Udal liburutegi sareak ordutegia zabalagoa du

uriola.eus 2014ko ira. 18a, 11:15

Aste honetan hasi da Udal Liburutegi Sarearen neguko ordutegia, bi berrikuntza garrantzitsurekin. Alde batetik, Bidebarrietako liburutegiak astelehen goizetan ateak zabalduko ditu jende guztiarentzat eta, Zorrotza, Ibaialde eta Errekaldeko liburutegiak ostiral arratsaldetan zabalik egongo dira 2015eko maiatzaren 31ra arte.

Horrela, eta neguko ordutegi berriak indarrean sartzean, orain arte astelehen goizetan jendearentzat itxita egoten zen Bidebarrietako Liburutegia zabalik egongo da asteko lanegun guztietan, ordutegi berarekin, goizeko 08:30etatik 20:30etara.

Beste alde batetik, normalean ostiral arratsaldetan jendearentzat itxita egoten diren Auzoetako hamaika liburutegietatik hiru ere astelehenetik ostiralera zabalik egongo dira, ordutegi berarekin, goizeko 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Errekaldeko, Zorrotzako eta Ibaialdeko liburutegiak dira, eta bihar, ostiralean, hasiko dira ordutegi horrekin. Zentro horiek, liburutegien jardunean oinarritutako irizpideak erabiliz aukeratu dira euren ordutegia zabaltzeko: bere zerbitzuak jasotzen dituen biztanle kopurua, lehenengoan, eta ordutegi zabalagoak dituzten erreferentziako beste liburutegiak urrun izatea, beste bien kasuan.

Udal Liburutegi Sarearen ordutegiak zabaltze horiekin, Bilboko Udaleko Kultura Sailak bere liburutegi zerbitzuak hobetzearen aldeko apustu argia egiten du. Horrek gogobetetze handiagoa eragingo du egunero liburutegietara joaten diren erabiltzaileen artean. Erabiltzaileak, liburutegian bertan liburuak irakurtzeko, funts bibliografikoetatik libururen bat maileguan hartzeko, paperean zein formatu digitalean prentsa irakurtzeko, kontsultaren bat egiteko, internetera konektatzeko, kultur jardueraren bat jarraitzeko, etab. joaten dira liburutegietara.

Udal Liburutegi Sareari buruzko informazio guztia eta zentro bakoitzaren ordutegiak www.bilbao.net/bibliotecas udal webgunean, www.bilbao.net/blogs/bibliotekak blogean edo liburutegietan bertan kontsulta daitezke.