Bilbao BBK Live jaialdian inoiz baino jende gehiago izan da aurten, zehazki 120.000 pertsona. Horrek 20.389.813 euroko eragin ekonomiko zuzena izan du, aurreko urteko marka hautsi duena (17.489.000 eurokoa) 2,5 milioitan. Zifra horrek erakusten duen bezala, kultur hitzordu garrantzitsu hau hiriaren ekonomiaren bultzatzaileetako bat izan da. Argi geratu da ekitaldi handiek negozioa eta aberastasuna sortzeko ahalmena dutela eta kasu honetan, Bilboren irudia nazioartean hedatzeko ere bai. Turismoari lotutako sektore desberdinek (konkretuki hotelak, ostalaritza eta merkataritza) Kobetamendiko jaialdiak ondorio baikorrak izan dituela azpimarratu dute. Izan ere, joan den astean milaka pertsonak erabili dituzte haien zerbitzuak.
Bilbao BBK Live jaialdiaren 2014ko edizioaren emaitza ekonomikoak aurreko marka hautsi du (2012koa, 17.489.000 eurokoa), 2,5 milioi euro gehiagokoa izan baita. Musika jaialdiak Europan erreferentzia gisa hartzeko besteko arrakasta izan du. Horrek hiriaren ekonomia sendotzea dakar, jarduera desberdinak daramatzaten sektoreak dinamizatzen dituelako, esaterako garraioa, merkataritza eta ostalaritza, beste batzuen artean. Bilbao BBK Live jaialdiak izandako efektua hiri osora zabaldu da Bereziak zikloan programatutako ekintza paraleloei esker. Ekitaldi horiek jai-izpiritua ematen diote hiriaren erdialdeari eta aurten 19.000 pertsona bildu dituzte ekintza desberdinek.
Ingelesek, frantsesek eta alemaniarrek Bilboko jaialdiaren aldeko apustua egin dute
Beste urte batez, Bilbao BBK Live-k argi utzi du Europako jaialdien zirkuituaren barruan sendoenetarikoa dela. Bisitarien % 30 inguru Erresuma Batutik, Frantziatik eta Alemaniatik etorri da. Britainiarrak izan ziren Kobetamendiko landetara jarraitzaile gehien eraman zituzten atzerritarrak, edukiera osoaren % 17,6 izan baitziren. Frantsesak, berriz, % 10,3 eta alemaniarrak % 1,4. Esan beharra dago hiru herrialde horietatik etorritakoak Euskal Herritik etorritako guztiak baino gehiago zirela, euskaldunak edukieraren % 26 izan baitziren.
Jaialdiak izandako oihartzuna Europatik haratago doa, publikoaren artean australiarrak, estatubatuarrak eta mexikarrak ere izan baitziren, besteak beste. Estatu barruan, rock-zale madrildarrek eta katalanek Bilboko hitzorduarekiko leialtasuna erakutsi zuten, ikusleen % 11,6 eta % 8, 3 izan baitziren, hurrenez hurren.
Balorazioa “oso positiboa” merkataritzan
Bilbao Dendak elkarteak balorazio “oso positiboa” egin du jaialdiak Bilboko merkataritzan izan duen eraginari dagokionez. Merkatarien elkartearen ustez, Kobetamendira datozen milaka pertsona horiek bihurtzen dira, hain zuzen ere, ”hiriak eskaintzen dituen aukeren publizista onenak”, eta “kultura topagune gisa Bizkaiko hiriburuaren irudian Bilbao BBK Live jaialdiak duen oihartzun garrantzitsua” nabarmendu du. Elkarteak azpimarratu du musika hitzordu horrek hiria “musika zirkuitu handien mapan” kokatzen duela, eta mundu osoko pertsonak erakartzeko duen gaitasuna nabarmendu du.