Julian Barnes hizkuntza ingeleseko gaur egungo narraziogilerik onenetakoa da, eta bere lanei darizkien kalitate literarioa eta umorearen haritik, urriaren 11n, V. BBK `Bilboko Barrea´ saria jasoko du jendeari irekitako ekitaldi batean, Nuria Barros idazleak egingo dion elkarrizketako galderei erantzuteaz gain. Eleberrigile ingelesaren parte-hartzeaz gain, genero honetan parekorik ez duen jaialdi honen bosgarren edizioan, literatura, umore grafikoa eta zinema arloetako maila goreneko egileen presentzia nabarmendu behar da, Jean Echenoz, Emmanuel Carrere, Luis Goytisolo, Isabel Coixet edota marrazkigintzan 50 urte egin berri dituen Forges marrazkilaria tartean direla.
Lehenengo aldiz, jaialdiak, gai monografiko bakarra izan beharrean, eduki eta gonbidatuen aniztasunaren aldeko apustu egin du, luxuzko egitaraua osatuz. `Bilboko Barrea´ umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdia urriaren 2tik 12ra bitartean egingo da Bizkaiko hiriburuko hainbat eszenatokitan, baina Paco Rocaren komiki-erakusketa asteazken arratsaldean aurkeztuko da, hilak 1, egilea bertan dela. Bosgarren edizio hau gaur goizen aurkeztu du Domine Hotelean Juan Bas Jaialdiaren zuzendariak, ondoan Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia, Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, eta Gorka Martinez BBK Fundazioko zuzendaria zituela.
Julian Barnes ez ezik, literaturako maila goreneko egileak ere izango dira, Estatu Batuetatik (Lionel Shriver), Mexikotik (Juan Villoro), Argentinatik (Martin Caparros), Frantziatik (Jean Echenoz eta Emmanuel Carrere) eta Espainiatik (Luis Goytisolo, Ignacio Echevarría eta Antonio Orejudo) etorritakoak. Berariaz nabarmendu behar da Echenoz eta Carrereren parte-hartzea, izan ere, Frantziako gaur egun idazle nagusienetakoak izateaz gain, lehendabiziko aldiz elkartuko baitira jendaurrean eszenatoki baten gainean.
Zeluloidearen mundua Isabel Coixet zuzendariak –zinemaren historiako bere umore-sekuentziarik gustukoenak azalduko ditu– eta Ocho apellidos vascos filma idatzi duten Borja Cobeaga eta Diego San Jose gidoigileek ordezkatuko dute. Hauekin batera, Forges eta Gallego & Rey marrazkilariak, Joan Manuel Serrat kantaria, Goyo Jimenez bakarrizketalaria edota Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariak taularatuko dira.
Paco Rocaren erakusketa
`Bilboko Barreak´ publiko guztiari irekitako doako gertaera izateko bokazioari eutsi dio, iraupena 11 egunera luzatuz, eta Metroko geltokietan, Alhondegian, BBK Aretoan eta Erriberako merkatuan umore grafikoko erakusketak antolatuz. Berariaz azpimarratu behar da Museu Valencià de la Illustració i la Modernitat (MuVIM) delakoak `El invierno del dibujante´ eta `Arrugas´ (azken honek animaziozko film onenaren 2012ko Goya saria jaso zuen zinemarako moldaketan) bezalako komikiak landu dituen Paco Roca marrazkilariari buruz antolatutako `Paco Roca Dibujante Ambulante´ izenburuko erakusketa zabala. Bertan bildutako irudien bitartez, bisitariek bertatik bertara ezagutu ahal izango dute marrazkilari honen sorkuntza-prozesua, El invierno del dibujante, Emotional World Tour, Las calles de arena, El Faro, Los viajes de Alexander Ícaro eta El juego lúgubre gisako lan ezagun eta bereizgarrien sorkuntza-prozesuei errepasoa eginez.
Bestalde, erakusketen atalean, Forges aipatu behar da –matxismoaren aurka borrokatzea xede duen erakusketa batez–, baita Gallego & Rey ere –prentsan azkenaldian argitaratu dituzten bineten aukeraketa batez–. Izen kontsakratu hauekin batera, `Bilboko Barrea´ Umore Grafikoaren II. Eskola Lehiaketan parte hartuko duten egile gazteek beren lanak Erriberako merkatuan erakusteko aukera izango dute. Leku berean ezagutaraziko da, `Bilboko Barreak´ urterik urte antolatzen duen umorezko mikroipuin lehiaketako epaimahaiaren epaia.
Serrat-ek Forges elkarrizketatuko du
Metroko geltokietan ikusgai izango den Forges-en bineta-erakusketaz gain, marrazkilariari omenaldi berezia egingo zaio marrazkigintzan egin duen 50 urteko ibilbideagatik. Omenaldia jendaurreko elkarrizketa-formatuan egingo da, noren eta Joan Manuel Serrat kantautorearen eskutik.
`Bilboko Barrearen´ barruan, halaber, Espainiako bakarrizketalari onenetakotzat jotzen den Goyo Jimenez artista Campos Eliseos antzokiko oholtza gainean azalduko da. Jimenezen ikuskizuna gizakiaren bilakaerari buruzko gogoeta partikular batean oinarrituta dago, eta jaialdian eskainiko den ordainpeko ekitaldi bakarra izango da.
Ekimen solidarioek ere dagokien lekua izango dute Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdian. Horrela, Paco Roca, Miguel Gallardo eta Sonia Pulido marrazkilariek `Bizitzaz beteriko binetak: Marrazkilariak on Tour´ delako proiektua aurkeztuko dute jendaurrean. Kanpaina honen bidez, Intemon Oxfam erakundeak, herritarrak pobreziaren aurkako borrokan inplikatu nahi ditu komikia bezalako lengoaia berriez baliatuta. Roca, Gallardo eta Pulido Latinoamerika nahiz Afrikako herrialdeetara joan dira Oxfam-ekin batera, beren arkatzekin erreportari lana egin eta han-hemenka bizi izandako esperientziak istoriotxoetan zabaltzeko asmoz.
Umorea publizitatean
Jaialdiaren barruan antolatutako beste proposamen berritzaile bat, publizitate-kanpainetako umorea islatzen duten iragarkien proiekzioa izango da. Honekin batera, 'Calvo, claro', 'Voy a comer con Don Simon', 'El que sabe, Saba' eta 'Ñaka ñaka La Cigala' bezalako eslogan gogoangarriak egin eta Espainiako publizitategintzaren izen historikoa bihurtu den Ricardo Perez-ek hitzaldi bat eskainiko du. Felix Linares kazetariaren laguntzaz, publizitatearen historiako iragarkirik dibertigarrienetako batzuk errepasatuko ditu.
Bestalde, iaz BBK `Bilboko Barrea´ saria jaso zuen Robert Crumb marrazkilari iparramerikarrak aurtengo edizioaren ikurtzat erabiliko den irudiaren dohaintza egin dio jaialdiari.
Juan Bas idazle bilbotarraren ekimenez sortua, `Bilboko Barrea´ jaialdia bere generoan parekorik ez duen gertaeratzat kontsolidatu da, betiere umoreak arteetan duen garrantzia aldarrikatzeko asmoz.