Beste urte batez operatibo berezia martxan jarriko dute BBK Live jailadirako

uriola.eus 2014ko uzt. 7a, 10:05
Udalak trafiko, segurtasun eta garbiketa operatibo garrantzitsua jarriko du abian, Bilbao BBK Live 2014 berriro ere nazioarteko garrantzia duen ekitaldia izan dadin.

Dena prest dago uztailaren 10ean, 11n eta 12an Kobetamendiko hiri parkeak Bilbao BBK Live jaialdiaren bederatzigarren edizioa hartzeko. Inoiz ez bezalako salmenta arrakastatsua izan ondoren, edizio honek ikusle-errekorra hautsiko du, 120.000 lagunetik gora bilduta. Hori kontuan hartuta, Bilboko Udalak trafiko, segurtasun eta garbiketa operatibo garrantzitsua jarriko du abian, Bilbao BBK Live 2014 berriro ere nazioarteko garrantzia duen ekitaldia izan dadin.

Ildo horretan, Bilboko Udalak jaialdian izango direnen laguntza eskatzen du, eta udaltzainen eta antolakuntzako langileen jarraibideei arreta berezia egiteko galdegin, aurten ere Bilbao BBK Live nazioarteko jaialdi-sareko derrigorrezko hitzordutzat eta punta-puntako kultura eta aisialdi ekitalditzat sendotu dadin.

Pixkanaka-pixkanaka bertaratu eta itxaronaldiak laburtzeko asmoz, Udalak gomendatzen du ahalik eta lasterren hurreratzen joatea. Era berean, gogorarazi nahi du arratsaldeko 16:00etatik aurrera, eta kontzertuek iraungo duten hiru egunetan, antolakuntzak abian jarriko dituen doako autobusek Beyena lantegi zaharraren parean utziko dituztela bidaiariak (jaialdiaren esparrutik 800 bat metrotara). Oinez hamar minutuan egiteko modukoa. Gainera, azken urteotan Kobetamendi inguruan egin diren hobekuntza-lanei esker, oinezkoak errazago iritsi ahal izango dira jaialdi-esparrura. Urtez urte jende gehiagok egiten du aukera horren alde, jende-pilaketak saihesteko modu egokia delako.

Kobetamendirako sarbideak

Ibilgailu pribatuentzako lehenengo mugaketak asteazkenean, hilaren 9an,08:00etan ezarriko dira, eta horrela jarraituko dute hilaren 13ko, igandeko, 16:00ak arte. Hartara, Kobetabidea trafikorako itxita egongo da Basurtu-
Kastrexana errepideko bidegurutzetik Kobetamendiko garagardotegira arte. Segurtasun-arrazoiak direla eta, ekitaldiaren antolakuntzak ibilgailu baimenduei, garraio publikoari eta egoki baimendutako auzokideei baino ez die pasatzen utziko. Horretaz gain, Bilboko Udalak 'Miribilla-Ospitalea' 58. linea indartuko du uztailaren 10ean, 11n eta 12an. Beste hiru autobus ipini eta maiztasuna areagotu du, neguko lanegun bateko ordutegia ezarriz.

BBK Livera joango direnek jaialdi-esparrura heltzeko hainbat aukera izango dituzte:

- Doako autobusa

Bilbao BBK Livera joango direnek 35 lotura-autobus izango dituzte eskura, doan. Ohi den bezala, autobusak BECetik (Barakaldo), Ansioko metroko geralekutik gertu, eta Termibus-San Mamesetik hurbil abiatuko dira. Zehazki, Basurtuko Kaputxinoen kalearen amaieran, BAMI eraikinaren autobusak doan(Ogasuna-EITB) atzeko aldean.

Autobusek etengabeko zerbitzua eskainiko dute hilaren 9ko, asteazkeneko 10:00etatik hilaren 13ko, igandeko 14:00etara arte. Zerbitzuaren maiztasuna aldatu egingo da aurreikusitako eskariaren eta beharrizanen arabera.

Era berean, jaialdiak dirauen egunetan, autobusak San Mamesetik eta BECetik abiatu, eta jaialdiaren sarreratik hurbil dagoen kanpinera bitarteko zerbitzua ere emango dute 08:00etatik 16:00etara. Ordu horretatik aurrera, Bilbotik eta BECetik Kobetamendi ingurura heltzen diren autobusak Beyena lantegi zaharrean geldituko dira, eta bertaratuko direnek 800 metro eskas egin beharko dituzte oinez jaialdi-esparrura heltzeko.

Programatutako kontzertuak amaitzen direnean, lotura-autobusak itzultzeko erabili ahal izango dira. Beyenaren parean dagoen geralekuan, gune hesituan gelditu ahal izango dira, Basurtu-San Mamesera edo BECera eramango dituzten autobusen zain. Kanpinzaleek autobus-zerbitzu etengabea izango dute eguneko 4 orduetan. 16:00etatik aurrera, Beyenatik abiatuko da.

- Metro zerbitzu bereziak

Beste aldetik, Bilboko Metroak zerbitzu berezia eskainiko du hilaren 10ean, ostegunean, Franz Ferdinanden kontzertura joandakoak etxera bueltatzen direnerako, 01:00etatik 03:00etara.

Metro-zerbitzu bereziak San Mamesetik Basaurira joango dira 20 minutuko maiztasunez, eta San Mamesetik eta Ansiotik Kabiezesera eta Plentziara 40 minutuko maiztasunez. Era berean, ostiralean eta larunbatean, Metro Bilbaok gau osoko zerbitzua emango du.

