Aste Nagusia 2014

Jone Artola: “Iaz maitatua eta babestua sentitu nintzen, bilbotar guztien txupinera”

Jone Artola 2014ko abu. 11a, 10:39
paperekoa.berria.eus

Berriro heldu da abuztua eta Mari Jaia ikusteko gogoak haunditzen doaz. Aurten ere, oso gertu egongo naiz eta Bilboko jaietako kantua entzutean, sentipen ugari nabarituko ditut nire barrenean; hunkitu egingo naiz baina poza sentituko dut.

Poztu egingo naiz, aurten zorionez, bilbotar eta konpartsero guztiek Arriagan libre egoteko aukera izango dugulako; eta hunkituta sentituko naiz zoritxarrez, beste hainbat lagunek espetxean eta etxetik urrun jarraitzen dutelako. Hala ere, barren-barrenetik, bizi poza eta indarra aterako zaizkit aurrera egiteko; Arriagan hainbat emakume, gizon, gazte zein ume ikusiko ditudanean Zoriontsu sentitzea ezinbestekoa izango da.

Gaurkoan, nire eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiet konpartsakide guztiei, haiei esker baititugu hain jai osatuak. Oso gogoan daukat gorriz jantzita, Arriagatik txupinazoa botatzea ukatu zidatela aurreko urtean; hala ere, esan beharra daukat iazkoa, inoiz bizi izan dudan Aste Nagusirik politena izan zela niretzat; maitatua eta babestua sentitu nintzen, bilbotar guztien txupinera.

Bihotzez, eskerrik asko eta aurtengo Aste Nagusian ere ondo ibili.

Gora Mari Jaia eta Bilboko konpartsak!