Klaus Armbruster: "Bilbon turismo bide berriak ezagutzera eman nahi ditugu"

uriola.eus 2014ko uzt. 18a, 13:09

Baskale eusko-alemaniar elkarte soziokulturalaren eta BASKULTUR.INFO proiektuaren fundatzailetariko bat da Klaus Armbruster. Irabazi-asmorik gabeko elkarte honen helburua euskal historia eta kulturaren erakuslehio izatea da.

Zer esan dezakezu Baskale elkartearen inguruan, BASKULTUR.INFO proiektuaren arduraduna?

Baskale 2010an sortu genuen Bilbon bizi ginen euskaldun eta alemaniar talde batek. Izenean topatu dezakegu gure helburua: BASK eta Ale, euskal herritarren eta alemaniarren arteko lotura alegia. KALE euskaraz kale esan nahi duelarik, Euskal Herriko eta alemaniera hizkerako munduaren arteko lotura metaforikoki deskribatu nahi da.

Baskale elkarteak Euskal Herriko errealitate historikoa eta kulturala korratu nahi du, bidaien orokortasunetik haratago, lurraldearen eta jendartearen inguruko erreferentziak zabalduz.

Zein proiektu burutu dituzue orain arte?

Duela bi urte, memoria historikoaren ikuspegia aintzat harturik, hartu-eman politiko eta kulturalaz osaturiko bidaia antolatu genuen Alemaniara. Gai hau lantzen duten talde ezberdinekin bildu ginen eta monumentu batzuk bisitatu genituen. Aldi berean, noizbehinka Euskal Herrira datozen talde alemaniarrak laguntzeaz arduratzen gara, azkenaldian Mainz-eko Unibertsitatetik eta Hannover-etik. Horretarako, frankismoaren inguruko bilerak edota jarduera memorialistak antolatzeaz gain, Euskal Herriko gizarte mugimenduen lana ere erakutsi dugu.

Orain dela lau urte Ipar Irlandako errepublikarren eta unionisten arteko adiskidetze proiektu batean parte hartu genuen. Euskal gatazkaren historia ezagutzeko Euskal Herrira etorri ziren, komunikazio sareak ezartzeko xedearekin.

Memoria historikoarekin konprometiturik gaude. 1936ko gerran Alemania naziak izan zuen parte hartzeari buruzko erakusketa antolatu dugu. Bestalde, Euskal Herrian alemaniar aztarnak bilatzea Baskaleren beste proiektu bat da, bide horretan egin beharko den lana sakondu nahi dugularik.

Hortaz, lan pila bat... Zenbat bazkide daude Baskalen?

30 pertsona baino gehiago gara. Euskal errealitatea Europa mailan ezagutaraztea da batzen gaituen afera. Lan-talde bat konprometituta dago BASKULTUR.INFO proiektuarekin, zeinen bitartez euskal gaien inguruan sakondu nahi dugun. Informazio sakoneko artikuluen bidez, komunikabide tradizionaletan ohikoa dena baino harantzago joan nahi dugu, Euskal Herria ezagutu nahi duten pertsonak bultzatuz. Agerian da Euskal Herriari buruzko interesa asko hazi dela azken urteotan.

BASKULTUR.INFO nola agertu zen?

Aipatutako interesaren erantzuna da BASKULTUR.INFO. Bereziki Bilbon nabaria izan da azkenaldian nazioarteko turismoak izan duen hazkuntza, non mundu mailako ospea duen museo batek ezinbesteko eginkizuna izan duen. Geroz eta ezagunagoa izan arren, Euskal Herriaren irudia gatazka armatuarekin edo nazionalismoarekin erlazionaturiko estereotipoekin gogor markaturik jarraitzen du. Gai guzti hauetaz modu kritikoan eta objektiboan hitz egiten dugu, eta, aldi berean, euskal errealitatearen aspektu ezezagunetan gure arreta guztia jartzen dugu.

Masa-turismoak arazoak dakartza, toki guztietan bezala. Ez da zilarra distiratzen duen gauza bakarra. Mota honetako turismoaren helburua negozio azkarra besterik ez da, eta ondorioz, hein handi batean herritarren egunerokotasunak ezkutaturik geldituz. Turismoak ekarritako diru-sarrerak herrialdetik irteten dira hotel kate handien bitartez, tokian tokiko ekonomiara eta herri langilearen eskuetara bideratu beharrean.

Aspalditik ezagun eta lagunekin Bilbo bisitatzeko irteerak egiten hasi ginen. Pixkanaka hiriaren bisita gidatuaren kontzeptua garatzen joan ginen, eta orain, ibilbide bakarra eskaintzen dugu.

