Poztu egingo naiz, aurten zorionez, bilbotar eta konpartsero guztiek Arriagan libre egoteko aukera izango dugulako; eta hunkituta sentituko naiz zoritxarrez, beste hainbat lagunek espetxean eta etxetik urrun jarraitzen dutelako. Hala ere, barren-barrenetik, bizi poza eta indarra aterako zaizkit aurrera egiteko; Arriagan hainbat emakume, gizon, gazte zein ume ikusiko ditudanean Zoriontsu sentitzea ezinbestekoa izango da.
Gaurkoan, nire eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiet konpartsakide guztiei, haiei esker baititugu hain jai osatuak. Oso gogoan daukat gorriz jantzita, Arriagatik txupinazoa botatzea ukatu zidatela aurreko urtean; hala ere, esan beharra daukat iazkoa, inoiz bizi izan dudan Aste Nagusirik politena izan zela niretzat; maitatua eta babestua sentitu nintzen, bilbotar guztien txupinera.
Bihotzez, eskerrik asko eta aurtengo Aste Nagusian ere ondo ibili.
Gora Mari Jaia eta Bilboko konpartsak!