Honako iritzi artikulu hau helarazi dio URIOLAri Artxanda plataformak.
Ez dezagun busa gal!
Pasa den abuztuaren 29an, Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio arloko zinegotziak, Asier Abaunzak, EH Bildu taldeak egindako eskaera bati erantzunez, talde politiko, prentsa eta gainontzeko interesadunen aurrean agerraldia egin zuen Artxandako autobus linea desagertuko dela informatzeko.
Zinegotziak, bere azalpenean, argi utzi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, Txorierri-Mungialdearako esleipenen artean, Artxandako linea ixtea erabaki duela, eta Udalak ez duela zerbitzua hartuko ezta inolako alternatibarik aurkeztuko, eta nahiz eta Aldundiaren neurri horren aurka ustez agertu, Udalak ez duela bere hiritarrekiko duen erantzukizun maila bere gain hartzen.
Hiri-ibilbidea izanik, Udalak bere gain hartu beharreko zerbitzua dela argudiatzen du nagusiki Aldundiak linea deuseztatzerako. Eta esan behar dugu ez dela horrela, ibilbidean Erandioko udalerrian kokaturiko geltokiak baitaude. Horrela, Enekuri-Artxanda errepidea bera, autobusak zeharkatzen duena, Aldundiarena da, Bilbo eta Sondikaren arteko udal-muga delarik aldi berean.
Bestalde, Udalak bere gain ez hartzeko erabilitako arrazoi nagusia, lekarkiokeen gastua dela esatearekin batera (baliagarria ez den argudioa, zerbitzu publikoa izanik ez baitu etekinik bilatu behar), honakoa da: funikularra nahikoa alternatiba zaie Artxandako biztanleei. Hau ere zuzena ez den argudioa da, geltoki bakarra duelako funikularrak bai Bilbon (Castañosen) bai Artxandan (parke inguruan), eta beraz, bere erabilera ingurune hauetara mugatzen da. Horrez gain, bere ordutegia askoz mugatuagoa da. Autobusak aldiz Artxandako ingurune guztiak gurutzatzen ditu eta ematen duen ibilibide zabalean Bilboko hainbat inguru lotzen ditu (Begoña, Alde Zaharra, Abando, Indautxu, Deustu).
Badakiguna zera da, batzuen eta besteen artean, hiritargoa zerbitzu publikorik gabe utziko dutela.
Kaltetuak ez dira soilik inguruetako 350 auzokideak, Bilbo eta Sondikako herritarrak, funikularrak lotzen ez dituen bitartean (hain zuzen, funikularraren geltokia bizilagun dentsitateko baxueneko ingurunean dago), autobusak lotzen dituen inguruetan sakabanatuak bizi direnak. Auzokideez gain Artxandan kokatutako jatetxe, hotel eta 3. adineko egoitzetako langileak, zerbitzu horien erabiltzaileak, egoitzetan aterbetutakoen senitartekoak.. eta abar ere badira kaltetuak. Euretako asko adinean sartuak edota mugikortasun gutxitukoak, funikularrera oinez joateko alternatiba zein auto pribatua erabiltzea ezinezkoak zaizkienak.
Bestalde, Bilboko Udaletik azken urteotan behin eta berriz zabaldu denez (horrela agertzen da hirigintza plan ezberdinetan), Artxanda hiriaren aisialdi-gerrikoaren baitan sartua dago, eta Bilboko birika gisa aitortua denez, bertan garatutako eskaintza ludikoaren alde egin da apostu (udal-polikiroldegia, ingurune berdeak, merenderoak eta berriki "inauguratutako" GR ibilbideak). Ingurune guzti hauek hurbiltzen dituen garraio publiko bakarra desagertaraztearen erabakia zuzen-zuzenean doa aitortza eta apostu horren aurka, Bilboko kotxerik gabeko hainbat auzotarrei ezinezkoa egiten baitie hiriaren birikarako sarbidea. Udako egun eguzkitsuetan igerileku irekietara igotzen den jendearekin polikiroldegiaren pareko geltokian sortzen diren hilada luzeei begiratu baino ez dago horretaz jabetzeko. Gogoratu beharra dago Txurdinaga eta Errekaldekoekin batera, Artxandakoa dela igerileku irekien hirukotea osatzen duen polikiroldegia.
Beraz, autobus hau hainbat eta hainbat hiritarren garraiobide bakarra da hiribilduaren erdigunearekin lotzeko, ez bada erakunde publikoen iritzia hiritar bakoitzak ibilgailu pribatu bana izan beharra duela Bilbon bere bizitza normaltasunez garatu ahal izateko. Horregatik, ezinbestekoa da autobusari eutsi eta Aldundiak eta Udalak bere erabakian atzera egin dezaten, garraiobidea erabiltzen duten kolektibo anitzen beharrei erantzunez.
[2014/09/04] Santa Marinako autobus zerbitzua bermatuta, Artxandakoa ziurtatzea helburu