Euskaldunak eta Arriagak aurreikuspen guztiak bete dituzte Aste Nagusiko eskaintza kulturalarekin

uriola.eus 2014ko ira. 19a, 10:26

http://theholeshow.com

The Hole, udan eta Aste Nagusian Bilbon gehien ikusi den ikuskizun eszenikoa izan dela plazaratu du Arriaga Antzokiak, 31.000 ikusle baino gehiagorekin. Bestalde, Euskalduna Jauregiaren hamabost urteko historian Aste Nagusia Zikloetan izandako zifrarik altuena izan da aurten lortutako diru-bilketarena.

31.031 ikus-entzuleri esker, uda honetan eta Aste Nagusiaren sasoian Bilboko ikus-entzuleek gehien hautatu duten aukera bilakatu da The Hole lana. Aste Nagusiaren sasoia deritzogu, emanaldiak ez direlako abuztuan ospatzen diren Bilboko jaietara mugatu, irailaren lehen asteetan ere ikusi ahal izan baitira.

Hori dela eta, Arriaga Antzokitik eskerrak eman nahi dizkiete Bilboko ikus-entzuleei, The Hole lanari eskaini dioten "harrera beroarengatik", eta beste denboraldi batez Arriaga Antzokira "leialtasunez" joateagatik. Une honetan, antzokia bere programazio berri, "aberats eta anitza" ari da eskaintzen, bilbotarren eta beste leku batzuetatik datozen "ikus-entzule guztien gustukoa izango den itxaropenarekin".

Ikus-entzule asko eta asko joan dira Arriaga Antzokira kabaret, antzerki, burlesque, zirku, musika eta umore nahasketaz gozatzera. Zifrak oso esanguratsuak dira. The Hole ikuskizunak milioi bat euro bildu ditu. Abuztuaren 14tik irailaren 17ra izandako 39 emanaldietatik (emanaldiak 27 egunetan iizan ziren, eta egun batzuetan bi eskaini ziren) 15etan, Arriaga Antzokiak “ez dago txartelik” kartela jarri behar izan zuen. Aipatutako ikus-entzule kopurua (31.031 pertsona) kontuan izanda, batez besteko okupazioa, ikuskizun horretarako prestatutako leku guztien %83,40koa izan da, baina %95,28koa guzti-guztia ikusteko aukera ematen zuten lekuak soilik aintzat hartuta.

Argi eta garbi dago La Terremoto de Alcorconek, Quequek, Pony Locok, Supernenek, Madameak eta The Hole ikuskizuneko gainerako artistek "aztarna sakona" utzi dutela Bilbon, izan ere, azken asteetan antzezlan hori kaleko solasaldietan behin eta berriro aipatu den gaia bilakatu baita. Baina txutxu-mutxuetatik haratago, urrats hori txarteldegian ere islatu da. Izan ere, "ikuskizunak markak hautsi eta oso une garrantzitsua finkatu baitu Arriaga Antzokiaren eta Bilboko hiriaren azken garaietako historian, azken urteetan gure antzokian gehien ikusi den ikuskizunetakoa izan delako".

50.007 ikusle bildu dira Euskalduna Jauregian 2014ko Aste Nagusian

Guztira, 50.007 ikusle bildu dira Euskalduna Jauregian, 2014ko Aste Nagusiaren barruan programatu diren ikuskizunez gozatzeko, eta 1.853.379 euro batu dira txartel-leihatiletan, abuztuaren 14an Confesiones de mujeres de 30 lanaren lehen emanaldia eskaini zenetik, joan den igandean, irailaren 14an, El renovado show de 2 Caras Duras en Crisis eta Confesiones de Mujeres de 30 lanen azken funtzioa eman zenera arte.

Euskalduna Jauregiak hamabost urteko historian Aste Nagusia Zikloetan izandako zifrarik altuena da aurten lortutako diru-bilketarena. 313.256 euroan gainditu du aurreko errekorra ezarri zuen 2012ko zenbatekoa.

Jende gehien irailaren 6an (larunbata) egon zen. Egun horretan 4.059 pertsona sartu ziren Euskalduna Jauregira, Zikloko lau aretoetan programatutako ikuskizunak ikustera. Gainera, beste bost egunetan (abuztuaren 23an, abuztuaren 22an, irailaren 5ean, irailaren 30ean eta abuztuaren 29an), 3.000 pertsona baino gehiago bertaratu ziren.

Euskalduna izan da "Aste Nagusiko egitarauaren barruan ikuslerik gehien izan duen musika eta antzerki ikuskizunen zentroa", beratik azaldu dutenez.

Aste Nagusia 2014 Zikloaren programazioak zarzuela bat, musikal paregabe bat eta bost antzerki ikuskizun eskaini ditu. Guztira, 101 funtzio eskaini dira, eta Espainiako Estatu osoan ez da maila horretako beste ikuskizun eta antzerki eskaintzarik egon, hilabete eta egoitza bakarrean.

Lirikaren abeslari bikainez osaturiko taldea protagonista duen Los Gavilanes izeneko zarzuelak 3.962 ikus-entzule bildu zituen egindako 3 funtzioetan, eta 98.179 euro.

Los Miserables musikalak 24.077 ikusle izan ditu 21 emanalditan, eta, batez beste, hori izan da saio bakoitzeko publiko gehien izan duen ikuskizuna, musikal eta antzezlan guztiak kontuan hartuta, Bilboko Aste Nagusian. Diru-bilketa 1.230.330 eurokoa izan da, mota honetako ikuskizun batek Euskalduna Jauregiaren historian lortutako irabazirik altuena.

Antzokia Aretoak El Credito eskaini zuen abuztuaren 19tik irailaren 7ra, Carlos Hipolito eta Luis Merlo aktoreekin. Sarrera guztiak agortu zituen egindako 22 funtzioetako hainbatetan, eta, 10.781 ikus-entzule izan zituen, eta 271.339 euro bildu.

Ondoren, irailaren 11n, Bertin Osborne eta Paco Arevalo hartu zituen, El renovado show de 2 Caras Duras en Crisis¡ antzezlanak. Irailaren 14ra arte (igandea) egon zen ikusgai, eta eskainitako bost funtzioetako lautan sarrera guztiak agortu ziren. 2.873 ikus-entzulek ikusi zuten, eta 73.044 euro bildu zituen.

Abuztuaren 21ean, Barria Aretoa ireki zen Al final de la carretera obra hartzeko. Melanie Olivares, Marina San Jose, Manu Baqueiro eta Raul Peña aktoreak izan zituen protagonista. 2.063 ikus-entzule izan zituzten guztira, eta 45.030 euro bildu zituen.

Jarraian, Beatriz Carvajalek A vueltas con la vida estreinatu zuen bertan; 496 ikus-entzule eta 8.515 euro bildu zituen.

A-3 Aretoak Confesiones de mujeres de 30 ikuskizuna eskaini zuen abuztuaren 15etik irailaren 14ra. 36 funtzio egin ziren, eta 5.755 ikus-entzule izan zituzten guztira. Lan honek 126.942 euro bildu ditu. Egindako antzezpen guztietako bitan, sarrera guztiak agortu ziren.

Sarrerak modu honetan saldu dira: Internet bidez, %50,3; txartel-leihatiletan, %36,2; eta Kutxabanken orotariko kutxazainetan, %13,5.