Aholkuak bidaiak kontratzeko

uriola.eus 2014ko uzt. 21a, 08:45

Argazkia: kontsumoeu.blogspot.com

Bidaiak kontratatzeko orduan kontutan hartu beharreko aholkuak eman ditu Bilboko KIUB Bulegoak. Esaterako, hegazkineko txartel merkeak erostean, "maleten fakturazioa eskaintzaren preziotik kanpo geratzen dela", edota bidaia bertan behera uzteko asegurua kontratatzean, "legeak estaltzen dituen kasu batzuk badaudela".

Uda da, opor garaia eta bidaiak egiteko garaia. Hori dela‑eta, eta denok gure oporretan ondo pasatzeko helburuarekin, Bilboko KIUB bulegoak gomendio batzuk eman nahi ditu interneten bidaiak kontratatzen, autoak alokatzen eta ezeztatze-polizak egiten ditugunean.

Aspaldi honetan asko zabaldu da hegaldi merkeak interneten erostea, batez ere eskaintzarik onenak ziurtatzen dituzten bilatzaileen bitartez. Hala ere, batzuetan eskaintza horiek ez dituzte beste kontzeptu batzuk sartzen, adibidez maletak fakturatzea, eserlekua aukeratzea, txartel zehatz batzuekin ordaintzea… Horiek guztiak txartela garestitu egiten dute. Testuinguru horretan, Europako Batzordeak “Bidaiarien eskubideak” izeneko aplikazio bat sortu du sakelako telefonoetarako. Gida bat ematen du erreklamazioak in situ egin ahal izateko, aireko eta trenbideko garraioarekin lotutako gaietan.

Ibilgailuak alokatzeari dagokionez, KIUB bulegoak zenbait gai ez ahaztea gomendatzen du: ibilgailuaren aseguru-mota, ordaintzeko modua eta errepideko laguntza. Oro har, ibilgailuak alokatzeko enpresek baldintza batzuk ezartzen dituzte, adibidez adinaren muga eta errentaria kreditu-txartel baten titularra izatea, ez dutelako eskudirurik onartzen kontratua sinatzen denean. Kontuan hartu behar da ezustekoren bat gertatzen bada, aseguruak estaltzen ez dituen gastu erantsiak txartel horretan kobratuko dituela enpresak.

Kontratazio horietan guztietan, pertsona askok ezeztatze-asegurua kontratatzen dute, badaezpadan. Produktu horrekin, bidaia bertan behera geratzen bada agentziek edo aireko konpainiek kobratzen dituzten gastuak estaltzen dira (ezeztatze-gastuak eta gestio‑gastuak). Bakoitzaren egoera pertsonal, laboral eta familiarrek zehaztuko dute mota horretako polizak kontratatzeko beharrizana, baina kontuan hartu behar da legeak estaltzen dituen kasu edo ezinbesteko arrazoi batzuk (kontratua egiten duen pertsonaren edo lehen graduko senide baten gaixotasuna, istripua edo heriotza, behar bezala justifikatuta). Beraz, ezeztatze-aseguru horien benetako baliagarritasuna da konpainia guztiek ez dituztela arrazoi berberak onartzen bidaia bat bertan behera uzteko. Ezeztatze-polizaren letra txikia irakurri behar da.

Era berean, KIUB bulegoak gomendatzen du ez zabaltzea noiz goazen oporretan eta ez jartzea sare sozialetan, autoan ez uztea baliozko gauzarik begi bistan eta maletak ez galtzea bistatik.