BIA-k arkitekturaren inguruko kultur jarduerak antolatuko ditu irailean Bilbon

uriola.eus 2014ko abu. 28a, 16:09

Erakusketak, zinema-saioak, lehiaketak, haurrentzako tailerrak eta bisita gidatuak antolatuko dira irailaren 4tik 28ra bitartean, Bizkaiko arkitektura eta hirigintza dinamizatzea xede duen BIA plataformaren lehen BIA Urban Regeneration Forumaren barruan.

BIA plataformak publiko guztiei irekitako kultur jarduerak eskainiko ditu irailean, arkitektura herritarrei hurbiltzeko asmoz. Jarduera hauek guztiak, irailaren 4tik 28ra bitartean Bizkaiko hiriburuan egingo den lehen BIA Urban Regeneration Forum-aren haritik antolatu dira. Foroak 300 arkitekto, hirigile eta ingeniari baino gehiago elkartu eta Norman Foster izango du gonbidatu berezia, baita lehen BIA sariaren irabazlea ere, urtetako ibilbide profesional oparoagatik. Programa osatzeko, denetariko ekitaldiak antolatuko dira: bisita gidatuak hirian zehar, zine-ziklo bat, lehiaketak, haurrentzako tailerrak, erakusketak... eta Naxako geltoki zaharra behin-behinekoz berreskuratuko da Bilboko bizilagun eta bisitari guztien gozamenerako.

Naxako geltokia, gune nagusia

Horrela, txosten teknikoen eszenatoki bihurtuko diren Iberdrola Dorrearekin eta Euskalduna Jauregiarekin batera, Foroak egundo ez bezalako egoitza izango du: Naxako geltokia. Bilboko eraikin berezi honi aspaldiko distira itzuli dion barruko esparruaren “egokitzapen iragankor” bati esker, hamabost egunez, geltoki zaharra jendearentzat zabalik egongo da berriz ere. BIAk plataforma goratu bat jarriko du nasen gainean, kultur jarduerak antolatzeko moduko esparru moderno, ireki eta garbia eratzeko asmoz. Aretzako zubitik ere esparru horretara iristeko aukera izango da, behin-behineko egokitze-lanak Itsasadarraren ondoko kaietara hedatu baitira. Horrenbestez, Arriagara begira dagoen terrazatzat berrerabiliko den neurrian, erakargarritasun eta ikusgarritasun handiko osagai bihurtuko da.

Irailaren 15etik 28ra bitartean, BIA SPACE: NAJA + TAO Architectural Lighting with Idar Group izenaz bataiatutako esparru berri hau, Foroko jarduera teknikoen eta jendartean arkitektura sustatzeko eratutako ekimenen arteko topagunea izango da. Jarduera teknikoen artean, BIA Workshop deritzen tailerrak aipatu behar dira, arkitektura-eskola desberdinetako ikasleei, maila goreneko profesionalen laguntzaz, Bilboko beharrizanak eta erronkak ikertzeko aukera emango dietenak. Arkitektura jendartean zabaltzeko bilbotarren eta bisitariei irekita antolatuko diren ekitaldien artean, Bizkaiko Arkitekturaren Interpretazio Zentroaren instalazioa aipa daiteke. Esparru honek Bilbo Metropolitarraren eraldaketaren inguruko era askotako informazioak eskainiko dizkie bisitariei.

Arkitektura-ibilbideak eta bisita teknikoak

Forum-aren aurrerapen gisa, hilaren 8tik 26ra bitartean, Naxa, Bilboko ibilbide tradizionaletako batzuk begirada berri batez ezagutzeko aukera eskainiko duten arkitektura-ibilbideen abiapuntu bilakatuko da. Astelehenetik ostiralera, egunez egun ibilbide desberdinak eginez, BIAko kideek Hiriak izandako bilakaera erakutsiko dute, Bilbok lehen pausoak eman zituen zazpi kaleetatik hasita.

Ekimen honek iraungo duen hiru asteetako astelehenetan, harresitutako antzinako hiribildua aztertuko da. Astearteetan, hiriaren lehen zabalkuntza esploratuko da, itsasadarrari jarraituz. Asteazkenetan, Bilborentzat hil ala bizikoa izan den itsasadarraren bi aldeak lotzeko zubien txanda izango da. Ostegunetan, 1876az geroztik Abandoko elizatearen zati bat hartu eta egungo arteria nagusia, Kale Nagusia, sortzea erraztu zuen lehen zabalkundea aztertuko da. Azkenik, ostiraletan, ibilbideek mende hasierako jauregiak atzean utzi eta hiria Indautxuraino hedarazi zuen bigarren zabalkundeko eraikinei emango diete protagonismo osoa.

Bisitaldiak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez, frantsesez eta alemanez egingo dira, 19:00etatik 20:30etara bitartean. Izena emateko EHAEOren Bizkaiko egoitzara jo edo www.biaforum.org <http://www.biaforum.org> webgunean sartu behar da, irailaren 2az geroztik. Prezioa bost eurokoa da.