Zilarraren distiraz hitz egiten duzunean, Museoaz ari zara...

Noski. Euskal turismoaren lorategian Guggenheim Museoak monolaborantza mota bat suposatzen du. Egunero milaka pertsona bertaratzen dira, ikonoa begiratu eta alde egiteko asmoz. Euskal Herriaren zati ezezagunenak azaleratzea da gure interesa, bai bidaiarientzako eta baita internautentzako ere. Museoarekin, Bilbo hiriak erakarpen turistiko garesti bat erosi du, eta egun batetik bestera Bizkaiak atrakzio bat izan du. Honen ondorioz, “Guggenheim eragina” delakora lotu da sektore oso bat.

Zergatik da beharrezkoa ohiko turismoaren aurrean alternatiben garapena?

Aipatutako Guggenheim eragina gainditzen lagundu nahi dugu. Masa-turismoak lan baldintza kaxkarrak bultzatzen ditu berekin edonon. Bisitariei soilik negozio handia sortzen duena erakusten zaie. Urte gutxitan, Bilboko Alde Zaharrak bisitari-talde ugariren inbasio ikaragarria bizi izan du, eta ondorioz, bertakoek jadanik nazkatuak daude “giriak” direla eta. Gainera, bisitetan euskal historiaren zati handi bat ezabatua izan da, gatazka ez aipatzearren; beharbada turismoa apolitikoa omen delako, gure ustez hala ez denean. Euskara bizirik dagoen Europako hizkuntzarik zaharrena izan arren, ez du inongo garrantzirik izaten; izan ere seinalizazio elebiduna turistentzako oztopo zail gisa ikusten da, ordea.

Aurreiritzi guzti hauek zalantzan jartzen ditugu, alternatibetan jarduten. Alde batetik, negozioa ondo dabil bidaiariekin, eta beste aldetik haatik, langileen poltsikoetan ezer gutxi gelditzen da. Krisi ekonomikoak monolaborantzen izaera arriskutsua eta iruzurtia azaleratu du: Museoaren irekieratik gutxira lehenengo hotelak itxi egin ziren. Honek erregioaren egonkortasun ekonomikorako dependentzia kaltegarria suposatzen du.

Turismoa Giza Eskubide gisa?

Hasiera batean bai. Guztiok gustuko dugu beste hiriak, kulturak zein herrialdeak ezagutzea. BASKULTUR.INFO proiektuaren antolatzaileok ez dugu ideia horrekin moztu nahi. Egitura sozialak kaltetu ditzaken dependentziak sortu ez ditzan bezala egituratu behar da turismoa, egunerokotasuneko bizi-baldintzetan ahalik eta gutxien eraginez, hain zuzen ere.

Turismoa, alegia guztiontzako errealitatea izan beharko litzateke, esaterako Europa ezagutu nahi duten afrikarrentzako. Baita ere sektorean lan egiten dutenentzako, jaso duten bisita bera bueltatzeko, baina irabazi nahikoa ez dutenez ezinezkoa egiten zaie ordea. Kontuan izateko zerbait dugu hau. Turismoa sozialki arduratsua eta ekologikoki jasangarria izan behar du.

BASKULTUR.INFO proiektuak bere zerbitzu eta ekarpenekin beste irudi batzuk helarazi nahi ditu. Idilikoak eta ederrak beti ez diren istorioak aipatuko ditugu; ez dugu egiten irudikapen negatibo bat, hain zuzen ere, erabateko ikuspegi errealista bat proiektatzea dugu xede. Izan ere, Euskal Herria ez dela Espainia da gure mezuetariko bat.

Aipatutakoa ilustratzeko adibiderik?

Turismo bulegoak ez bisitatzea aholkatzen duen auzo bat dugu hemen Bilbon: “no-go area”, arriskutsuegia omen da. San Frantzisko, hain zuzen ere, ez da auzo eredugarria, pobrezia eta migrazio tasa handiak dauzka. San Frantzisko auzoak historia oso aztoratua du eta bere arrastoak utzi ditu Bilbon; industrializazio eta meatzaritza historiaz ari gara. Honen guztiagatik izan ez balitz, Bilbo ez zen ezagutzen duguna izango. Zergatik baztertu auzo hau? Herri langilearen, prostituzioaren edota bizi baldintza miserableen historia delako, alegia ez da Bilbo garbi eta atseginaren irudia. BASKULTUR.INFO historia honetaz eta bere protagonistetaz hitz egiten du. Garapen historikoa modu erabatekoan kontatu nahi dugu. Honek aldaketa erradikaleko egoerak, hausturak eta muturreko egoerak eskatzen ditu. San Frantziskon meatzaritza-industriaren amaiera sekulako haustura suposatu zuen. Era berean, bertan garatzen ari den kultura alternatiboaz hitz egin behar dugu. Nire bidaietan beti interesatu izan zaizkit toki bereziak, bai New Yorken, bai Montevideon, bai Marrakechen eta baita Berlinen ere. Zergatik ukatu behar zaie Bilboko esperientzia hau ezagutzeko interesa duten bidaiariei? Auzo hau ezagutzen lagundu ditugun bisitariak asko gozatu izan dute, eta, aipatu beharra dago, esperientziatik bizirik irten zirela!

