Bilbao Live, jaialdi bat hamaika kantutan

Anartz Bilbao 2014ko uzt. 11a, 10:01

Eguraldiak baino jaialdien ugaritzeak dakar uda gurean, musikari (eta batez ere jazzari)  dagokionez. Eta behin Lekorneko Euskal Herria Zuzenean aitzindaria -hogei urte betetzear da!- zein Azkena Rock atzean utzita -gitarren jaialdia da Gasteizkoa, rockari guztiz emana-, jaialditzarretan erraldoienaren ordua da, Bilbao Live jaialdia hasi baita.

Gero soinuz anitzagoak diren Gasteiz eta Donostiako jazzaldiak izango ditugu uztaila bukatu baino lehen -Getxokoa publiko arrakasta handiz itxi berria da-, eta naturgiroa nahiago nahi duenak, Pirineos Sur du aukera lasai eta bikaina, Huescako Pirinioetan ospatu arren kasik etxekoa duguna, bertaratzen direnen lautik bat euskalherritarra izaten baita.

Azpiko zuloan duen hiri-metaren ikusmira ederra duen Kobetamendiko tontorra bederatzigarrenez hartzen ari da Bilbao Live arrakastatsua, BBK aurrezki kutxa zenaren izena daramana. Zuzeneko musika industrian eta, jaialditzarrak antolatzen, maisua da besteak beste Gasteizko Azkena Rock festibalaz ere arduratzen den Last Tour promotora.

Arrakastatsua bai, jai ereduak eztabaidarako ematen badu ere, zalearen aldetik erantzun sutsua jasotzen du-eta. Eskaintza, berrogeita hamar eurotik gora jardun bakarreko sarrera, ehun euro bueltakoa hiru egunetakoa; erantzuna: sarrera guztiak agortuta. Kasu! Birsalmentaren eromenezko neurriak direla-eta, beste 500 bono jarri dira salgai.

Antolakuntzak 40.000 lagunetan jarri du Kobetamendiko zelaiek eguneko jaso dezaketen muga eta, hartara, bilanean Bilbao Live jaialdira 120.000 zale gerturatu direla adieraziko da. Paradoxikoki, egungo musikagintzari askoz arreta gehiago jartzen dieten festibalen ondoan, Bartzelonako Primavera Sound, esaterako, pop-rock munduan eskarmentu handia duten izenekin erantzun izan die beti Bilboko jaialdiak -elektronikari ere dezenteko tartea egin ohi dio-, dinosaurio deitu izan zaienekin: The Cure, Police, R.E.M. edo Depeche Mode. Eta paradoxikoki, bizi dugun milurteko berrian sortutako bi talderekin lortu du inoizko jendetza bertaratzea, Franz Ferdinand eta, batez ere The Black Keys bikotearekin. Hogeita bost urteko ibilbidea betetzear den The Prodigy da hirugarren afixa burua -2008ko jaialdian egona da-, beste biak baino askosaz apalagoa. The Black Keysen agerpena baino lehen, Metallica zen erakarpen indarrik handiena erakutsia zuen taldea.

Jaialdiak eguneko hamabi orduko musika erakustaldia eskaitzen du, etenik gabe errenkadan, taldeak txandaka eta, batzuetan, bata bestearen gainetik direla -bi oholtza nagusi eta hiru txikiago dira aurten-. Guk gure aldetik, honakoa da hemen luzatzen dugun proposamena; Bilbao Live 2014ko laburpena egitea bertan izango diren hamaika talderen hamaika hit pantailaratuta.

Hiru afixa buru edo talde nagusiekin hasiko gara, baina hauen hit esanguratsuenak baztertu egingo ditugu, guztiok ezagutzen ditugulakoan: The Black Keysen Lonely boy, Franz Ferdinanden Take me Out eta The Prodigyren Smack my Bitch Up.

The Black Keys, El Camino diskoak duen disdirarekin sold out txartela eskegitzearen arduradun nagusiak dira, eta milaka zale izango dira Lonely Boy kanta entzuteko asmo bakarrarekin Kobetamendira igoko direnak. Ohioko taldeak Turn Blue lan berria aurkeztera dator Bilbora, kritikarien ustez aurrekoarekin alderatuta ez hain zuzena, su geldotan dastatu beharrekoa. Dan Auerbach eta Patrick Carneyk, atzerago  eginda, 2010eko Brothers diskoa dute baina musika munduaren arreta bereganatu zuena, Tighten Up kantuari esker batez ere.

