Bilbao Kirolak 22.000 plaza baino gehiago eskainiko ditu 2014/2015 ikasturterako

uriola.eus 2014ko ira. 15a, 08:45

16.559 plaza aretoan eta pistan, 5.070 igerilekuko ekintzetan eta 445 egokitutako kiroletan. Bilbao Kirolak sozietateak guztira 19 ikastaro eskainiko ditu euskaraz.

Bilbao Kirolaken erabiltzaileek erakutsitako harrera onari esker, beste behin, kirol eskaintza handitu egin da. Hori horrela, 2014/2015 ikasturteko eskaintza berria igo egin da bai plaza kopuruari dagokionez eta baita antolatutako ekintzei dagokienez ere. Ekintza horietako batzuk berriak dira.

Bilbao Kirolak sozietateak emandako datuen arabera, aurretik izena emateko modalitatearen bidez 17.250 pertsonak eman dute izena. Oraindik ere Bilbao Kirolak sozietateak eskaintzen dituen 77 modalitateetako jardueretan izena eman nahi dutenek urriaren 10era arte izango dute hori egiteko aukera.

Ikasturte berri honetan, 2014ko urritik 2015ko ekainera arte, Bilbao Kirolak sozietateak 22.074 plaza jarriko ditu abonatu direnen zein ez direnen eskura. Horietatik 16.559 sala eta pistetan izango dira, 5.070 igerilekuetan eta 445 kirol egokiturako. Eskainitako jarduera-kopurua ere igo da; izan ere, 2013/2014 ikasturtean 69 baziren, 2014/2015 ikasturte berri honetan berriz, 77 dira.

Jarduera-eskaintza berria

Hiribilduko hamar kiroldegietako –Artxanda, Atxuri, La Casilla/Etxetxua, Deustu, Miribilla, La Peña, Errekalde, San Ignacio, Txurdinaga eta Zorrotza-sala eta pistek dagoeneko finkatuta dauden jarduerak eskainiko dituzte; besteak beste, fitnnessa, pilatesa, padela, aerobica, mantentzeko gimnasia, zumbinga, tenisa edo gimnasia erritmikoa. Hala ere, bestelako jarduerak ere egin ahal izango dira, hala nola, Aerozumbinga, Country eta Areto Dantzak, Bikore, Body Tono, Capoeira, Gymbike, Heziki edota Zumbigym.

Aerozumbing

Zumbing-aren eta Aerobic-aren arteko emaitza da. Aerozumbing-ak Aerobic-eko eta Zumbing-eko koreografiak konbinatzen ditu. Jarduera honen bidez, modu dibertigarrian, itxura fisiko ona lortu ahal izango da.

Country eta areto dantzak

Quickstep, tango eta vals, besteak beste, batzen dituen Areto Dantzak jardueran Country motatako koreografiak ere egiten dira. Areto Dantzak jardueran egindako deskribapenaz gain, Country dantzatzen ikasi ahal izango duzu modu dibertigarrian. Gainera, forman jarri ahal izango zara eta bide batez jendea ezagutu. Jarduera honetan taldeko dantzak egingo dira batik bat, baina, bikoteen arteko koreografiak ere egin ahal izango dira. Ez da beharrezkoa bikoterik eramatea.

Bikore

Diziplina honetako ariketa funtzionalek pelbisa, beheko bizkarra, aldaka eta sabelaldea lantzen dute. Honekin oreka eta egonkortasun hobeagoak lortzen dira, kirol-jarduera baten praktikan zein eguneroko jardueretan. Izan ere, kirol gehienak eta beste jarduera fisiko asko, gorputzaren erdiguneko giharren menpe baitaude. Erdiko parte hori sendo eta sasoian izateak, errazago bihurtzen du edozein lan fisiko, baina hori ez soilik, lesioak ekiditen laguntzen baikaitu ere, bizkarrekoak behinik behin. Entrenamendua erraza da, edonork burutzeko modukoa, gorputza lantzeko era erlaxatu bat baita.

Body tono

Gorputz osoko giharrak suspertzeko programa da, giharketa-aretoko ariketa eraginkorrenak hartu eta soinketa-klase baten formatua ematen diena. Ikasleak, doitu daitekeen zama-barra batekin hartzen du parte, aurre-koreografiaren kontzeptuaz baliatuz. Body Tono arras klase xaloa eta dinamikoa da jende-mota guztientzat. Body Tonoa musikaren erritmopean egiten den giharketa-ariketa da. Honela entrenamendu oso bat egiten dugu dibertitu bitartean.

Capoeira

Brasileko borroka-arte bat da, musika, dantza eta akrobaziak batzen dituena, hala nola gorputz-espresioa. Mugimendu bizkor eta txundigarriak egiten dira, beso eta zangoak erabiliz besteak beste ostiko, bira eta jaurtiketa tankerako maniobra iaio-iaioak burutzeko. Kirol arloko kapoeirak mugimendu altu eta iaiotasunaren erakusketa ditu begiko. Berinbau delakoaren musika tradizionalaz praktikatzen da.

Gymbike

Spin-Bikeko eta mantentze-gimnasiako ariketen nahastea da. Modalitate honekin sasoi fisiko ona lortzen da, indarra, potentzia, abiadura, malgutasuna, eta abar landuta, ... mantentze-gimnasiako materialekin (pilotak, halterak, banda elastikoak, step-ak, ...) eta Spin-Bikeko bizikletekin egiten da.

Heziki

Haurraren psikomotrizitatea garatzean datzan jarduera diziplina anitza. Haurraren heldutasun psikikoa kitzikatzeko ariketa anitzez eta funtzionalez baliatzen den lan orokorra, ahalmen fisiko guztiei eragiten diena.

Zumbigym

Zumbing-eko eta mantentze-gimnasiako ariketen nahasketa da. Dantza eta ariketa fisikoa eta tonifikazioa konbinatzen dira. Modalitate honekin jarduera bien onurak batzen dira: oinarrizko gaitasun fisikoak lantzea eta oroimena, koordinazioa, kontzentrazioa eta abar trebatzea, sasoi fisiko ona lortuta modu atseginean. Material hauek erabiltzen dira: pilotak, halterak, banda elastikoak, step-ak, ...

Atxuri, Deustu, Miribilla, Errekalde, San Inazio, Txurdinaga eta Zorrotzako kiroldegietako igerilekuetan 5.070 plaza eskainiko dira bederatzi jarduera desberdinetarako.

Gainera, kirol egokituko, psikomotrizitateko edo jogako 15 jardueretarako instalakuntzetan 445 plaza daude.

19 ikastari euskaraz

77 ikastaroetako 19 jarduera euskara hutsez eskainiko direla azaldu dute; Bilbao Kirolak sozietatearen begirale guztiak elebidunak izango dira eta erabiltzaileei euskaraz zein gaztelaniaz atenditzeko aukera dutela gehitu dute.

Ikastaro hauetarako tarifak, bai abonatuak direnentzat zein ez direnentzat eta ikastaroen katalogo osoa – euskaraz eta gazteleraz – hurrengo webgunean kontsultatu daitezke: www.bilbaokirolak.com. Hala, interesa duten guztiek udal kiroldegi bakoitzaren eskaintza kontsultatu dezakete.