Udan hidratatuta egoteko aholkuak eman ditu Udalak

uriola.eus 2014ko uzt. 14a, 07:50

Udan hidratatuta egoteko eta urteko denboraldi bero hau era osasuntsuan bizitzeko gomendioak eman ditu gaur goizean, Mario Gomez, Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko Zinegotzi Ordezkariak, Bilboko Mina Jatetxeko Alvaro Garrido eta Lara Martin sukaldariekin batera.

Aurten ere, lehen beroak heltzean, Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak gorputza ondo hidratatuta edukitzearen garrantzia azpimarratu du eta horretarako, sasoiko fruta freskoa jatea ezin hobea dela gogorarazi die hiritarrei, Erriberako Merkatuan egindako agerraldian.

Bero egiten duenean, aire zabalean jarduera fisikoak eginez gero, galdutako likidoak gorputzari berriro emateko behar handiagoa egoten da; beraz, nahiz eta egarri ez izan, ohi baino likido gehiago edan behar dugula azaldu du Mario Gomezek; ariketa egiten hasi aurretik, egin bitartean eta amaitu ondoren edatea komeni dela hain zuzen ere.

Gomezek esan bezala, ez da ahaztu behar egun beroenetan ez dela komeni jatordu oparoak egitea; ostera, sasoiko frutak, barazkiak eta ortuariak jatea da egokiena, ondo hidratatuta egoten eta izerdia botatzean galtzen diren gatz mineralak berreskuratzen laguntzen dutelako. Umeek eta adinekoek arreta berezia behar dute. Zehatzago, eguzkitik eta leku beroetatik babestuta egon behar dira, eta sarritan edan behar dituzte likidoak eta edari freskoak.

Animaliek ere sarriagotan edan behar dute eta eguerdi aldean eta bero gehien egiten duen orduetan espazio lehor eta freskoan atsedena hartzea komeni zaie.

Sasoiko fruta eta barazkiak

Udako klimak merkatuan fruta eta barazki asko egotea dakar. Horiek izan daitezke dieta osasungarria eta orekatua izateko oinarria, dentsitate energetiko urrikoak eta ur eta substantzia antioxidatzaile asko dituztelako. Gauzak horrela, egunean hiru pieza fruta eta pieza bi edo gehiago barazki eta ortuari jatea gomendatzen dute adituek.

Frutak oso egokiak dira hidratazioari begira eta bitamina, mineral eta substantzia antioxidatzaile askoren ekarpena egiten digutela gogorarazi du Gomezek. Gainera, beltzaran kolorea lortzeko prozesuan lagungarriak dira eta erradikal askeei zein izpi ultramoreei aurre egiteko ere bai. Beraz, "uda honetan, osorik edo zatituta, berez edo entsaladetan edo mazedonietan…, gosarian, bazkarian, afarian edo otorduen artean, sasoiko fruta ugari daukagu gozatzeko: albertxikoak, uztapikuak, gereziak, okaranak, pikuak, melokotoiak, meloiak, nektarinak, madariak, sandiak eta beste asko".

Elikagaiak ondo kontserbatzea

Beste alde batetik azaldu dute, oso garrantzitsua dela elikagaiak ahalik eta denborarik laburrena egotea giro‑tenperaturan. Izan ere, udako tenperaturekin mikroorganismoak oso azkar hazten baitira. Era berean, beroarekiko oso sentiberak diren elikagaiei dagokienez, hotz-kateari eustea eta prestatutako edo berotutako elikagaien tenperatura modu egokian kontrolatzea oso garrantzitsua da. Zalantzak edukiz gero, hobe da susmagarria den edozein elikagai ez jatea. Prestatu diren elikagaiak hotzetan gorde behar dira, ez baditugu berehala kontsumituko.

Sasoiko fruta eta barazki freskoak eta hidratazio egokia batetik, eta, bestetik, eguzkitarako krema, eguzkitarako betaurrekoak eta kapela dira udan nahitaez erabili beharrekoak, Udalaren esanetan.

Gomendioak

1.- Murriztu eguzkitan egoteko denbora

Murriztu eguzkitan egongo zaren denbora, azalak jasotzen duen kaltea pilatu egiten baita. Izpi ultramoreen azpian gehiegi egoteak epe luzaroan ekar ditzake ondorioak, adibidez azala behar baino lehen zahartzea (orbanekin eta zimurrekin), bai eta azaleko minbizia ere.

Ez da gomendagarria egunean ordubete baino gehiago eguzkitan egotea eta hondartzan egun osoan egongo bazara, kamisetak eta kapelak erabili babesteko.

2.- Erabili eguzkitik babesteko kremak

Beti erabili behar dira. Eguzki-babesaren Faktorea aukeratzeko, azal mota eta azal horrek eguzkitan egon ondoren daukan erantzuna aztertu behar dira. Eguzkitan jarri baio 30 minutu lehenago eman behar da krema, modu uniformean eta gorputz osoan. Aholku ona da etxean ematea, hondartzara edo igerilekura joan baino lehen.

