“Kontuz, zure ahoak minbizia ekiditen du" da aurten aukeratutako lema. Ibilaldiaren bidez herritarrak sentsibilizatzeko asmoa dago, hain zuzen, ahoko minbizia prebenitzea eta goiz detektatzea zein garrantzitsuak diren jabearazteko. Gaitz honek Euskadin gizonezkoen artean du intzidentziarik handiena. Euskadin, 100.000 gizonezkoen artetik 20k izaten dute gaitza eta, batez ere, tabakoari eta alkoholari lotuta dago.
Ibilaldia jende guztiarentzat da; eskola-umeetatik hasi eta adineko pertsonetaraino, guztiek har dezakete parte, hala nahi izanez gero. Antolatzaileek gaia gizarteratu nahi dute, eta ahoko minbiziaren gaira arreta zuzendu. Gauzak horrela, partaidetza zenbat eta handiagoa izan, hobe.
Uztailaren 12an, larunbata, izango da ibilaldia, uztailaren 10ean eta 11n Bilbon Ahoko Minbiziaren arloko Aurrerapenei buruzko V. Sinposiuma egingo delako. Sinposiumean mundu zabaleko herrialde askotako espezialistak bilduko dira, gaixotasun honen diagnostikoan, tratamenduan eta prebentzioan dauden aurrerapenak aztertzeko. Ibilaldi herrikoiak amaiera emango die ahoko minbiziari buruzko jardunaldiei.
Itsasadarraren ondotik
Itsasadarren ondoan bost kilometroko zirkuitua egongo da. Euskal Herriko Unibertsitateko paraninfotik (Bizkaia aretoa) abiatuko da martxa eta, Euskalduna zubia gurutzatu ondoren, Unibertsitateen etorbidetik eta Campo Volantinetik pasatuko da. Udaletxearen parean, zubia gurutzatu eta Abandoibarratik abiatuko dira ibilaldiko partaideak. Hortik, Uribitarteko pasealekura, irteera izandako leku berean izango baita helmuga; hau da, EHUren paraninfoan. Ibilbidean zehar, postu batzuk egongo dira ahoko minbiziari eta gaixotasunari aurrea hartzeari buruzko informazioa emateko.
Ahoko minbiziaz
Erikortasun handia eta pronostiko txarra dira gaixotasun honen ezaugarri nagusiak. Hilkortasun-tasa 5 urteko epean % 50ekoa da. Horregatik da hain garrantzitsua goiz detektatzea, gaixoak bizirauteko. Patologia txar honen genesian, azken urteotan ikusi ahal izan denez, badira zenbait faktore. Hala ere, oinarrizko lau zutabeetako prebentzioa nahitaezkoa da; hau da, toxikoak (alkohola, tabakoa) ez kontsumitzea, dieta osasungarria, hidratazio egokia eta ahoko higiene onarekin batera ahoko osasunaren kontrol ona.