Bigarren urtez jarraian, domeka honetan, irailaren 21ean, Zabalako Otxote Topaketa ospatuko da. Bilboko Udalak, Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako Udal bulegoaren bitartez, bultzatutako ekimena da, `Zabala Berriko´ Biztanleen elkartearen laguntzarekin eta Bilboko Lur Maitea otxoteak antolatuta. Ekimena, Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako 2012-2016 Erkidego Planaren barruan sartzen da.
Hitzorduaren helburua, duela urte batzuk auzoko ostalaritza saltokietan betidaniko abestiak kantatzen zituzten taldeekin oso lotuta zegoen Zabalako abesbatza tradizioa berreskuratzea da. Horrela, aurten Bilboko Lur Maitea eta Errenteriako Karnaba otxoteek gauza bera egingo dute Bilboko auzo horretako kaleetan.
Programazioak bi parte ditu, kalejira bat goizean eta kontzertua arratsaldean. Horrela, jardunaldia eguerdiko 13:00etan hasiko da, auzoko leku garrantzitsuenetatik kalejira eginez. Otxoteek, txistulari baten laguntzarekin, Zabalako zazpi lekutan abestuko dute (iaz lau lekutan abestu zuten). Horrela, Lur Maitea otxotearen kalejirak Fleming Doktorearen plaza, Aresti Kondearen Egoitza, Zabala 2 kalea eta Xenpelar kaleko autobus geralekua hartuko ditu. Azken leku horretan Karnaba otxotearekin batera abestuko du. Karnaba otxoteak Gernikako lorategiak kaleko 2an eta 9an eta Konpostelako Donejakue kaleko 4an abestuko du, Lur Maitea otxotearekin elkartu aurretik. Lehenengo zati hori 14:30etan amaituko da. Puntu bakoitzean otxoteek bi kanta abestuko dituzte, gutxienez, eta elkarren arteko emanaldian `Boga boga´ eta `Goizeko Izarra´ abestiak eskainiko dituzte.
Arratsaldez, jardunaldiari amaiera emateko, otxoteek, txistulari birekin, doako kontzertua eskainiko dute San Rafael parrokian, 19:00etatik aurrera.