Zein jendarte mota duzue helburu gisa?

Hizkuntza alemana duen jendartea, hain zuzen ere. BASKULTUR.INFO sarearen mamia alemana da, taldean hizkuntz gehiagotan eskaintzeko lan egiten ari garen arren. Zera azpimarratu nahi dugu ere, bidaiatzeko interesa duten pertsonez gain, internet bidez euskal historia eta kultura jarraitzeko interesa duten pertsonengana ere zuzendu nahi dugula proiektua.

BASKULTUR.INFO-tik turismoaren kontzeptu tradizionaletik at dauden pertsonak dira ere jomuga, kultura alternatiboaren inguruan interes pixka bat behar da eta. Paisai eder batengatik izerdi patsetan amaitzeko prest dagoen jendea behar da, aire girotua duten kotxerik ere iritsi ezin daitezken tokiak deskubritzeko prest, gauak ohatzetan pasatzeko edota tokian tokiko jendearekin kontaktua bilatzeko prest. Ziurrenik, gure zerbitzuak aprobetxatzeko eta gu bisitatzeko motibazioa izango ez duen jendea egon, egongo da. Aitzitik, jakin badakigu Europa erdialdea eta iparraldea jadanik hondartza, eguzkia, katedralak eta bestelako toki turistikoak bisitatzeaz akitua dela. Hala da joera eta horren aldeko apustua egiten dugu. Aldi berean, kolektibo alternatiboekin formakuntza-bidaiak planifikatzen laguntzeko borondatea dugu, esaterako aholkuak eta kontaktuak erraztuz.

BASKULTUR.INFO-ren autodefinizioan “sozialki arduratsua” kontzeptua aipatzen duzue. Zer ulertu dezakegu horrekin?

Gure filosofia pentsamendu ekologikoa eta erantzukizun komunitarioan datza. Eztabaidatu ondoren, gure ekimenaren izaera hobekien deskribatzen duen adierazpena zera dela, “sozialki arduratsua”. “Alternatiboa” kontzeptu oso orokorra eta gastatua dagoela ulertzen dugu. “Jasangarria” delako hitza modan dago; normaltasuna gainditzeko edozertarako erabiltzen da eta ekologiko gisa janzten da. Gure ustez, ordea, kontzeptuak zalantza ugari uzten ditu airean.

“Sozialki arduratsua” literalki ulertu dadila nahi dugu. Bisitatzen den gizartearekin bateragarria den turismoa bilatzen dugu. Enpresa gutxi batzuk baino gehiagoentzako baliagarria zaien eredu baten alde lan egiteaz gain, lan baldintzen kalitatearen hobekuntza ere aldarrikatzen dugu.

“Sozialki arduratsua” zera esan nahi du, ahalik eta dependentzia gutxien sortzea, kostaldearen degradazioa, hotel sare erraldoiak, sektorearen monolaborantza edota modu masiboan bidaiatzea saihestea, hain zuzen ere (Itsaso Adriatikoan edo Costa Bravan gertatu den legez). Positiboki esanda ardura sozialak honako hau aitortzen du: duinezko existentzia baten bidean, herrialde bateko jendea lagundu behar duela turismoak, eta ez soilik herrialdea bisitatzen dutenen ikuspegian oinarriturik.

Zein da BASKULTUR.INFO sarearen ardura sozialaren praktika?

Alde batetik, filosofia hau konpartitzen duten erakundeen arteko sarea eraikitzen ahalegintzen gara: sindikatuak, landa-etxeak, ekimen kulturalak, jatetxeak, baserri ekologikoak, nekazaritza kooperatibak. Hau da, modu batean ala bestean, turismoarekin kontaktuan dauden proiektu, pertsona eta taldeak, ala kontaktatzeko prest daudenak. Bakarrik, eragin gutxi izango dugu, baina lankidetzaren bitartez helburuak erdietsi daitezke. BASKULTUR.IINFO-rekin ez dugu kontzeptu berri bat gu bakarrik garatu nahi, turismo ekologiko eta arduratsuaren garapena bultzatu baizik.

