Manuel Casellasen erakusketa gaur abiatuko da Michel Mejuto galerian

uriola.eus 2014ko uzt. 15a, 09:00

Bilbao Arteko 2014ko artista egoiliarra izan den Manuel Casellasek erakusketa aurkeztuko du gaurtik hasita, Michel Mejuto galerian. Erakusketa "Oporrengatik irekita" programaren barne dago eta aurtengoa XI. edizioa da.

Manuel Casellasen erakusketa uztaila eta abuztua bitartean ikusgai egongo da Juan de Ajuriagerran dagoen Muchel Mejuto galerian. Ordutegi zabala eskainiko du. Uztailean irekita egongo da astelehenetik ostiralera 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etatik 21:00etara eta abuztuan aldiz, erakuslehioan ikusi daiteke.

Mugako esperimentua

Manuel Casellasek izaera desberdineko bi lan bateratu ditu: "Experimento Límite" (Mugako Esperimentua) eta "Obsolescencia programada" (Obsoleszentzia programatua). Bost urteko aldearekin egin baditu ere, espazioa sortzeko moduei eta horren mugei buruzko jakinahi berbera dute ardatz. Oraingo honetan ikusgai izango den lan esperimentalean, argazkigintza, arkitekturaren iruditik espazio berri bat eraikitzeko ahaleginera egokituko da. Lan horiekin batera, egungo testuinguruaren muga estrukturalak arakatzeko proiektu berriago baten emaitzak ere bildu dira erakusketa honetarako.

Manuel Casellas Arte Ederretan Lizentziatua da Sevillako Unibertsitatean eta Eskultura eta Historiako doktoratua egiten ari da unibertsitate horretan. Hainbat erakusketa egin ditu, hala kolektiboak nola indibidualak Granadan, Huelvan, Murcian, Venecian, Sevillan, Avilan, Bilbon etabar.