Hiriaren bilakaera sakonago ezagutu nahi dutenei, BIAk larunbatean, hilak 21, antolatuko dituen bisita teknikoetan parte hartzea gomendatzen die. Goizeko saioan (12:30etatik 14:00etara) Victor Ugarte, Iratxe Marian eta Lander Parra arkitektoek –Naturgasen egoitza berria, IMQren klinika eta Miribillako Bilbao Arena bezalako eraikinen egileak dira– hiriaren birsorkuntzan egin duten ekarpenari buruzko iritzia emango dute.

Arratsaldean (17:00etatik 19:30etara), Abandoibarratik abiatuta, Javier Martinez Callejok eta Cristina Mata Ramosek 60etako eta 70etako Bilboren gaineko ibilbidea egingo dute. Artxandatik, hamarkada horietan hiria gorpuztuz joan ziren hirigintza-planen atzera begirako panoramikoa eskainiko dute, garatu gabe geratu ziren zenbait proiekturen berri emanez. Izaera profesionalagoa duten arren, bisita hauek ere jendeari irekitakoak izango dira, 15 euroko prezioan. Hauxe da bisita teknikoetan izena emateko esteka: http://biaforum.org/visitas-tecnicas/.

Erakusketak

Era berean, BIA SPACE: NAJA + TAO Architectural Lighting with Idar Group delakoan, plataformak Abandoko tren-geltokia Cantalojasen lurperatzeari buruz deitu duen Arkitektura Gaztearen Nazioarteko Lehiaketako proiektu finalistak jarriko dira ikusgai. Lehiaketa honetan, mailako goreneko profesionalek osatutako epaimahiaren ebazpenarekin batera, publikoaren iritzia ere garrantzi handi-handikoa izango da. Jendeak Interneten bidez (biaforum.org/concurso2/ <http://biaforum.org/concurso2/> estekaren bitartez) nahiz BIA SPACEn bertan bozkatzeko aukera izango du.

Kultur programazioaren barruan, beste bi erakusketa ere antolatuko dira. Astelehenean hasita, hilak 8, Metroko geltokietan, Bizkaiko arkitekturako giltzarrizko zenbait obraren errepasoa eskainiko duen argazki-erakusketa izango da. Guztira, obren irudiez hornitutako 28 panel eta azalpen-testuez osatutako beste 7 panel jarriko dira ikusgai Casco Viejo, Abando, Moyua, Indautxu eta San Mameseko geltokietan, irailaren 30a arte.

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzaren egoitzan antolatuko den hirugarren erakusketak, Gerra Zibilaren ondoren Mexikon babestuta bizi behar izan zuen Imanol Ordorika Bengoetxea arkitekto lekeitiarraren lana errepasatuko du ostegunetik aurrera, hilak 4. Ordorikak bere lanetan erabilitako ozeanoaz bi aldeetako kulturen arteko fusioa ere islatuko da erakusketa honetan, baita erbesteratu espainiarrek herrialde latinoamerikarreko hiri-garapenari egindako ekarpena ere. Gogoan izan Mexiko izango dela lehen BIA Urban Regeneration Forum-eko herrialde gonbidatua. Erakusketaren osagarri gisa, hilaren 23an, hitzaldi bat eskainiko da Bizkaia Aretoan, 19:00etatik aurrera.

Zine-zikloa

EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzaren egoitzan bertan antolatuko den zine-zikloaren barruan, Ruben Corral, AlhóndigaBilbaoko Zinematekako aholkulari eta Zinebiko kolaboratzaileak eraikinen eraikuntza eta ospea ardatz dituzten filmak (laburrak, ertainak eta luzeak) aukeratu ditu. Horien artekoak ditugu, Miguel Fisac-ek 60etan diseinatu eta desagertuta dagoen Jorba laborategien egoitza, ‘Pagoda’ izenaz ere ezagutzen zena, edota gaur egun abandonatuta dagoen Kubako Arte Nazionalen Eskola, iraultzaren ikur bilakatu zena.

Zikloan, halaber, arkitektura-estilo desberdinak aztertuko dira, hala nola, ‘incompiuto siciliano’ deritzona, aditu askok Italian Bigarren Mundu Gerraz geroztik sortutako mugimendu garrantzitsuentzat jotzen dutena, eta Eduardo Souto Mora portugaldarraren moduko arkitektoen ibilbidea errepasatuko da. ARKIZINE BIA zikloko saioak 20:00etan hasiko dira, irailaren 9tik 21era bitartean. Sarrera doakoa izango da aforoa bete arte.

Haurrentzako tailerrak

Azkenik, Foroaren asteburu berean (hilak 27 eta 28), EHAEOren Bizkaiko Ordezkaritzaren egoitzan, haurrentzako tailerrak antolatuko dira, txikienen artean arkitekturarekiko interesa eta jakinmina sustatzeko asmoz. 10:30etatik 12:30etara bitartean, 3 eta 9 urte tarteko neska-mutilek beren auzoak diseinatzeko aukera izango dute ipuinetan inspiratutako jolas desberdinen bitartez. Parte-hartzea doakoa da, baina derrigorrezkoa da aldez aurretik 946 077 461 telefonoan izena ematea.