Munduko Saskibaloi Txapelketa kalean ere jokatuko da eta hiritar guztiek parte hartu ahalko dute. Hori da Bilbao-Bizkaia Fan Zone eremuarekin bilatzen dutena. Bilboko Areatzan ezarritako 8.700 m2-ko espazio da eta bertan, saskiaren kirolaren "magia eta zirrara" sentitu ahalko dira. Bilbao Bizkaia Fan Zone eremuan FIBA 2014 txapelketako taldeen faseko partida guztiak zuzenean eta irekian jarraitzeko pantaila erraldoi bat, saskibaloiko jokalekuak, hirukoen eta gaitasunen txapelketak, norgehiagokak, musika emanaldiak eta guztientzako jarduerak egongo dira.
Eremu hau 11:00etatik 23:30era egongo da irekita, bihartik hasita irailaren 4ra arte. Biharko inaugurazio-ekitaldian izango dira Bilboko alkatea den Ibon Areso, Ekonomia Sustapenerako foru diputatua den Imanol Pradales eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Saileko zuzendaria den Jon Redondo. Hiriaren bihotza FIBA 2014 txapelketaren festara batuko da ekimen honekin. 3X3 lehiaketak eta hirukoen eta saskibaloiarekin lotutako gaitasunen lehiaketak antolatuko ditu Bizkaiko Saskibaloi Federazioak. Azken horrek erakundeari buruzko informazioa eskaintzeko stand propio bat izango du.
Bilbao-Bizkaia-Basque Country stand-a
Egunotan Estatu Batuak, Finlandia, Turkia, Zeelanda Berria, Dominikar Errepublika eta Ukrainako selekzioen partidak ikusteko Bilbora hurbiltzen diren guztiek Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako “Bilbao-Bizkaia/Euskadi-Basque Country” stand izugarria bisitatzeko aukera izango dute. Esparru horretan informazio turistikorako gune bat eta Euskadiko eszena eta paisaiekin egindako fotokroma bat jarriko dira, interesatuta dauden pertsonek Euskal Herriko oroigarri bat eraman ahal izateko.
Finlandia Bilboko saskibaloi festa honi gehitu nahi izan zaio. BEC-en FIBA 2014 txapelketaren taldeen fasean lehiatuko den herrialdeetako bat da. “Visit Finlandia” izenarekin, Europa iparraldeko herrialdeak stand bat izango du Bilbao-Bizkaia Fan Zone eremuan, beren zaleak atenditzeko Bilbon eta Lurraldean dauden bitartean eta bide batez hiritarrei Finlandiaren erakargarritasun turistikoaren inguruko informazioa eskaintzeko. Bestalde, Bilbao Basket taldeak ere espazio propio bat izango du. Bertan bere jokalariek autografoak sinatuko dizkiete zaleei.
Doako rock kontzertuak Areatzako pasealekuan
Musika ez da faltako Bilbao-Bizkaian egingo den munduko saskibaloi txapelketaren ospakizunean.
Jazzy Jeff DJaren emanaldia izango da gaur Areatzako pasealekuan. “El Príncipe de Bel Air” telesaian agertzeagatik ezaguna den hau hip hoparen aintzidarietako bat da eta hiru Grammy sari irabazi ditu. Datorren astelehenean, irailaren 1ean, Klaxons taldea igoko da eszenatoki berera. Mundu osoko gazteak dardara batean jartzen dituen hirukote ingelesak zale guztiak txundituko ditu indie rock soinuarekin. Ohorezko hasierako taldea izango da Getxoko We Are Standard. Talde honen rock- eta elektronika-proposamenak milaka zale ditu estatu mailan. Kontzertu biak doakoak izango dira eta 21:00etan hasiko dira.
Argiztapena eta ikuste-efektuak Arriaga Antzokian
Arriaga Antzokia ere jai-giroan murgilduko da eta bakarra izango den argi- eta soinu-ikuskizun bat eskainiko du. Eraikin adierazgarriaren fatxadan argiztapena eta ikuste-efektuak konbinatuko dira FIBA 2014 Munduko Saskibaloi Txapelketarekin erlazionaturiko irudi eta mezuekin. Ehundaka metrotatik ikusi ahalko diren ahalmen handiko izpi gurutzatuak proiektatuko dira Antzokiaren gainetik. Gaurtik irailaren 4ra arte gozatu ahalko da ikuskizunaz, 21:30etik hasita.
Jai giroa Alde Zaharrera helduko da
Kontzertuak, kalejirak eta gastronomia nagusituko dira Alde Zaharrean bihartik irailaren 4ra bitartean. Guztira, bederatzi eszenatoki jarriko dituzte ekintza kulturalak eskaintzeko. Besteak beste, astelehenean, irailak 1, `Basquet Street Music´-a egingo da. Ekimen irekia izango da eta bederatzi eszenatokietan blues, jazz, musita akustikoa, edota latinoa ikusteko aukera izango dugu.