Comicos de la Legua eta Karraka antzerki taldeetan hasi zen 18 urterekin Alex Angulo antzerkia egiten eta euskal antzerkigintza independentearen profesionalizazioan parte hartzen. Jaiotzez erandioztarra, deustuarra zen bihotzez. Bizi berriz Ciudad Jardin-Loruri eta Madril artean bizi zen. La fuga de Segovia izan zen bere lehen pelikula garrantzitsua, El día de la bestia bere lehen protagonista eta Periodistas ospea eman zion telesaila.
Antzerkian, zinean eta telebistan jardun zuen eta beti ere apal eta umoretsu. Hiru aldiz Goya sarietarako hautagai izan zen.
2010ean Donostiako Zinemaldian Zinemira saria eskuratu zuen. Talde lanaren garrantzia goraipatu zuen saria jasotzean.
2010eko urrian, PREST! aldizkariak (107. zenbakian) elkarrizketa egin zion. Elkarrizketa berezia izan zen Nerea Olaziregik egindakoa, Saharar errefuxiatuen kanpamentuetan hasi eta Bilboko Conde Duque hotelean amaitu zelako.
Alex Angulo: “Lanbide honen langile bat naiz, ez dut glamourrik”
Berezia izan da Alex Angulo aktorearekin izan dugun elkarrizketa. Saharar errefuxiatuen kanpamentuetan hasi eta Bilboko Conde Duque hotelean amaitu delako, agian. Tartean, Donostiako Zinemaldiko Zinemira saria jaso du. Han eta hemen, bihotzeraino sartu zaigu. Sahararren gaiarekin bereziki hunkitu egin da eta hunkiarazi gaitu.
Donostian jaso duzun Zinemira saria dela eta, “Erandioko aktorea” gora eta behera ibili dira komunikabideak. Ez al zara deustuarra?
Izatez, Erandion jaioa naiz baina bost urte nituela Deustura bizitzera etorri ziren nire gurasoak. 20 urte izan arte Deustun bizi izan naiz. La Sallen ikasi nuen, eta Magisteritza ikasketak ere, Deustun egin nituen.
Zure ibilbidea goraipatu berri dute Donostiako zinemaldikoek. 18 urterekin hasi zinen Karrakan antzerki taldean. Kasualitatez ala bokazioz?
Kasualitatez. San Pedro elizako talde bateko kide batek antzerki talde batean jendea behar zutela esan zidan eta biok joan ginen elkarrizketara. Orain kasting deitzen zaie horrelakoei, gu Zabalburuko taberna batean geratu ginen. Bertan Jose Ramon Barea, Rakel eta Santiago Burutxaga zeuden. Badirudi froga gainditu genuela, batez ere, jendea behar zutelako. Orduan, magisteritzako lehenengo maila nengoen, familia arruntekoa nintzen eta ez nuen oso argi zer nahi nuen.
Baina La Salle ikastetxean zure aktore sena erakutsita zenuen ordurako.
Ikastetxean antzerkia irakurtzen genuen. Irrikitan nengoen nire izena noiz esango zuten zain. Suposatzen dut biziraupen kontu bat zela, kiroletan ez nintzen oso trebea eta nabarmentzeko beharra omen nuen. Festetan ere txisteak eta tontakeriak egiten nituen. Behintzat norberak egiten dituen tontakeriekin barre egin zezaten.
Noiz erabaki zenuen aktore izan nahi zenuela?
Magisteritza bukatu eta irakasle gisa lanean hasi nintzen. Urte horretan erabakitzea tokatu zitzaigun. Taldeari eta niri. Irakaskuntza oso gogorra zela ikusi nuen, garai gogorrak ziren irakasleentzat, aurreko guztiarekin apurtu beharra zegoen eta antzerki arloan, profesionalizatzea erabaki genuen. Profesional bereziak ginen, jakina, soldata gabekoak eta sarritan bazkaltzera gurasoen etxera joan behar ginen horietakoak. Baina antzerki militanteak ginen. Hori zen gure bizimodua. Historia hurbilak kontatu behar genituen, jendearen bila joan behar ginen. Nora? Jaiak zeuden tokira, herriz herri, plazaz plaza eta frontoiz frontoi.
Ordutik 22 laburmetraia, 15 telesail, 41 pelikula, beste horrenbeste antzezlan... Zer nahiago, zinea, telebista ala antzerkia?
Hirurak. Lanbide bereko hiru atal dira. Bakoitzak bere arauak ditu eta beraiekin jokatzen ikasi behar dugu. Hasieran antzerkia nahiago nuen. Karraka eta Comicos taldeekin nengoela, antzerkia gure bizitza zen, gure bizimodua. Esperientzia hori errepikatzea ezinezkoa da orain.
Gaur egun antzerkia zailagoa egiten zait. Esfortzu handia eskatzen du eta gutxiago ordaintzen da. Gogorra da, toki batetik bestera mugitzea. Jendearekin lan eta bizi egin behar duzu. Zinea hasieran, erronka pertsonala izan zen niretzat. Kamarara ez begiratu, erreferentziei hitz egin, amaieratik hasi eta hasieratik amaitu, puzzle baten antzekoa zen eta menperatu behar nuen. Telebista zine eta antzerkiaren arteko zerbait da. Egia esateko, gustura nago hiruretan.