The Black Keysekin batera jaialdiko afixa buru dugu Franz Ferdinand. Milurtekoarekin batera Glasgown sortutako talde eskoziarrak Austriako artxiduke Frantzisko Ferdinaldori zor dio izena, orain ehun urte, 1914ko ekainaren 28an Sarajevon erahil zutena, Lehen Mundu Gerrako hasieratzat hartzen den gertakaria. Laukoteak agudo lortu zuen arrakasta, orain hamar urteko debut homonimoak gordetzen zuen Take me Out erabateko hit-ari esker. You Could Have It So Much Better bigarren laneko Do you Want To singleak berretsi zuen eskoziarrek jendearengana heltzeko zuten erraztasuna. Ondotik 2009ko Tonight: Franz Ferdinand eta iazko Right Thoughts, Right Words, Right Action lanak etorri ziren; azken honetako Evil Eye da Alex Kapranosen ahotsean entzun duguna.

The Prodigy britainiar hirukotea Kobetamendin izana da 2008an. Jaialdiak musika elektronikoari dezenteko tartea egiten dionaren erakusle, 25 urte betetzear den Liam Howletten talde britaniarra dugu hirugarren afixa burua, guztietan eskarmentu handiena duena eta mundu mailako sona 1997ko Fat of the Land lanarekin lortu zuena; The Prodigyren beat big soinuaren ikurtzat har ditzakegun Smack My Bitch Up eta Breathe kantak. Guk hona dakarguna ordea 1992ko Experience debut laneko Out of Space da, Max Romeoren Chase the Devil sampleatzen duena, Lee Scratch Perryk ekoiztu zuen reggae doinu jada klasikoa.

Bilbao Live jaialdiak atzo abiatu zuen festa 17.30ean Future of the Left galestarren jardunarekin; eta zapatu goizaldeko hirurak bueltan itxiko ditu oholtza nagusiak MGMT kaliforniarren soinuekin -egunak argitu arte disko jartzaileak izango dira gero plateretan-. Britainiarrak eta estatubatuarrak, ingelesa nagusi -kasik erabateko- den festibalean.

Euskal taldeei dagokionez, gutxi dira Kobetamendin izango direnak eta, gainera, gehienek ingelesez kantatzen dute. DJak landa utzita, Eskean Kristö boskoteak atzo eguena 17.40ean jo zuen, Banden Lehian gailendu eta gero. Mikel Izal irunearrak gidatzen duen Izal taldeak gaur 21.00etan eta El Columpio Asesino nafarrek ere, goizeko ordu biak bueltan. Zapatuan, bukatzeko, bizkaitar talde biren txanda izango da. Errekalde auzoko Smoke Idolsek Gaztea Maketa Lehiaketan gailendu eta Bilbao Liven jotzeko aukera erdietsi du, bere garaian Belako mungiarrek egin zuten moduan. Bilbotarrek 17.30ean joko dute jaialdiko azken egunean; gora eta gora doan Belakok 19.00etan. Gainera, atzo eguena, goizaldeko ordu biak baino lehen, Crystal Fighters izan da oholtza gainean. Izatez Londonekoa da taldea, baina erroak nafarroan ei dituzte eta, etxekotzat hartuko ditugu.

Gutxi hauen artean, hiru kanta eder hautatu ditugu, Belako mungiarren Southern Sea (Beautiful World) eta debut lana eman berri duten Smoke Idolsen Come Clean eta, Bilbao Live hamaika hit-en bitartez ezagutuko genuela esanda, El Columpio Asesino ere jaialdian jotzekoa denez, Toro ezinbestekoa, egungo disko jartzaileen kanta kuttunenetakoa. Talde nafarrak Ballenas muertas en San Sebastian izenburu ezin poetikoagoa duen lana argitaratu berri du, eta bertako lehen single Babel ere bide beretik dator.