Aukeratutako eguzki-babessaren faktorea edo azal mota alde batera utzita, krema ordu bitik behin eman behar da, bai eta luzaroan bainatu ondoren ere.

Umeei dagokienez, fotobabesaz gain, kontuan izan behar da 6 hilabetetik beherako umetxoak ez direla eguzkitan jarri behar; urte bi eduki arte eguerdiko orduak saihestu behar dira. Beste alde batetik, ez ahaztu inoiz umeei ur asko ematea.

3.- Begiak ere babestu egin behar dira

Izpi ultramoreen (UV) aurkako iragazkiak dauzkaten betaurrekoak eta hegal zabaleko kapelak erabiltzea gomendatzen da.

Ikusmena asko kaltetu daiteke eguzkitan luzaroan egoteagatik, korneako lesioak eta beste lesio handiagoak sor ditzakeelako.

4.- Babestu tenperatura altuetatik

Gorputzaren tenperatura azalak transpiratzeko dauzkan mekanismoei esker mantendu ohi da; hala ere, luzaroan tenperatura altuetan egonez gero, batez ere giro hezeetan eta haizerik ez dagoenean, kontrolerako mekanismo horiek huts egin dezakete eta intsolazioa gerta daiteke.
Umeak, adineko pertsonak eta pertsona lodiak dira intsolazioa jasateko joera daukatenak. Hortaz, oso garrantzitsua da gehiegizko beroa saihestea eta ur asko edatea.

Intsolazioa gertatzen denean, azala beroa eta oso lehor egongo da, gorputzaren tenperatura igo egingo da, bihotzaren erritmoa igo egingo da, eta buruko mina agertuko da; baliteke kontzientzia-maila ere aldatzea. Sintoma horiek agertzen badira, ezinbestekoa da mediku baten laguntza eskatzea eta, bitartean, biktima gerizpetan jartzea, aireztapen onarekin, zapi hezeak jartzea bere gainetan eta edaten ematea, ez badu konortea galdu.

5.- Ariketa fisikoa neurrian egin

Ariketa fisikoa beti da gomendagarria baina sasoi honetan ez da komenigarria oso ariketa indartsuak egitea, izerdi asko ematen delako eta ura galtzen delako; horrek ahultasuna eta muskuluetako karranpak eragin ditzake (gatz mineralak galtzen direlako). Sintoma horiek agertzen badira atseden hartu eta ura edan behar da (urari koilaratxokada bat gatz botako zaio litro bakoitzeko).

60 minutu baino gehiago egon bagara ariketa egiten, gomendagarria da ur-kantitate txikiak (150 cc) edatea 15 minuturo, deshidratazioa saihesteko. Urak glukosa badauka (25 gramo glukosa litro bakoitzean) glukogenoaren erreserbak ez dira hain arin gutxituko eta nekea ez da hain handia izango.

6.- Higienea

Gomendagarria da dutxa hartzea itsasoan bainatu ondoren, azalean geratzen den gatza oso gogorra bainta. Gauza bera egin behar da igerilekuetan, kloroa kentzeko.
Igerilekuetan derrigorrezkoa da dutxa bainatu aurretik hartzea. Txanoarekin bainatu behar da.
Oinetako hezetasuna eta mazerazioa saihestu behar da eta txankletak erabili behar dira “atletaren oina” bezalako lesiorik ez edukitzeko.

7.- Prebenitu istripuak

Hondartzan kasu egin behar zaie banderen seinaleei eta itsasertzeko lerrotik gertu bainatu behar da, korronteetan sartu barik.

Ez da murgilketa zakarrik egin behar giroko tenperaturaren eta uraren tenperaturaren artean alde handia dagoenean, digestio-etendurarik ez izateko. Uraren tenperaturara apurka‑apurka egokitu behar da.

Igerilekuetan, lekurik arriskutsuenak igerilekuaren inguruko perimetroa, zintarriak eta zokaloak, tranpolinak eta igerilekuaren hondoko eskailerak dira. Beraz, arreta handiz jokatuko dugu horiek erabiltzen ditugunean. Adingabeko guztiekin heldu bat egongo da igerilekuaren esparruan.

Gune goratuetatik murgiltzen bagara ere kontu handiz ibiliko gara, traumatismo larriak eragin daitezkeelako.

Azkenik, ezin da pertsona bat utzi (are gutxiago umea edo adinekoa bada) eguzkitan dagoen ibilgailu baten barruan.

8.- Bidaiak

Gaixotasun kutsakorrak hartzeko arriskua dagoen herrialdeetara joango diren pertsonek informazio egokia bilatu behar dute neurri higienikoei eta txertoei buruz, bisitatuko duten lekuaren eta baldintza pertsonalen arabera.