Bilbok Ruta BBVA hartu du gaur

uriola.eus 2014ko uzt. 15a, 11:37

Ruta BBVAren 29. edizioa osatzen duten gazteak Bilbora heldu dira gaur. Ekintza-programa zabala jarraituko dute eta, haren bidez, Bilboko kultura, gastronomia eta historia ezagutzeko aukera izango dute.

BBVAren 2014ko Ibilbidearen Bilboko espedizioa goizeko 10:00etan hasi da, Bilboko Alondegian egin zaien harreraren bitartez. Goizeko 11:00etan, Ibon Areso Bilboko Alkateak eta Udalbatzaren gainerako kideek BBVA Ibilbidea osatzen duten 16 eta 17 urteko 200 neska-mutilei harrera egin diete eta, udaletxeko eskaileretan guztiak batuta, familiako argazkia atera dute. Hantxe izan da ere Miguel de la Quadra-Salcedo, ibilbidearen arima eta sortzailea.

Ondoren, espedizioa hiru taldetan banatu da: Txinboak taldeko kideak Erriberako Merkatura abiatuko dira eta Bilboko gastronomiaren produktu tipikoei buruzko hitzaldi bat entzungo dute; Athletic taldea Euskal Museoa bisitatzen ibiliko da eta Nerbioi taldea Bilboko Itsasadarra Itsas Museora joango da.

Eguerdiko 14:00etan, hiru taldeek Euskalduna zubipean elkarrekin bazkalduko dute. Bertan hurrengo menuaz gozatzeko aukera izango dute: hasteko "arto betea bakailaoaz eta piperradaz; bigarren platera "betizu-sukalkia" izango da eta postrerako "arroz-pastela" izango dute. Horren ostean, Bilboko itsas-historiari nahiz ontziolei buruz Juanjo Alonsok hitzaldi interesgarria eskainiko du.

Bilboko Udalak antolatu du honako egitaraua eta hurrengo laguntzaileak izan ditu: Bilboko Alondegia, Erriberako Merkatua, Euskal Museoa, Bilboko Itsas Museoa, Slow Food Bilbao-Bizkaia, Artxandako Ostalaritzako Goi Eskola (Bilbo), MercaBilbao, Bilbao Zerbitzuak eta BBVA.

Atlantikoaz gaindiko abentura

‘Amazonas ibaiaren iturburuen bila. Kondorren dantzaren misterioa’ lelopean, 2014ko BBVA Ibilbideak Perun zeharreko bidaiaren barruan, Pachacamaceko inken santutegia, Paracas zein Nazcako kultura prehispanikoak eta Colca arroila -munduko bigarren sakonena- bisitatu zituen.

BBVA Ibilbidearen Espainiako etaparen barruan hurrengo lekuak daude: Madril, Gaztela Leongo Santervas de Campos udalerria (Juan Ponce de Leon aurkitzailearen jaioterria) eta Toledo hiria, Domenikos Theotokopoulos ‘El Greco’ margolaria hil zeneko IV. mendeurrenaren ospakizunaren harira.

Halaber, Juan de Goyeneche nafarra izango da programaren ardatza. Juan de Goyenechek ‘Gaceta de Madrid’ inprimatzeko eskubidea erosi zuen 1697an. Hori dela eta, espedizioa Baztan haranera joango da XVII. mendeko ekintzaile ilustratu honen urratsen atzetik joateko, Irurita eta Arizkun bisitatuta. Hortik Zugarramurdi eta Baionara abiatuko dira, Bilbora etorri baino lehen.

BBVA Ibilbidea Miguel de la Quadra-Salcedo (Madrid, 1932) kazetari eta abenturazale ospetsuak sortu zuen 1979an, Atlantikoko alde bietako 16 eta 17 urteko gazteen artean, elkartasuna, lankidetza eta kultur trukeari lotutako hainbat balio sustatzeko xedez.

Ordutik hona, ia 9.000 gaztek izan dute bidaiatzeko eta beste kultura batzuetako jendea, geografiak, gizarteak eta historiak ezagutzeko aukera. 1990ean, UNESCOk Kultur Interes Unibertsaleko Programa izendatu zuen BBVA Ibilbidea.