Oraindik egin ez duzun zerbait egiteko gogorik?
Gauza asko ditut oraindik egiteke (barre egiten du) baina ez dut ezer berezirik buruan. Batzutan galdetzen didate ea filmeren bat zuzentzea nahiko nukeen, baina ez dut uste horretarako balio naizenik. Asko kostatzen zait erabakiak hartzea. Zuzendari bat oso gogorra eta ziurra izan behar da, itxuraz behintzat. Egunero hamaika galdera erantzun behar ditu. Nirekin denbora pila bat galduko genuke eta ez nioke taldeari inolako ziurtasunik emango. Talde batean, euskarri garrantzitsua naizela uste dut, ondo laguntzen duena baina ez liderra.
Talde lanaren garrantzia azpimarratzen duzu behin eta berriz.
Bai. Historia bakoitzaren zati bat naizela uste dut eta azken emaitza pertsona askoren lanaren ondorioa da. Komenigarria da, besteen tokian jartzea. Guztiekin ondo eramaten saiatzen naiz, batez ere benetako langileekin. Nik argiak edo kamara zuzentzen duenari lana errezten badiot, eta gure artean komunikazioa baldin badago, dena aberastu egingo da. Kamara puteatzera baldin banoa, pelikula eta nire buruaren kontra egiten ari naiz. Badakit utopia bat izan daitekeela baina lan egiteko era bakarra da niretzat.
Filmazio baten erdian harrapatu zaitugu, Madrildik etorri berria. Zer daukazu orain esku artean?
Errepublika izena duen telesail batean ari naiz. La Señora telesailaren jarraipen bat da. Duela gutxi hasi gara entseguekin.
Udan hiru pelikula egin dituzula esan digute.
Bai, eta oso gustura egon naiz, lanean, aurrekontu txikiko gauzak izan dira eta oso interesgarriak. Ibarretxe anaiekin Un mundo casi perfecto komedian, ertzain baten papera egin dut. Oso dibertigarria izan da. Bestaldetik, Area de descanso filmean ere aritu naiz eta Paula Ortiz zuzendariaren De tu ventana a la mía lanean. Hiru emakumeren historia kontatzen du Zaragozako zuzendari gazteak eta oso gustura aritu naiz berarekin. Gidoia oso zinematografikoa iruditu zitzaidan hasieratik.
Inoiz esan ahal diozu ezetz lan eskaintza bati?
Bai, baina ez askotan. Gainera, jende gaztea eta berriarekin lan egitea gustoko dut. Hiru filme hauen zuzendariak ezagunak dira. Badakit ziurtasuna ematen diela batzutan nirekin lan egiteak. Uste dut konfidantza eman behar zaiela zinegile gazteei, nirekin egin zuten bezala. Kolaboratu egin behar da beraiekin, gure etorkizuna direlako.
Lanean erabakiren bat hartu behar dudanean, nire familia oso presente dago gaur egun. Ez dut nire alabaren haurtzaroa galdu nahi. Merezi dudala eta merezi duela uste dut. Bere urtebetetze egunean lan egin beharko dut aurten eta amorratuta nago, baina suposatzen dut guraso askori gertatzen zaien zerbait dela.
Krisiak aktoreengan ere du eragina?
Bai, gugan ere bati. Urtarriletik ekainera geldirik egon naiz. Aktoreen bizimodua horrelakoa da. Lan bat amaitu, kalera botatzen gaituzte eta hurrengo deiaren zain egoten gara. Mugimenduan eta ikusgai egon behar duzu, bestela zurekin ahaztu egiten dira.
Alex Anguloren inguruko informazioa bilatzen dugunean goraipamenak baino ez ditugu topatzen. Jendeak zutaz pentsatzen duenak arduratzen zaitu?
Bai, baina ez nigatik, lana gero eta hobeto egiteagatik. Kontatzen ditugun historiak gero eta politago gelditzea nahi dut. Aktorea naiz, nire lanbidea da eta ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz. Sarritan gogorra egiten zait artisten mundu honetan egotea, lanbide honen langile bat naiz eta ez dut glamourrik.
“Emozio gogorrak bizi izan nituen Saharan”
Zerk eraman zintuen Saharara?
Zine jaialdi bat. Gonbidapena jaso eta birritan pentsatu nuen. Zer egiten du han ni bezalako burges txiki batek? Azkenean joatea erabaki nuen.
Eta zer topatu zenuen han?
Emozio gogorrak bizi izan nituen. Urduri jartzen nintzen mediku bisita batean egongo banintz bezala sentitzen nintzenean. Hara joan, egun gutxi egon eta itzuli. Oso fustrantea. Zenbaitetan hobe da lekukoa ez izatea. Nahastuta egon nintzen. Haraino zinea eramatea eta bide batez, beraien egoera azalarazteari oso ondo deritzot, bestaldetik oso gogorra da hango egoera latza ikusi eta jendea bertan uztea.
Zer ekarri duzu handik?
Hango egoeran pentsatzen hasten naizenean, inpotentzia sentitzen dut. Zergaitik ez naiz gai hori konpontzeko. Magisteritza utzi eta aktore izatea erabaki nuenean bezala. Zergaitik ez dena utzi, pikutara bidali mundu guztia eta banoa hara, jaiman dagoen are piloa erratzez garbitzera. Zergatik ezin dut hori egin.