Hileko Dokumentalen baitan `Zoran y los tigres del gol´ dokumentala eskainiko du gaur Zinebik

uriola.eus 2014ko uzt. 17a, 08:57

‘Zoran y los tigres del gol’ filmak, munduko garapen-indizerik baxuenetakoa duen Hego Sudango Errepublikako lehenengo futbol selekzioaren sorrera deskribatzen du. Gaur ikusgai egongo da 20:00etan, Multizine aretoetan, 3,70 euroren truke.

Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak programazioa urte osoan luzatzeko eratu duen Hileko Dokumentala estreinaldi-zikloaren barruan, gaur, munduko herrialderik pobreenetakotzat jotzen den Hego Sudango futbol selekzioaren sorrerari buruzko ‘Zoran y los tigres del gol’ film ospetsua eskainiko da. Saioa Multizine aretoetan izango da (Jose Maria Escuza, 13), 20:00etan. Sarreraren prezioa 3,70 euro.

‘Zoran y los tigres del gol’ filmak, 2011n ofizialki eratu zen Hego Sudango Errepublikako lehenengo furbol selekzioaren sorrera deskribatzen du. Garapen-indizerik baxuenetakoa duen herrialde honetan, urtetako gatazka etnikoen ondorengo berreraikuntza nazionalaren testuinguruan, Zoran Diordievic entrenatzaile serbiarrak ahaleginak eta bi egin beharko ditu hutsetik futbol talde bat osatzeko. Bangladesh, Filipinas, Kuwait edota Yemengo hautatzaile gisa lortutako esperientziaz baliatuta, Diordievic futbolariak zelai gaineko tigreak bilakatzen saiatuko da, baina horren aurretik, zelaia bilatu eta ateak ere eraiki beharko ditu. Dokumentalak prozesu luze horren testigantza eskaintzen du, jokalarien bilaketatik hasi eta taldearen maskota bilakatuko zen Champion izeneko ardiaren 'fitxaketaraino'.

Filma zuzendu duen Sam Benstead dokumentagileak US International Film Festival-eko Golden Camera saria irabazi zuen ‘Spies Beneath Berlin’ izenburua daraman bere bigarren dokumentalarekin. ‘Zoran y los tigres del gol’ Herbeheretako IDFA jaialdian eta DocsBarcelona-n aurkeztu da aurten.

Zinebik jarraipena emango dio urte osoko programazioari Hileko Dokumentala deritzon zikloaren bidez. Parallel 40 banaketa-etxeak eta DocsBarcelona Nazioarteko Dokumental Jaialdiak Atera Films-ekin lankidetzan Bilbora ekarriko duten ekimen honi esker, hilean behin, dokumental baten aldi bereko estreinaldia egingo da Espainia, Txile, Kolonbia eta Argentinako 53 aretok osatutako sarea zabalean, generoaren zaleei nazioarteko beste jaialdi batzuetan aukeratu edo saritu baina gerora ia-ia banaketa komertzialik ez duten lanez gozatzeko aukera emanez.