Euskal hizkuntza aipatu duzu, euskara, zuen jarduerarentzako erreferentzi puntua bezala kokatu duzuelarik.

Euskera faktore oso garrantzitsua da, euskal nortasunaren eta kulturaren funtsezko aldagaia suposatzen duela. Estatu espainiarraren filosofia zentralista dela eta, Euskal Herrian elebitasuna historikoki zalantzan jarria izan da, eta, zentzu horretan, politizatua ere. Elebitasuna gauza naturala izan beharko litzateke. Alegia, Euskal Herrian bizi direnak, euskaraz hitz egiteko gai izan beharko lirateke, eskubide hori eskatu beharrik gabe. BASKULTUR.INFO gai honetaz hitz egiten du. Gu etorkinak gara, eta euskal hizkuntzaren ezagutzak euskal kulturaren fenomeno bereizgarriak ulertzeko ateak zabaltzen dizkizula ikusi dugu, esaterako bertsolaritza, musika, gastronomia, eta baita euskal pentsamoldea oro har.

Nola sortu zen euskal gatazkaren fase berria? Ala hobe esanda, nola jarri zen martxan bake prozesu berria?

Denboran zehar, Euskal Herriko berriak biolentziarengatik soilik ziren ezagunak. Normalizazio prozesu bakoitzak ibilbide ia ikusiezina izaten du. Hemen bizi garenok aspalditik behatu izan ditugu gertakari guztiak, eta horregatik prozesuak ez gintuen ustekabean harrapatu. Euskal mugetatik harantzago, zentzu horretan eman diren aldaketak eta ahaleginak ez dira entzun, komunikabideen interes urriaren ondorioz. Gatazka armatua gainditzeko ezinbestekoa zen nazioarteko babesa. Baina norabide horretan denak ez daude ados. Espainiar Gobernuak partidismoa leporatzen die  nazioarteko bitartekariei. Hori ez da produktiboa, gatazkaren konponbidearen aldeko interes gutxi adierazten da.

Kondor Legioaren inguruan egin duzue lan. Hitz gutxitan laburbiltzerik bai?

Nazien aire indar berriaren hazia izan zen Kondor Legioa, bada espainiar jeneral kolpistei lagundu ziela 1936tik aurrera, hango gerra-balantza desorekatuz. Helburu zibilak historian lehen aldiz izan ziren airetik erasotuak eta txikituak. Gernika gerraren krudeltasunaren eta nazien krimenen ikur bilakatu zen.

BASKULTUR.INFO atariak zer erakutsi nahi du?

Atariaren edukia era askotakoa da, gai ugari sartzen dira. Ez da soilik bidaiatzeko planak dauzkan pertsonei bideratzen. Gure azken jomuga, hizkuntza alemanezko euskal kulturaren Wikipedian bilakatzea da. Anbizio handiko helmuga da gurea, baina erronkak behar ditugu. Guk geuk kudeatutako lanpostuak sortu nahi ditugu eta interesatuta dauden pertsonei gure Euskal Herriko bizi-esperientzia transmititu. BASKULTUR.INFO irabazi-asmorik gabeko proiektua da. Noizbait bizibide batean bihurtzen bada hau, sekulako arrakasta izango da.

Eginkizun hauetarako, Baskale zergatik da aproposena?

Euskaldun eta alemaniar talde mistoa gara. Bigarren abantai nagusia zera da, historia eta kultura hortaz oinarritzen den herrialdean bizi gara. Eta hirugarrenez, Austria, Suitza eta Alemaniako bisitarien bidai kulturarekin esperientzia profesionala dugu. Hainbeste urte Euskal Herrian bizi ondoren, kontaktu asko egin ditugu. Euskal izate hutsak proiektuarentzako oinarri sendoa suposatzen du. Eskaintzen dugun zerbitzuarekin, proiektua finantzatu nahi dugu. Turistentzako norako zail eta ezinezkoak eskaintzen ditugu; izan ere, iragarkietan ez dira azaltzen, ezezagunak dira eta ohiko ibilbideetatik kanpo aurkitzen dira.

BASKULTUR.INFO-k ibilbide alternatiboak proposatzen ditu hirian zehar. Zein ezberdintasun antzeman daiteke ibilbide hauetan? Eta zein ezberdintasun dago Turismo Bulegoaren eskaintzarekin?