- Taxia

08:00etatik 16:00etara, taxiek bidaiariak jaialdi-esparruaren ingururaino eraman ahal izango dituzte. 16:00etatik aurrera, trafiko-etenak jarritakoan, jaialdi-esparrura joaten diren taxiak Altamiran geldituko dira. Gainera, taxi-geraleku berezia prestatuko da bertan uztailaren 11n, 12an eta 13an.

- Oinezkoentzako sarbidea

Gainera, azken urteotan Kobetamendi inguruan egin diren hobekuntza-lanei esker, oinezkoak errazago iritsi ahal izango dira jaialdi-esparrura. Urtez urte jende gehiagok egiten du aukera horren alde, jende-pilaketak saihesteko modu egokia delako.

Termibus-San Mames inguruan daudenek hiria eta jaialdi-esparrua 25 minutu inguruan lotzen dituen oinezkoentzako sarbidea erabili ahal izango dute. Pasabidea egoki seinaleztatuta egongo da eta honako ibilbidea egingo du Termibusetik Kobetamendira: Termibus - Gurtubai - Montevideo Etorbidea - Basurtobekoa - Bentazaharrako oinezkoentzako pasabidea - Lezeaga - Kobetabidea - Kobetamendi.

- Mugikortasun murriztuko pertsonak

Antolakuntzak mugikortasun urriko pertsonentzako autobus-zerbitzu etengabea eskainiko du Beyena lantegi zaharraren alboko geralekutik jaialdi-esparrura joateko.

Auzokideentzako sarbidea

Zirkulazio-neurriek jaialdira doazenen irisgarritasuna bermatuko dute uneoro, baina Mintegitxueta, Masustegi eta Altamira auzoetako biztanleei ahalik eta kalterik txikiena eraginez. Horretarako, Bilboko Udalak txartel bidez identifikatzeko sistema bat ezarri du.

Halatan, bada, hilaren 9ko, asteazkeneko 08:00etatik hilaren 13ko, igandeko 16:00etara, Kobetabidea itxita egongo da trafiko partikularrerako, Basurtu-Kastrexana errepideko bidegurutzetik hasi eta Garagardotegiraino.

Salbuespen bakarra Kobetako garagardotegiaren alboko baserrietako bizilagunak izango dira, pertsona horiek etxera autoz joateko baimena izango dute eta.

Aparkalekua

Metropoli-eremuaren kanpotik etorrita, autoz jaialdi-esparrura joan nahi duten pertsonek BECeko 2. eta 3. solairuetan berariaz prestatutako aparkalekua erabili ahal izango dute. Erabiltzaileek 2.700 aparkaleku izango dituzte estalpean eta zaintzapean, hilaren 9ko, asteazkeneko 12:00etatik hilaren 13ko, igandeko 18:00etara. Aparkaleku horretan sartzen den bakoitzean 7 € ordainduko dira. Era berean, doako autobusak irtengo dira BECeko metro-sarreratik.

Autokarabanetarako behin behineko aparkalekua Botika Zaharrean

Kobetamendin autokarabanak hartzeko udal area itxita egongo da ekainaren 30etik uztailaren 17ra, Bilbao BBK Liveko kontzertuetan behar izango diren ibilgailuak eta gainerako tresnak gorde ahal izateko.

Eremu hori itxita egongo denez, Bilboko Udalak egun horietan ordezko doako aparkaleku-zerbitzua egokitu du Deustuko kanalaren eskuinaldean (Zarandoa Etorbidea, 9/21, Agemasa sailak), autokarabanazaleek bertan aparkatu ahal izateko. Aparkalekuan gutxi gorabehera 60 leku egongo dira. Behin behineko aparkaleku horretatik Bilboko erdigunera garraio publiko bidez joateko aukera dago, dela metroan (San Inazioko geltokia), dela autobusez (Bilbobusen 10., 13., 18. eta 71. lineak).

Kanpalekuak eta agertokiak

Bilbao BBK Liveko kanpaleku-eremua jaialdi-esparrutik 3 kilometro eskasera dago eta Bilboko aisialdi-eremu handienetakoa da. Berdegune natural eta zabala da, zuhaitzekin, 120.000 metro koadro ingurukoa eta 15.000 pertsona inguru hartzeko ahalmena duena. Kanpinak behar dituen zerbitzu guztiak daude: ura, dutxak, supermerkatua, txarteldegiak eta jatetxe-gunea. Hilaren 9ko, asteazkeneko 12:00etan irekiko da, eta hilaren 13ko, igandeko 12:00etan itxi.

Bilbao BBK Live 14ko sarrerak kanpaleku-eskubidearekin erosiz gero kokatu ahal izango da bertan, aipaturiko daten artean edozein momentutan, betiere eskumuturreko egokia erabilita.

Bilboko Udalak gogorarazten du egokitutako gunean baino ezin dela kanpatu. Janaria eta edaria eraman ahal izango da baina, segurtasun-arrazoiak direla eta, ezin da surik egin. Era berean, kanpinetik jaialdi-esparrura joateko eta itzultzeko 24 orduko doako autobus-zerbitzua erabiltzea gomendatzen da, batez ere gauean.

Bilbao BBK Livek Yourope (The European Festival Association) Elkarteak ematen duen Green ‘n’ Clean egiaztagiria jaso zuen, eta aurten ere ingurumenarekiko arduraren eta konpromisoaren aldeko apustuari eutsi nahi dio. Horregatik, zaborrontziak eta instalazio osoa egoki erabiltzeko erregutzen zaie kanpinzaleei.

Operatiboaren zenbait azalpen iruditan hemen.