Expodistritok gaur eman dio hasiera urteko azken hiruhilekorako egitarauari. Oraingo honetan, Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Burtsako eta Errekaldeko udaltegietara hurbiltzen diren bilbotarrek bederatzi erakusketa ibiltariz gozatu ahal izango dute urtarrilaren erdialdera arte: bost, pintura erakusketak izango dira, bi argazki erakusketak, beste bat komikian zentratutakoa eta marketeriari buruzko beste bat.
Oraingo honetan, egitarauan, Londonen bizi den SUSAN BART artista bilbotarraren marketeria erakusketa bat jasoko da. Beste material batzuk ere erabiltzen dituen arren, bere lanaren ezaugarri eta bere artelanaren elementu nagusia zura da, gaur egun balio berria jasotzen ari den arte eder eta antzinako horren ikuspegi erabat berria emanez.
Natura, landareak eta eraikinak dira bere artelanean gehien ikusten diren irudikapen grafikoak, eta osagai nagusiak, lerro okerrekin gurutzatzen diren lerro zuzenak dira, zuraren koalitate organikoak indartzen dituzten diseinu berritzaileak osatuz. Ikusleek lan horren orijinaltasunaz gozatu ahal izango dute astelehenetik aurrera, San Frantziskoko Udaltegian, baina gero Abando–Barrainkuako, San Inazioko, Castañoseko eta Errekaldeko udaltegietan ere ikusi ahal izango da.
Expodistrito programaren barruan, edizio honetan euskal komikiaren historiatik ibilaldia ere proposatzen zaigu. "Edertasun barren eta apal batez: Euskal binetak (1894-2014)" erakusketak, Victoriano Iraolaren lehen tirak, Txistu, Poxpolin… aldizkariak eta, ondorengo Ipurbeltz, Kili-kili, Habeko Mik edo Xabiroi aldizkariak ikus daitezke, gaur egunera arte. Erakusketa azaroaren 27an inauguratuko da, eta Begoñako Udaltegian egongo da ikusgai abenduaren 13ra arte.
Pintura
Pintura erakusketei dagokienez, JUAN JOSE CUADRADO 12 urterekin hasi zen marrazten, binetak eta tebeoak diseinatzen. Olio lanetan aritu ondoren, denbora asko igaro aurretik ur pintura aukeratu zuen. Bere akuarela oso pertsonala da, eta ikusten duen eta beste batzuekin konpartitu nahi duen errealitatea adieraztera bideratutako bere tenperamentua islatzen du. “De San Anton a Arriluze” lana Begoñako Udaltegian ikusi ahal izango da lehenengo, irailaren 1etik 15era.
Margolari gisa ibilbide luzea duen TERESA AHEDO euskal artistak “¡Ni una más!” lana aurkeztuko du astelehenetik aurrera Abando-Barrainkuako udaltegian, eta bigarren hamabostaldian Errekaldera joango da. Bere loreak, bodegoiak eta emakume “potolatxoak” direla eta ezaguna den margolari espresionista, emakumearekin eta haren arazoekin konprometitutako artista ere bada. Horrela, erakusketa honen gaia tratu txarrak dira, eta triste eta minez dauden emakumeak aurki ditzakegu.
Kantabriako ANTONINO HERRERA artistak, marrazkiz eta oihalez osatutako bilduma aurkeztuko du “Obra reciente” erakusketan, bertan, koloreari eta marrari buruz paperean egindako azterlanak pintura adierazpen lanarekin solasean ari dira. Lan hori irailaren 17tik aurrera bisitatu ahal izango da Otxarkoagako udaltegian.
ISABEL LOIZAGAk aurkeztuko duen “La vida en color” erakusketa, bizitzeko duen gogoaren isla da, argiz betetako lanak, pintzelkada azkarrez, indartsuz eta sentimenduz betetakoez eginak; mihisea kolorez betetzen duen eztanda. Erakusketa urriaren 17tik aurrera gozatu ahal izango dute Bilboko ikusleek, Errekaldeko udaltegian.
DIEGO CUBES ELKOROk burmuineko gaixotasun bat du aspalditik, eta gaixotasuna jasan eta berehala, marrazkian eta pinturan aurkitu zuen babesa, kanpora begirako adierazpen bide gisa. Bere artea espresionista da batez ere, beharbada errealitatearen ikuspegi distortsinatua duen eta, bere artelanaren bitartez, ikuspegi kromatikotik eta fisikotik, hori exajeratu egiten duen artistaren barrualdetik sortua. Forma leunak eta harmoniaz beteak. Kromatismo aberatsa ere azpimarragarria da. Lana abenduan ikusi ahal izango da, Abando–Barrainkuako udaltegian.
Argazkigintza
PEDRO ZARRABEITIAren eta DIELGO ALDASOROren objektiboetatik helduko da urteko azken lauhileko honetan argazkigintza. Lehenengoak “Made in Bilbao” aurkeztuko du, BBK Fundazioarekin lankidetzan. 2000. eta 2005. urteen artean egindako bilduma horrek, XX. mendearen erdialdean, ukitu arrazionalista zuten eraikinek hiriaren zabalguneari forma eman ziotenean, Bilbok arkitekturaren ikuspegitik izan zuen garapena gogorarazten du. Argazkiak zuri-beltzekoak dira, garai haietako atmosferarekin eta argazkigintzan erabiltzen ziren teknikekin bat etortzeko, eraikinen edertasun hotza nolabaiteko dramatismo eta nostalgia giroan bilduz. Beste inon baino lehen, Burtsako udaltegian bisitatu ahal izango da irailaren 17tik 30era.
DIEGO ALDASORO argazkilariaren “Cartografía de los recuerdos” argazki erakusketari dagokionez, desagertuz doan landa inguruko munduari egiten zaion omenaldia da, soroak landatzeko tresnen eta jada inork erabiltzen ez dituen bideen nostalgiarekin. Erakusketa Kastañoseko udaltegian ikusi ahal izango da azaroaren 4tik aurrera.
Expodistrito programa, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean hiribilduko arte adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea daude, eta baita jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere. Ohikoa denez, erakusketak txandakatuz joango dira. Erakusketa bakoitzaren egun zehatzak udaltegietan, www.kulturabarrutik.net web gunean eta 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.