2014ko eguneko udalekuen inaugurazioa jaia egin dute Esperantza frontoian

uriola.eus 2014ko uzt. 2a, 10:00
Aurten eskaintza handiagoa egongo dela azaldu dute. Udalekuei ekainaren 23an eman zitzaien hasiera eta iraileko lehenengo astera arte iraungo dute. Aste bakoitzean gai bat izango dute abiapuntu, beti ere itsasoari lotuta.

Esperanzako Frontoian, eguneko udalekuetan parte hartzen ari diren umeekin –aste honetan 576 neskato-mutiko daude-, inaugurazio ekitaldia egin dute gaur goizean. Neptunok, itsasoetako erregeak, aste honetako ardatz nagusiaren pregoia irakurri du: piratak eta kortsarioak. Piraten bizimoduaz gozatzeko gonbitea egin die neskato-mutikoei, itsasoak zeharkatuz, abordajeak eginez edota altxorrak bilatuz.

Eguneko udalekuek astero ardatz edo gai nagusi bat izango dute, betiere itsasoari lotutakoa. Aste honetako protagonistak piratak eta kortsarioak izango dira eta, datozenetan, poloak, bikingoak, espedizioak, tsunamiak, titanic-a, Bermudetako hirukia eta itsasoko munstroak.

Jarduerak adinari egokitzen dira. Esate baterako, asteon 6 eta 7 urtekoak Anne Bonny pirata izango dira; 8 edo 9 urtekoak Henry Morgan kortsarioa eta nagusienak (10 eta 11 urtekoak), Francis Drake kortsarioa. Aurten, aurrenekoz, udalekuak ekaineko azken astean hasi eta iraileko lehenengo astean amaituko dira, oraindik ere umeak oporretan daude eta.

Udalekuen eskaintza linguistikoa eskariaren araberakoa izango da. Iaz ingelesezko udalekuek harrera ona izan zutela ikusita, aurten plaza kopuru bikoitza eskainiko da, 270 hain zuzen ere, guztira. Goizetan ingelesez eta arratsaldetan euskaraz egiteko 1.740 plaza eskaini dira eta arratsaldetan gaztelaniaz egiteko 60 plaza.

Beste alde batetik, aurten aurrenekoz, Bilboko umeek aste batean, bitan edo hirutan parte ahal izango dute, familiei eskaintza nahierara eginez; norbere bizimodua eta lanekoa bateratu ditzaten.

Udalekuetarako 2.070 plaza eskaini dira eta horietako 1.903 bete dira dagoeneko. Eguneko Udalekuetarako programan oraindik hutsik dauden plazen kontsulta egiteko eta izena emateko, deitu telefonoz Euskara, Gazteria eta Kirol Sailera (94.420.42.22 /94 420 43 95/94 420 42 94).

Jarduerak

Egunero-egunero, goizeko lehenengo orduan, jarduera bat egingo dute Lego Serious Play metodologia jarraituta. Era berean, aurreikusita dago astean birritan igerilekuetara joatea eta egunero jarduerak egitea udalekuaren egoitzatik gertu dauden plazetan, parkeetan eta berdeguneetan. Neptunok gaiari lotutako mezua irakurri eta egun horretako jardueren berri emango die egunero.