LABek salatu du aparteko 1000 ordutik gora egin direla abuztuan Metro Bilbaon

uriola.eus 2014ko abu. 28a, 11:09

Lab Metro Bilbao

LAB sindikatuak salatu duenez, abuztuan 100 txanda osagarritik gora egingo da Aste Nagusia eta Munduko Saskibaloi Txapelketarako zerbitzuak bete ahal izateko.

Prentsa ohar bidez adierazitakoaren arabera, Zuzendaritzak duela urtebete zuen bi hitzordu horien berri baina "aurreikuspenik ez izateak" Metro Bilbaoko gidari eta geltokietako langileei aparteko orduak eragitea ekarri du.

Enpresa batzordeak zuzendaritzarekin izan zuen azkeneko bileran, abuztuaren 6an, LABek txanda horiek egiteko aparteko orduak egiteaz gain, ordu horiek geroago atseden ordu gisa berreskuratzeko aukera ere eskaintzeko proposatu zuen. "Enpresak onartu zuen proposamena baina aitortu zuen txanda gehienak, % 80tik gora, jada esleituta zeudela ordurako".

Gainera, LABek gogorarazi du, duela hilabete gutxi kanpoko hautaprobak izan direla Bezeroen Arretan, Gidatzen eta Eremu Teknikoan aritzeko langileak bilatzeko. Geltokietarako 11 pertsona hautatu dituzte; lanerako prest daudela jakinarazi dute, baina gidatzeko, ordea, atzeratuta doa prozesua eta, hartara, "oraindik ez dago arlo hori indartuko duen behin behineko langilerik".

"Aurreikuspen falta horri gehitzen bazaio enpresako zuzendaritzak, hiriarteko trenaren 19 urteotan, beti nahiago izan duela aparteko orduak ordaindu enplegua sortuko luketen beste edozein neurri baino, oraingoan txanda osagarri eta txanda luzatuen artean abuztuan eta irailaren lehenengo egunetan aparteko 1000 ordu inguru sortzea ekarriko du" dio oharrak.

LABek "zorrotz aztertuko ditu" tarte horretan ordaintzen diren aparteko orduak, Langileen Estatutuak inork urtean ordaindutako 80 orduko lege mugarik gainditu ez duela egiaztatzeko.

Sindikatuak Metro Bilbaon aparteko orduak "zero" izan daitezen eskatzen du, edo oso gutxi izan daitezen, zerbitzua oker doan egoeretara murriztuz, baina ez daitezen erabili zerbitzu bereziak eskaintzeko eta zerbitzua areagotzeko. Argi daukate, aparteko orduak ez direla lan banaketarekin bateragarriak eta Metro Bilbaoren jarduera eremuan langabezia tasa kezkagarria dela diote, "aparteko orduak egiteak ez duelarik indize horiek jaisten laguntzen".

Bukatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiari Metro Bilbao bezalako enpresa publiko batean, enplegu egonkor eta kalitatezkoa sortzea eskatzen diote eta ez dezala eremu pribatuko enplegua sustatu.