Iraia Iturregi: "Aste Nagusiaz hitz egiten entzuten dudan bakoitzean irribarrea datorkit ahora"

Iraia Iturregi 2014ko abu. 14a, 16:51

http://www.miathletic.com

Abuztuan murgilduta, konturatu baino lehen, badator berriro Marijaia. Oroitzapen izugarriak gogora, Aste Nagusiaz hitz egiten entzuten dudan bakoitzean irribarrea datorkit ahora. Inoiz bizi izan dudan esperientziarik politenetarikoa izanda, pena ematen dit makila pasatu behar izanak.

Pregoilari izan nahi dut berriro! Egia da erabat nekatuta bukatu nuela astea, pare bat kilo galduta eta begizuloak nabarmen zirela, baina 9 egun horietan jasotako bizipen guztiak eta jendearen maitasuna hain ikaragarria izan zen... pentsatzeaz soilik oilo ipurdia jartzen zait.

Ez dut oraindik aurtengo pregoilaria eta txupinera ezagutzeko aukera izan. Nolakoak diren gauzak, ikastola berean ibilitakoak gara hirurok. Beste behin, bizitzako kasualitateak. Aholkuren bat ematekotan, “lasaitasunez” hartzeko esango nieke. Hau maratoi bat bezalakoa da. Hasieratik erritmo gogorregia jarrita, bidean “pajara” jasateko arrisku handia. Dosifikatzen jakin behar da, 9 egunak luzeak egiten baitira. Ni goizeko 10etan hasten nintzen ekintzekin, eta gaueko 10etararte agenda beterik zegoen. Garrantzitsua da egunean zehar pixkat deskonektatzeko etenune txikiak egitea, baita gauez egunero ez irtetzea ere. Ta zapata erosoak eramatea! Kilometro dexente egiten dira egunero alde batetik bestera ibiliz.

Badirudi Aste Nagusiaz hitzegitean, batez ere jende gaztearen artean, jaiak gauean soilik ospatzen direla. Kontzertuak, txosnak, biharamuneko ajea... Jakin egun osoan zehar daudela adin eta gustu ezberdinei zuzendutako ekintzak. Egun eta gauaz gozatzeko milaka aukera. Nik aurten ez ditut jaiak asko ukituko, lanarekin eta aurredenboraldiko entrenamenduekin ez dagoelako denbora libre askorik, baina Marijaia agurtzeko ihesaldiren bat egin beharko da. Igandean bertan Euskal Herriko Kopa-ko finala jokatuko dugu Errealaren kontra Mallonan, jai programaren barruan emakumezkoen futbolari lekua eskeintzeko ideia zoragarri gisa. Beraz, plan ona litzakete 19:00retan partiduko lekuko izan, eta ondoren, alde zahar eta Arenaletik bueltatxo bat ematen, bokata hartu eta su artifizialetaz gozatzea.

Errespetua, zentzua eta umore ona baldintza bezala izanda, jai ikaragarriak opa dizkizuet! Han ikusiko dugu elkar!