Udalak “Bilboko istorioak” deritzon tabloide formatuko argitalpen turistiko berria atera du, hango-hemengoei Bilboko historiaren istorio xeheak eta berealdikoak ezagutarazteko asmoz.
“Bilboko istorioak” izenburupean, argitalpen berri honek Jon Uriarte bilbotar kazetari eta idazleak apailatutako dozena bat testu biltzen ditu. Kanpotik datozen bisitariei San Antonetik eta Zazpi Kaleetako muinetik Areatzara eta Abandoibarrako waterfront berrira bitartean menderik mende taxututako bilbotarren izaera eta ezaugarriak jartzen dizkie agerian, meatzaritzari, ontzigintzari eta industriari lotutako iragana eta hemengo hizkeraren bitxikeriak eta gastronomia atzendu barik.
Hauek dira “Bilboko istorioak” bilduma osatzen duten kontakizunak:
- Hitz egin dezagun “bilbainoz” (Bilboko hizkeraren berezitasunei buruzkoa).
- Bihotzaren gaineko zubia (San Anton, bertako zubia eta horrekin lotutako istorio eta kondaira batzuk).
- Merkatuen eta meatzeen sekretuak (Plaza Zaharraren, Erriberako Merkatuaren eta meatzaritzari lotutako iraganaren gainekoa).
- Jauregi “txikito” eta sorgindua (Yohn Jauregiari, txikiteroei eta Bilborik jatorreneko beste gai batzuei buruzkoa).
- “Arriaga” eta bertako espirituak (Bilboko Udal antzokiaz eta jaiarekin duen loturaz).
- Bilboren zirrimarra (Zazpi Kaleei eta angula-harrapatzaileen tradizioari buruzkoa).
- Ezkiaren lurraldea (Areatza, hango kioskoa, San Nikolas eta bakailaoaren istorioa).
- Eskailera-mailak, zubiak eta pasabideak (Bilboko Udaletxeari, itsasadarreko zubiei eta zenbait eraikin historikori buruzkoa).
- ‘Puppy’ eta titaniozko erraldoia (Guggenheim Museoaren historia).
- Gerra garaiko musa (Artxanda eta gerra zibilaren gomutak).
- Kondairen etxea (Euskalduna Jauregia, Itsas Museoa eta ontzigintza-tradizioa).
- Bilboren zaporea (Bilboko gastronomiaren kontu bitxiak).
Gainera, argitalpenaren hasieran Bilboko planoa agertzen da, kontakizun bakoitzean azaldutako eraikinen kokalekua adierazteko.
100 gramoko Cyclus Offset paperean dago eginda, erabat birziklatua. Aurreneko edizioan 12.500 ale atera dira lau hizkuntzatan (5.000 euskaraz eta gaztelaniaz eta 7.500 ingelesez eta frantsesez). Hoteletan eta turismo-bulegoetan zabalduko dira aleok. Bilboko Udalaren web orrian (bilbao.net ) eta Bilbao Turismorenean ere (bilbaoturismo.net ) eskuragarri dago.
`Bilbao Bizkaia Be Basque´ estrategia berriaren barruan dago sartuta “Bilboko istorioak” argitalpena. Estrategia hori Bilboren eta bere lurraldearen irudi positiboa, koherentea eta egonkorra hedatzeko da, “Bilbao Bizkaia esperientzia” berri baten bultzagarri, bisitarientzat tira izan dezan eta inbertsioak, ikuskizunak eta talentuak erakartzeko.