LABek "erakusketa berehala kentzeko" eskatu du, panel guztiak gaztelania hutsean daudelako. Sindikatuaren ustez, "sinestezina da garraio publikoaren zerbitzuan horren nabarmen urratzea erabiltzaileen hizkuntza eskubideak".
Metro Bilbaok doan utzi ditu instalazioak Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak egindako erakusketa jartzeko, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gasteizko Jaurlaritza babesle nagusi dituela.
Sindikatuaren iritziz, "utzikeria nabarmenez" jokatzen ari dira erakunde horiek guztiak, "euskaldunen hizkuntza eskubideak zaindu eta leku eta instalazio publikoetan, hala nola, Metro Bilbaoko geltokietan, euskararen presentzia eta erabilera sustatu beharko lituzkeen arren".
LABek aburuz, Metro Bilbaoko zuzendaritzak ez du "sentsibilitaterik hizkuntza kontuetan", ez baitu inolako hizkuntza eskakizunik ezartzen ez eta inolako jarraipenik egiten diskriminazio horiek saihesteko.
LABen iritziz, horrelako urratzeek argi erakusten dute "hitzetatik ekintzetara" igaro behar dela, eta Metro Bilbaok baliabideak eta aurrekontua bideratu behar dituela hizkuntzen kudeaketara, hiriarteko trenean euskararen normalizazioan ganorazko lana egingo bada.
Beraz. Metro Bilbaoko zuzendaritzari, eta erakunde publiko laguntzaile guztiei, "gaztelaniazko panelak kendu eta erakusketa elebitan jar ditzaten" eskatu die, herritar guztion hizkuntza eskubideak bermatzeko.