Bilboko Errekalde auzoko Smoke Idols taldeak Gazteako maketa lehiaketa irabazita erdietsi du Bilbao Live jaialdian jotzeko aukera, orain bi urte Belako egin zuten antzera. Lan homonimoa argitaratu berritan, Come Clean du lehen singlea Alvaro Macua, Gonzalo Ruiz, Txufo Wilson, Imanol eta Victor Fortesen taldeak. Bestalde, Belako gora eta gora doa abiadura bizian. Azken bi urteak jaialdiz jaialdi ibili eta gero Ep baterako kanta berriak aurkeztu izan dituzte han hemenka, baina guk Eurie lehen laneko Mundu zoragarria pantailaratuko dizuegu.

Kontuak kontu, kanpora begira eratutako jaialdia da Bilbao Live, oholtzei begira batik bat, nazioarteko soinuak gurean entzutea baitu helburu; baina baita publikoari dagokionean ere, gero eta gehiago. Urte asko dira australiar gazteei bidaia agentzietan San Ferminak eta euskal  kostaldeko surf aukerak eskaintzen zaizkiela eta, urte batzuetatik hona, britainiar gazteei zabaldu egin zaie aukera: San Ferminak Iruñean, surf aukerak Zarautz eta inguruetan eta pop-rock doinuak Bilboko tontorrean. Running bulls festival deitzen diote eta “bi jaialdi batean!” esanda iragartzen dute. Kasu testuari: “Rock your socks off at BBK with Stoke, & continue the party at our Festival campsite with unlimited drinks, option to surf, hang out at the beach & run with the bulls. 2 festivals in one”.

Hurrengo hiru kantak erabateko hit-ak dira, zaleari belarrira derrepente jotzeko modukoak, taldeak ez ezagututa ere. Bata Coloradoko The Lumineers hirukoteari 2012an lehen diskoa plazaratu aurretik arrakasta ekarri zion Ho Hey dugu, indie folk akustikoan joa.

Connecticuteko MGMT estatubatuarrek, Benjamin Goldwasser eta Andrew VanWyngardenek, hirugarren lan homonimoa aurkeztu berri dute, baina 2008ko debut lanarekin jo zuten gailurra, Oracular Spectacular lanak gordetzen zituen Kids eta entzungai jarriko dugun Time to Pretend kantei esker.

Hercules and Love Affair New York hiriko Andy Butler disko jartzailearen egitasmoa da. Dagoeneko hiru lan argitaratu dituzte; aurten bertan azkena, The Feast of the Broken Heart. Eta bertako Be with you doan eskuratzeko aukera du zaleak, taldearen web atarian sartuta. 2008an, Blind kantatzarra argitaratu zuten, ahotsean eta kolaboratzaile gisa Antony & the Johnsons taldeko Antony Hegarty kantari zutela.

Afixa buruen hiru kanta, hiru euskal talderen bana eta beste hiru hit Kobetamendin entzun ahal izango direnak, bederatzi. Hamaikara heltzeko, bi baino ez zaizkigu falta, lehen aipatu dugun Crystal Fightersena bata, Love is All I Got alai eta dantzagarria. Azaletan Mieloxin erabili eta Zugarramurdiko koban rave-ak egiteaz gain, folk eta elektronika nahasketa uztargaitza egiten dute besteak beste txalaparta jota.

Eta bukatzeko, Band Of Horses dotoreen The Funeral bestea, goibel eta akituta bukatu ohi baitu zaleak Kobetamendiko festa.

Ugaritasuna adierazten duen zenbaki magikoa  izateagatik hamaika hit aurkeztu ditugu; izan zitezkeen baina askoz gehiago ere: Jack Johnsonen Better Together, Phoenixen Entertainment, Foster The Peopleren Pumped up Kicks, Los Enemigosen Septiembre...

Nolanahi dela, Kobetamendirako aukera edo planik ez eta jaialdiaren berri izan nahi baduzu, Bilbao Livek baditu bere Twitter kontuak -eleanitza da gainera- hizkuntza “nagusietan”: Ingelesez, frantsesez, gazteleraz eta... (errepasatu ditzagun berriro): ingelesez, frantsesez eta... gazteleraz. Zerbait faltan somatzen al duzu bada?

[2014/07/10] Bilbao BBK Livek gaur emango dio hasiera hiru eguneko jaialdiari