Euskara ikasi eta euskara erabili nahi duenak "badu aukera eta badu lekua, etxetik hurbil". Horixe da Bilboko 18 euskaltegik gaur udaletxean buruturiko agerraldian zabaldu duten mezua. Horretarako Bilboko barruti eta auzo guztietan euskaltegiak daude. Goizean goizetik (7:00) gauera arteko (22:00) eskaintza dutenak. Aukera "zabal-zabala" da gaur euskaltegien izenean bozeramale aritu den Tito Serranok adierazi duenez. "Modulazio klasikoetatik malguetaraino". Eta ikasi ahala, euskara ikasgelatik kanpo erabili ahal izateko, bestelako aukerak ematen dituzte euskaltegiek. Batzuk aipatzeagatik, tailerrak edota Mintzalagun eta Berbalagun taldeak.
Iazko 8.000 matrikulazioak -Bilbon- berdindu edota gainditzea da euskaltegien erronka 2014/15 ikasturte honetan. "Ea apur bat igotzen diren", adierazi du itxaropentsu Serranok. Azken datuen arabera bilbotarren erdia ez da euskalduna eta horiei zuzendu zaie: "Euskaltegitik pasatzeko moduan daude".
Euskara ikasle bilbotarraren profilagatik galdetuta, Serranok ez du ezaugarririk zehaztu. "Gatxa" da profila definitzea, "nahi beste profil" daudelako. Besteak beste, adinekoak, B eta D ereduan ikasi duten gazteak, A eredukoak, etorkin "asko eta asko" eta guraso berriak. "Nork bere helburuak ditu" euskara ikasteko eta, Serranoren aburuz, ez da zuzena ikasle gehienek titulu bila jotzen dutenik euskaltegira. "Badira" titulua eskuratu nahian hurbiltzen direnak, "baina ez dira ehuneko handia".
Diru-laguntzak
166.500 euro bideratuko ditu aurten Euskara Sailak "gurasoen euskalduntzera". Iaz beste. Izan ere, euskara ikasteko diru-laguntzak gurasoei soilik bideratzen dizkie Bilboko Udalak. Sabin Anuzita zinegotziaren esanetan gurasoena talde "estrategikoa" da "hizkuntzaren biziraupenerako".
Aurten 250etik gora izan dira euskara ikasteko laguntza jaso dutenak, "eskatutako asistentzia eta aprobetxamendu baldintzak gainditu dituztelako". Horiei Udalak joan den irailean ordaindu zuten euskaltegiko matrikularen diru kopurua "ia osorik" itzuli die. Diru-laguntzetara gordetako diru poltsa ez zen guztiz agortu iaz. Dirua, "kasu gehienetan" amaitzen ez dela eta, Anuzitak bilbotarrei dei egin die "laguntzak eskatu eta erabil ditzaten".
2015eko martxoan argitaratuko ditu Euskara Sailak 2014/15 ikasturtean euskara ikasteko diru-laguntzak eskuratzeko baldintzak.
Egunotan Bilboko faroletatik eskegita ikus daitezkeen 350 banderola "Euskaraz Bizi, etorri Euskaltegira" leloarekin.
18 euskaltegi
Bilbon 18 euskaltegi daude, hiriko zortzi barrutietan kokatuak. Honek esan nahi du auzo gehienetan euskaltegia dagoela.
1. Barrutia (Deustu)
• AEK Larrako (Larrakatorre, 24) Tel. 94 447 02 24
• Euskal Irakaslegoa-Deustuko Unibertsitatea (Unibertsitateen etorbidea, 24) Tel. 94 475 49 72
• AEK Matxintxu (Ramón y Cajal, 8) Tel. 94 475 22 33
2. Barrutia (Uribarri)
• Matikoko euskaltegia (Moraza plaza, 4) Tel. 94 445 00 51
3. Barrutia (Txurdinaga-Otxarkoaga)
• AEK Txurdinaga (Arbidea, 21) Tel. 94 411 76 56
4. Barrutia (Begoña)
• AEK Santutxu (Padre Pernet, 9) Tel. 94 473 14 60
5. Barrutia (Ibaiondo)
• Bilbo Zaharra-Elkarlan (Posta, 8) Tel. 94 415 82 92
• AEK Lizardi (Txakur kalea, 1) Tel. 94 416 82 00
6. Barrutia (Abando)
• BAI & BY (Urkixo zumarkalea, 22) Tel. 94 470 18 57
• Gabriel Aresti-Elkarlan (San Bizente, 2-4) Tel. 94 423 75 91
• AEK Indautxu-Irala (Urkixo zumarkalea, 88) Tel. 94 441 34 74
• Labayru ikastegia (Colón de Larreategui, 14) Tel. 94 443 76 84
• Mikelats (Ayala, 1) Tel. 94 415 32 95
• Mondragon Lingua (Buenos Aires, 7) Tel. 94 661 34 67
• Ulibarri (Gardoki, 3) Tel. 94 416 24 72
7. Barrutia (Errekalde)
• Juan Mateo Zabala-Elkarlan (Gordoniz, 22) Tel. 94 422 13 88
• AEK Urtats (Kirikiño, 22) Tel. 94 421 13 04
8. Barrutia (Basurtu-Zorrotza)
• AEK Zorrotza (Zalbidea, 7) Tel. 94 441 49 20