Bilboko Liburutegi Digitaleko agiriak, Europeana atarian ere aurki daitezke jada. Europeana atariak Europako liburutegi, artxibo eta museoetako funts digitalizatuen erreferentziak jasotzen ditu, informazioa bilatzea eta agiri digitalak eskuratzea errazteko asmoz. Une honetan funts zaharreko eta Bilbori buruzko funtseko 180 liburu, Juan Crisóstomo de Arriaga musikari bilbotarraren 32 partitura eta Bilboko aldizkarien 4 titulu daude.
Europeana erabilita, Bilboko Liburutegi Digitala denik ere ez dakitenek, edozein lekutatik bilatzen ari direnaren erreferentziak aurkitzeko eta gordetegiko agiri digitala eskuratzeko aukera dute.
Bilboko Liburutegi Digitala duela urtebete pasatxo hasi zen helburu hauekin:
- Liburutegiko ondare bibliografikoari zabalkunde handiagoa ematea.
- Udalaren gordetegi tematikoa izatea, Bilbori buruzko informazioa jaso eta eskuratu ahal izateko.
- Liburutegia eta toki mailako funtsak ezagutaraztea, Europeana atariaren bidez eskuragarri jarrita.
- Dagoeneko Europeana atarian dagoen funtsaz gain, BLDk Bilbao Udal Aldizkariko eta Pérgola bere kultur gehigarriko 16.000 artikulu inguru eskaintzen ditu.
Bilbao Aldizkaria udalaren hileroko argitalpena da, Bilbori buruzko albisteak biltzen dituena, hainbat gairi buruz: udalaren eguneroko gaiak, auzoak, elkarteak, historia, artea, ekonomia, kirolak, kontsumoa, osasuna eta, jakina, baita kultura ere.
Bilbao Aldizkarian 2003tik 2014ra arte argitaratutako artikuluak gehitu dira gordetegira eta horri esker, jende gehiagorengana iritsiko da. Era berean, ikertzaileentzat eta Bilboko eguneroko gaiak eta historia ezagutu nahi dutenentzat ere erabilgarria da.
Agiri digitalen bilduma handitzen joango da apurka-apurka, funts zaharreko lanak eta, batez ere, Bilbori buruzko funtseko lanak sartuko baitira.