`Me rio del Arriaga´-k antzokian giltzapetutako bi andreren mendekua erakutsiko du

uriola.eus 2014ko ira. 22a, 10:00

Bihar, irailak 23, eta etzi, irailak 24, Me rio del Arriaga antzezlanaren taularatzea gauzatuko da Arriaga Antzokian, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.

Iñaki Maruri eta Mitxel Santamarina dira ikuskizunaren protagonistak, edo hobe esanda, Aurori eta Maria Angeles andreak, abentura bitxi bati aurre egin beharko dioten Bilboko ohiko andra bi.

“Arriagako antzeztutako bisita gidatuen” azken antzezpena. Aurori eta Maria Angeles, Arriagaren Lagun elkarteko bi kide dira eta antzokitik irtetera doaz Sardina, Txarroa eta Pilotaria bezalako pertsonaiekin gozatu ondoren. Baina bat-batean, bakarrik daudela ohartuko dira eta, gutxi balitz, Arriagaren ateak ere itxi dizkiete. Sakelakorik gabe, kanpokoekin komunikatu ezinik, gaua antzokian pasatzea erabakitzen dute. Esperientzia izugarri gustatuko zaie, eta hala, Arriagan gelditzea erabakiko dute.

Baina hasieran ametsa zirudiena jasanezin bihurtuko da. Orduan zera erabakitzen dute: Arriagako zuzendariak eta “Gelatxo” bat ikustera doazen ikusleak ordu batzuez bahitzea, haiek ere bi emakumeek azken hilabeteetan bizi izan dutena senti dezaten. Horretarako, jada hainbeste maite ez duten Arriagan ikusi behar izan dituzten ikuskizunen bertsio propioak antzeztuko dituzte bahituen aurrean.

Iñaki Maruri eta Mitxel Santamarina dira Arriagako Gelatxo honen antzezleak. Erik Leal da lan honetako testuen egilea eta koreografiaz Maitane Zalduegi arduratzen da.

Sarrerak

- 8 eta 12 euro artean
- Salgai www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.