Bilbori dagokionez, esan bezala, San Frantzisko auzoa adibidez. Orokorrean, 40 urtez gizartea menperatzen egon den diktaduraren garaiak oroitzeko interes gutxi dute instituzioek. Izu politikoaz ez da ezertxo ere aipatzen, ezta euskararen debekuaren inguruan ere. 1936ko Gerran zehar egon ziren bonbardaketen toki zehatzik ez da ageri gida ofizial batzuetan. Bilbon, Durangon eta Gasteizen historiaren zati hau ikasten aritu gara ibilbide ezberdinetan integraturik. Ugaon, Larrabetzun, Otxandion zentzu horretan gabiltza. Ibilbide hauek ezagutzen dituzten pertsonek historiaren berebiziko hunkipena edukiko dute.

Oroitzen naiz 80. hamarkadan, alegia Euskal Herrira etorri baino askoz lehenago, Enzensberger alemaniarraren “El corto verano de la anarquía” liburua irakurtzen ari ginela, Bartzelonan aritu ginen etxez etxe bertan kontatzen den historiaren bilakuntzan. Gutxitan bizi izan dut hiri bat intentsitate hain handiarekin. Horixe bera da gure bisitariei erraztu nahi dieguna. Alemaniar iraganak rol garrantzitsua du guzti honetan. Duela ia 80 urte, Sestao, Eibar, Gernika eta Bilbo bezalako tokiak ehiza-hegazkin naziengatik izan ziren bonbardatuak; horrela, bertan zegoen Bigarren Mundu Gerrarako entrenamendu gisa baliagarria izan zitzaien. Orain bizi naizen etxetik 100 metrotara, egunkari baten egoitza suntsitzeko bonbak bota zituen Hitlerren Kondor Legioak. Bidaiariek historia guzti hauen jakinaren gainean egon behar dira.

BASKULTUR.INFO-n zuzendu beharreko hutsunerik ikusten?

Ikusten dugun desabantai nagusiena zera da, Bilbo dugula gure egoitza moduan, zure hiria denez gero, hobekien ezagutzen duzun horretan bihurtzen da. Bilboz gehiegi hitz egitea ekidin behar dugu, Euskal Herrian zehar dauzkagun kontaktu onak horretan lagunduko dute. Babes publikoa ez dugunez, politikoago joango gara. Autoritateek gutxi laguntzen dute. Bilbon, Turismo Bulegoan gure liburuxkak ere ezin ditugu utzi. Herri txikietan ezberdina da, BASKULTUR.INFO bezalako ekimenekin poztu egiten dira.

Zeintzuk dira proiektuaren perspektibak?

Norabide ezberdinetan garatu daiteke. Gure ekimenak beste hirietan haziak ereitea oso positiboa izango litzateke. Beste hizkuntzetara zabaltzea gure hurrengo pausoak izango dira. BASKULTUR.INFO webguneak hainbat hizkuntzaz osaturiko itzulpen automatikoa duen arren, denbora bateko konponbidea besterik ez da, finantza baliabide falta dela eta. Hizkuntza bakoitzarentzako ama hizkuntza gisa duen hiztunak edukitzea izango litzateke onena. Webgunea etengabe eguneratu beharko genuke. Lan asko da, baina baita informazio kantitate handi bat igortzeko aukera ere. Aurrerago, bisitariak koordinatzeko zentro gisa bulego txiki bat edukiko dugu, agian beste ekimenekin bat eginez.

Datu biografikoren bat galdetzerik badut? Nola iritsi zinen Euskal Herrira? Aurretik zertan jardun zara?

Formakuntzaz soziologoa eta hezitzailea naiz. Denbora askoz gazte etorkin kurdu eta turkiarrekin aritu naiz lanean. 90. hamarkadatik aurrera, gazte-truke baten bitartez Euskal Herria ezagutu nuen. Beranduago, hona bizitzera etortzea erabaki nuen, gizarte oso bizi batean, pertsona asko ohiko egituretatik at antolatzen direlarik. Bilbon, esaterako, hiriko festarik handiena, Aste Nagusia, boluntario askoren eskutik antolatzen da. Oso politizatua dagoen gizarte batean bizi gara, pertsonek euren interesak euren eskuekin lantzen dituzte, azkenaldian hori nahiko murriztu den arren.

Beste etorkin gehienak bezala, lan oso ezberdinak izan ditut: itzultzaile, artisau, argazkilari, kanpin harreragile, bikoizte aktore, nazioarteko topaketen antolatzaile... eta, noski, alemanierazko irakasle ere bai. Momentu honetan, BASKULTUR.INFO proiektuan nabil buru-belarri.

Mila esker elkarrizketarengatik.

Plazerra nirea izan da, gure proiektua aurkezteko aukera emateagatik.