Eragile sozial eta sindikalek kalitatezkoak eta publikoak diren gizarte zerbitzuak exijitu dituzte

uriola.eus 2014ko ira. 18a, 15:08

Eragile sozial eta sindikal ezberdinek, elkarretaratzea egin dute gaur goizean, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, eskubide sozialak aldarrikatu eta murrizketekin bukatzea eskatzeko.

Bertan, Jabi Sierrak azaldu du, "agintari politikoek kalitatezkoak eta publikoak diren gizarte zerbitzuak ez dituztela bermatzen, gizartearen kontrako aurrekontuak baitira erakundeek aurkezten dituztenak". Era berean, gogor salatu du, politikari batzuek etorkin-taldeen aurka egin izana, "euren egungo murrizketa politika zuritzeko, baita, prestazioak jasotzen dituzten pertsonak kriminalizatzeko" ere. Eragile sozial eta sindikalen ustez, "iritzi publikoaren arreta desbideratu nahi dute, ezartzen dituzten murrizketa-politikak zuritzeko".

Gastuak murrizteko, instituzioek zerbitzu publikoetara bideratutako "diru-baliabideak gutxitxea" erabaki dutela diote eta aldi berean, gizarte prestazioak jasotzeko baldintzak gogortu dituztela.

Guzti honengatik, kalera irteteko beharra ikusi dute, "lehentasun politikoek interes neoliberalei baino ez dietela erantzuten" salatzeko. Egoera aldatzeko, hainbat neurri, eskari eta proposamen luzatu dituzte:

- Tokiko adimistrazioek exijitzea haien politika guztiak goitik behera aldatze: gizarte-prestazioetan, osasungintzan, etxebizitzan, gizarte-zerbitzuetan... ezarritako murrizketak indargabetzea. Azken batean, murrizketa politikak bertan behera uztea eta gizarte gasturako kontu-sailak handitzea.

- Politikariei exijitzea, ez ditzatela bidegabeki erabili pobrezia eta gizarte bazterketa botoak irabazteko, eta jendaurreko adierazpenak zuzendu ditzatela.

- Gizarte-zerbitzu unibertsalen sare bat eratzea, aurrekontu publikoaren kontura, langabezian dauden lagun guztien diru-sarrerak bermatzeko eta mendekotasun egoeratan babesa emateko.

- Bizitza duina izateko eskubidea ziurtatzea.

- Zerga-politika bidezkoa eta progresiboa abiatzea, azken urteotan onartutako erreformetan atzera egiteko; eta aberastasuna zuzen banatzeko.

- Gizartearentzat alferrikakoa den gastua baztertzea: armada, AHT, erraustegiak, fracking-a...

- Diru-sarrerak bermatzeko sistema bat eratzea egungoa ordeztuko duena, eta benetako eskubidea izango dena. Bizitza duina izateak bernaturik egon behar du. Hori dela eta, egungo DBEaren diru-kopurua handitu beharra dago eta kide bat baino gehiagoko bizikidetza-unitateentzat aplikagarri diren eskalak zabaldu behar dira.

- Eusko Jaurlaritzak onartutako murrizketen ondorioz, eta Lanbidek ezarrita, kanpoan utzi dituzten kolektibo guztiei gizarte-prestazioak jasotzeko aukera aitortzea.

- Gizarte larrialdiko laguntzak, euskal familien behar guztiak asetu behar dituztenak, jasotzeko eskubide subjektiboa ezartzea. Prestazio hau kudeatzerakoan, Udalak erabiltzen duen irizpide murritzaileak kentzea.