uriola.eus

Kalealdiak 24.500 ikusle erakarri ditu aurten

  Kultura-aisialdia  Bilbo
Uztailaren 1etik 5era bitartean egin den Bilboko Kalealdia Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiaren XV. edizioak 24.500 pertsona inguru erakarri ditu, aurreko urtean baino %10 gehiago.

Jendearen parte-hartze handia eta ikuskizunen aniztasuna eta kalitatea izan dira Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak balantzea egiterakoan nabarmendu dituen alderdi nagusiak.

Bilboko Kalealdiaren aurtengo edizioko programazioak –Ibon Areso alkatea tarteko zela inauguratu zen– jende-kopuru handia izan erakarri du ikuskizunik gehienetan. Batez besteko kalitate-maila handia eta genero eta formatu aniztasun zabala izan dira zirku-emanaldiak, dantza, mimoa, clowna, malabarismoa, performance artistikoak eta abar uztartu dituen ziklo honen ezaugarri nagusiak.

Arriaga Antzokiaren alboko aldean eta Areatzako karpan ezarritako eszenatoki berriak izan dira aurtengo berrikuntzarik aipagarrienetakoak. Lekuaren tamainagatik jende-kopuru mugatua hartu duen karpako formatu berriaren arrakastari erreparatuta, antolatzaileek, datorren urtean Etxebarria Parkera eraman eta aforoa handitzeko aukera aztertzeari ekin diote.

Ikuspuntu artistikotik, Bilbon 1989an sortutako Hortzmuga antzerki-konpainia beteranoaren muntaia berriaren estreinaldia izan da jaialdiaren XV. edizio amaitu berriaren osagairik nabarmenenetakoa. “Nola” Arriaga Antzokiaren alboko aldean aurkeztu zen barikuan eta zapatuan, uztailak 4 eta 5, eta konpainiak berak azaldu duenez, bi orduko antzezpen hau “pertsonen barne-munduen mundua da, desberdina izatea arrunta den mundua, istorio bat kontatzeko bestelako mundua”.

Jende gehien erakarri duten ikuskizunen artean, La Salamandre konpainia frantziarrak musika, dantza eta suaren erabilera konbinatuz Arriaga plazan eskaini zuen muntaia ikusgarria aipatu behar da. Sacekripa talde frantziarrak umorea eta fantasia batuz osatu zuen “Marée Basse” lanak ere Areatzako karpa goraino betetzea lortu zuen bertan eskainitako sei saioetan, eta La Mini Compagnie-ko artista frantziarrek ere jendetza ederra erakarri zuen “Enivrez-vous!” zirku eta musika ikuskizunari esker. Naoto Okada japoniarra dugu aurten nabarmendu diren artistetako bat, yo-yoarekin frogatu zuen birtuosismoagatik, bai eta Pirinioetako Zirkuaren Galaren barruan taularatu zen Laos bikote akrobatiko argentinarra ere. Kukai Dantza Konpainiaren “Gelajauziak” koreografiak, halaber, publikoaren atxikimendua lortu du Bilboko Kalealdiaren XV. edizio honetan.

Jaialdia Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu du, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Metro Bilbao eta Institutu Frantsesaren lankidetzaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa