Euskaraz ikustea gustatuko bazitzaidan ere, gaztelerazko bertsioaren estreinaldia zen Barakaldo Antzokiak eskainitakoa: `El amor después del amor´.
Garbi Losadak idatzi eta zuzendutako antzezlana, Dora Salazar artistaren margo lanetan oinarrituta dago. Losadak, Salazarren lanei, bere ikuspuntu propioa emanez antzezlan eder hau plazaratzea lortu du.
Alzheimerrak jota dagoen Aurora pertsonaiak (Ane Gabarain) bizitza guztian isilpean gordetako sekretua aireratzen utziko du. Alaba (Sara Cozar) ordura arte jabetu gabeko amaren sekretuaz ohartaraziko da. Egungo eta iraganeko pasarteen arteko joan-etorriek, Alzheimerraz gaixo dagoen Auroraren antzinako ezkutuko maitalea (Dorleta Urretabizkaia) ezagutzeko aukera eskaintzen dio ikusleari, beno ikusle eta entzuleari, ikuskizuna irudikatzera joan zen itsua ere bazen aretoan, gida txakur eta guzti.
Antzezlanaren elementu garrantzitsuak dira Javier Asinen Musika eta Dora Salazarren eszenografiako lan plastikoak. Dotoreziaz erabilitako eszenografiako elementuek etengabeko koreografiak eratzen dituzte.
Ni neu, maiteminduta, hunkituta eta pozik atera nintzen, pozik itsuaren emozio aurpegia ikustean; pozik, ondoan eserita nuen neska negar-zotinka entzutean; pozik, ederra delako antzezlan batek hainbesteko emozioa eragitea.