Aste Nagusia 2014

Ikurrinaren aldeko manifestazioa egingo dute gaur eguerdian

uriola.eus 2014ko abu. 22a, 10:59

Konpartsetan murgildutako herritar ezberdinek agerraldia eskeini zuten abuztuaren 13an, ikurrinaren alde gaur egitekoa den manifestazioa aurkezteko. Bilbotarrak, ikurrina kalera atera eta martxan parte hartzera gonbidatu zituzten.

Agerraldian, Sonia Vilamor, txupinera ohiak, eta Borja Irizarrek hartu zute hitza. Azaldu zutenez, Aste Nagusian "aldarrikapena eta konpromisoa izango dira jai eredu herrikoi baten sostenguaren eredua" beraz, gaur, abuztuak 22, aldarrikapen ikur bihurtu nahi dute ikurrina, bere 120. urteurrenean.

Manifestazioaren bitartez, ikurrina "munduaren luze-zabalean euskaldun guztiok identifikatzen eta batzen gaituen ikurra" dela zabaldu eta Nafarroan, Bilbon zein Euskal Herriko edozein txokotan, ikurrina "egiaz den bezalakoa aurkeztea" bilatzen dute; "berarekin identifikatzen den pertsona orok erakutsi ahal izatea".

"Euskal sinboloak normalizatzea, Bilboko kaleetako paisaia errealitate nazionalaren adierazgarri izatea eta gure hiria Euskal Herriko mapan kokatzea" dute helburu hirukoitza. Horretarako, bilbotarrei dei egin ziete ikurrina kalera atera eta gaur, ostirala, 13:00ean, plaza Eliptikotik abiatuta, Ikurrinaren alde egingo den mobilizazioan parte hartzera.