien Programa zuzentzen du. Genevan (Suitza) lantzen den Civic City diseinu eta ikerketaren arloko graduondoko programako kide seniorra da. Nazioarteko esperientzia zabala du diziplina arteko hiri-proiektuen definizio eta koordinazio teknikoari dagokionez. Berrikitan argitaratu duen Urban Asymmetries: Studies and Projects on Neoliberal Urbanization (Paperback, 2011) delako liburuan, hiri-politika neoliberalek hiriari eragindako ondorio kaltegarriak aztertu ditu.
Carmen Espegel arkitekto, irakasle eta ikertzaileak abiapuntu ugaritatik abiatuta landu du bere lanbidea. Izugarri gustatzen zaio etxebizitza kolektiboa, baita esparru publikoaren definizioa ere. Bata bestearekin lotuta kontzebitzen ditu: hartutako azaleraren balioa, hiru dimentsioko espazioaren potentzialaz biderkatuta. Esparru publiko bertikala da Espegel-Fisac-ek bere ibilbide profesional luzean garatutako kontzeptuetako bat.
Carlos Ferrater (Bartzelona, 1944). Bere lana Bilboko paisaia arkitektoniko eraikiaren osagai bilakatu da. Arkitekto kataluniarrak hiriaren erdigunean gauzatu dituen bi esku-hartzeak –Iberdrola Eraikinaren ondoko Bilbao Design etxebizitza-blokeak– garrantzi handiko mugarriak dira kokatuta dauden eremuan, eta hiri-aurrealdearen itxura taxutzen dute Bilbok kanpora begira erabiltzen dituen osagai garrantzitsuenetako batean: itsasadarrean. Ferrater-ek ordena ezarri du geure hirian proiektatutakoa gauzatzerakoan, bertako tradizioari eutsiz eta hiriaren eta bertako argiaren espirituari jarraituz. OAB arkitektua-estudioaren arduraduna izanik, Tanger-eko (Maroko) itsas-pasealekuaren diseinua lantzen dihardu gaur egun.
Umberto Napolitano, LANen (Local Architecture Network) esentzia Benoit Jallon-ekin batera. Lanbideari eta gizarte osoari eskaintzen dion ikuspegiaren arabera, arkitektura-jarduera diziplinen arteko elkargunea da. Metodologia honek arazo sozialei, hirigintza arlokoei, funtzionalei eta formalei ekiteko aukera errazten dio Parisko estudioari. Bere azken argitalpenetako batean, hiria “esperientzia arkitektonikoaren” abiapuntu eta helmugatzat defendatzen du.
Adriaan Geuze (Dordrecht, Herbehereak, 1960) West 8 bulegoaren bazkide sortzailea da. Bere ikuspegitik, ingurune publikoaren diseinuak kultura, hiri-nortasuna, arkitektura, esparru publikoa eta diseinua dagokion testuinguruan txertatzeko ingeniaritza uztartu behar ditu. Nabarmentzeko modukoa da, ekologia berriak era aktiboan sortzeko prozesuen inguruko ezagutzan egin duen lana, ingurunearen gaineko jarduketei buruz defendatu dituen planteamenduak indartzen dituena, paisaia zaindu eta babesteari dagokionez.
Joan Subirats (Bartzelona 1951) zientzia politikoetako katedradun eta hiri-gobernantzan espezializatutako adituak politika publikoen azterketarekin zerikusia duten alderdiak azalduko ditu. Urtetan Gobernu eta Politika Publikoen Institutu Unibertsitarioko zuzendaria izan da, eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatutako hiri-politikei buruzko proiektuetako bi zuzendu ditu: “Hiri-politikak 2015eko eszenatokian, 30 urteko toki-demokraziaren ondoren” eta “Hiri-politika berriak esploratuz”. Gaur egun, Subirats hirugarren proiektua lantzean ari da, hiri-gobernantzak krisiaren testuinguruan izandako eraldaketei buruzkoa.
Txostenak jasotzeko epea
Antolatzaileek jasotako kontsulta kopuru handiaren aurrean, biltzarrak lanak aurkezteko epea uztailaren 16a arte luzatzea erabaki du “…Hiri bizirantz / …towards living cities/ …hacia una ciudad sana” lemapean, topaketa honek hiri-birsorkuntzako estrategiak eztabaidatzeko maila goreneko foro bihurtuko du Bizkaiko hiriburua. Txosten-proposamenak biltzarreko antolakuntza-taldeari bidali ahal zaizkio biaforum.orgwebgunearen bitartez. Kasu guztietan, manifestuan zehaztutako bederatzi jakintza-arloetako edozeini buruzkoak izan behar dute:
- Esparru publikoa, hiri-birsorkuntzaren eragile.
- Birsorkuntza austeritatearen aroan.
- Hiri-birsorkuntzako lidergoa.
- Hiri-birsorkuntzaren osagai soziologikoak.
- Hezkuntza, garapenaren oinarrizko eragile gisa.
- Top down versus Bottom up.
- Naturalizazioa / hiri-birsorkuntzaren osagai paisajistikoa.
- Teknologia berriak.
- Berrerabiliz birsortzea.