Umeek Zaparrada konpartsan izena emateko aukera daukate

uriola.eus 2014ko uzt. 11a, 09:59

Konpartsa berri bat egongo da aurtengo Aste Nagusian, Bilboko eta Bizkaiko haurrentzako konpartsa hain zuzen ere, Zaparrada konpartsa. Dagoeneko, haurrek izena emateko aukera daukate, konpartsakide egiteko aukera.

Aste Nagusian zein urteko beste une garrantzitsuenetarako, haur konpartsa antolatzen ari dira Algara konpartsaren magalean. Jaiak guztionak direnez, haurrei espazio eta protagonismo berezia emateko asmoz, eta haurrak giro euskaldun batean murgilduz ondo pasatzeko helburuarekin abiatu da Zaparrada.

Gauzak horrela, Aste Nagusirako berezko programazioa antolatu dute; ipuinak, antzerkia, kalejirak, tailerrak, `Sudur gorrien festa´ edota disko festa, besteak beste. Gainera, haurren pertsonaia gustokoenek bisitak egingo dituzte haur gunera aste osoan zehar; Ane Monna, Oskola, Karramarroi, Maddi pirata edota Pello pirata.

Dagoeneko, izena emateko aukera daukate haurrek eta horrela, konpartsakide bihurtzekoa. Izen abizena, gurasoen izenak, telefono bat eta emaila bidali beharko dituzte, umegunea@gmail.com helbide elektronikora edota Kafe Antzokia, Done Bikendi kalea 2-4, 48001 helbidera.