Aurten 983 mutikok eta 969 neskatok eman dute izena, eskainitako 2017 plazetatik % 94,3 betez. 5 puntuko gorakada 2013ko datuen aldean (%89,5).
Guztira, 824 familiari eman zaie zerbitzua. Horietako % 80,7k seme edo alaba bakarra inskribatu du, %20k bi eta %1ek hiru. 6-7 urteko umeena izan da inskripzio guztien %44; 8-9 urtekoena, berriz, %34 eta 10-11/12 urtekoena %22.
Hizkuntzei erreparatzen badiegu, % 83,76k ingelesez eta euskaraz egin nahi izan ditu udalekuak, %13,32k ingelesez eta %2,92k ingelesez eta gaztelaniaz.
Plazen %68k kuota arrunta ordaindu du, %13k familia ugariarena eta %19k diru-sarrerak bermatzeko errenta kobratzen duten familiena. Eguneko Udalekuen kostuaren %42,44 ordaintzen dute familiek; gainerakoa, Udalak.
Nobedadeak, gainera, ezin biribilagoak: familien %95ek dioenez, programaren malgutasuna lagungarri izan da euren seme-alaben aisialdia antolatzeko.
Eraberrituta azaldu dira aurtengo Eguneko Udalekuak astekako eskaintza taxututa (2013an hamabostaldika izan zen). Familiek umearentzat astebeteko, biko edo hiruko egonaldia aukeratu ahal izan dute zortzi astetik. Familien erdiak baino gehiagok (%53) aste birako apuntatu zituzten seme-alabak, %22k hiru asterako eta %25ek astebeterako. Familien %97k “ondo” edo “oso ondo” iritzi dio inskripzioa asteka egin ahal izateari, aurreko urteetan hamabostaldika izan baita.
Orain arte uztailean eta abuztuan eskaini izan diren asteei ekaineko lehenengoa eta iraileko atzenekoa gehitu zaie aurten aurrenekoz. Aste bi horietan plaza guztiak (150) bete dira.
Nahierako aukera izan dutela esan genezake honenbestean. %95en ustetan lagungarria izan delako euren seme-alaben aisialdian antolatzeko. Asko estimatu dute ordutegia ere, ondo etorri zaielako familia eta lana bateratzeko. Prezioa ere arrazoizkoa begitandu zaie.
Poz-pozik geratu dira parte hartu duten umeak eta familiak
Banatutako 600 bat galde-sorten erantzunen arabera, umeen %90 oso gustura egon da Eguneko Udalekuetan, 2013an baino hiru puntu gehiago, hain justu.
2014ko Udalekuek familien %98ren itxaropenak bete edo hobetu dituzte. Hiru puntuko gorakada 2013ko iritziekin alderatzen badugu.
Familien iruzkinen artean, sano onuragarriak izan dira aurtengo nobedadeak, jardueren ugaritasuna eta monitoreen eta udaleko langileen lana.
Kalitatezko Eguneko Udalekuak: jarduera ugari eta ondo prestatutako monitoreak
Familien %88k ontzat jo ditu euren seme-alabek egindako jarduerak. Udalekuen asteroko diseinuan ezaugarri hauei lotu zaie:
- Egunero egin da ordu eta erdiko jarduera bat ikastetxetik kanpo, betiere inguru bakoitzean egokitutako espazioetan.
- Igerilekuko jarduera astean bitan egin izan da.
- Jarduerak ingelesez eta euskaraz edo ingelesez eta gaztelaniaz, harremanak ingelesez gauzatu dira goizean eta bazkalorduan. Arratsaldean, berriz, aukeratutako hizkuntzan egin dira jarduerak. Lau aste osotan ingeles hutsean izan dira udalekuak.
Langileei dagokienez, zuzendari edo monitore titulua ez ezik, %55 psikopedagogian, pedagogian, irakasletzan edo bestelakoan lizentziatuak edo diplomatuak ere izan dira. Monitore laguntzaileen % 90 unibertsitateko tituludunak izan dira. Monitoreen %60k hiru urtetik gorako esperientzia du. Ingelesaren arloan, monitore guztiek dute First Certificate agiria. %65ek, haatik, hortik gorako titulua du.
Txikerrenek ere izan dituzte euren udalekuak, EGUNEKO JOLASTOKIA programari esker
Udako Jolastokia 3-5 urteko umeei zuzendutako programa izan da, 693 plaza eskaini dituena, iaz baino 26 gehiago. Den-denak bete dira.
Zazpi Udaletegitan gauzatu da Udako Jolastokia programa, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Familiek (387 guztira) astebeterako edo birako inskribatu ahal izan dituzte euren seme-alabak; iaz, ordea, hamabost egunerako egin behar izan zen. %88k gurago izan du aste birako aukera; gainerako %12ak, berriz, astebetekoa.
Aipatzekoa da Udako Jolastokia programaren kostuaren %19,55 familiek ordaintzen dutela eta gainerakoa udalak. %73k kuota arrunta ordaindu du, %13k familia ugariarena eta %14k diru-sarrerak bermatzeko errenta kobratzen duten familiena.
Azpimarratzekoa da, baita, Udako Jolastokia programak izan duen harrera bikaina. Familien %96,62k ontzat jo ditu euren seme-alabek egindako jarduerak. Monitoreak ere ontzat jo izan ditu %98,73k eta umeen %83 oso pozik geratu da programarekin.