'Dantza eta musika' izenburua daukan ikastaroa ez da ariketa hutsa. Aiko taldekoen iritziz, dantza "giza bizipen bat da, inguruarekin eta ingurukoekin harremanetan jartzen gaituena, eta musikarekin bat eginda, sarritan, hitzez ezin duguna komunikatu adierazteko bide oso baliogarri bat da".
Horrela, ikastaroaren ardatza "gizakian datza, ikaslean, dantzarian... eta xede nagusia agian intangible horietakoa izanen da askorendako: dantzaz gozatzen ikasi, dantzaren ikasbideaz gozatu, dantzaz gozatzeko ateak ireki... Erronka handia 2014. urterako gure gizartean izanda ere, ahaleginak merezi du".
Dantza eta musika elkarrekin lantzeko proposamen hau musika edo/eta dantza irakasle lanetan aritu behar dutenentzako ere baliogarria izan daiteke. Hori bai, argi utzi behar da ikastaroa helduentzako pentsatua dagoela (ez haurrentzako). Gure inguruan erromeriko eta plazako dantza gehienak (denak ez esatearren) helduen eremukoak dira.
Ikastaroaren eraginaren ebaluaketa "ikasleen oinetan eta ariman islatuko da". Aiko taldearen ustez "norbaitek dantza hobeto ulertzen badu, norbaiti dantzaz gozatzeko atea irekitzen badiogu, norbaitek erritmoa lantzeko bide berriak antzematen baditu, norbaiti dantzan egiteko edo ikasteko gogoa irekitzen bazaio, norbaitek lagunak egiten baditu dantzan, norbaitek gure tradiziozko kulturaren ezagupenean sakontzen badu honen ondorioz... zerbait egin dugula esan ahal izanen dugu".
Erromeriak: Erriberako Merkatuan hilero, ostiral honetan hasita
Era berean, Aiko taldearen erromeriek beste eszenatoki ezagun bat estreinatuko dute: Bilboko Erriberako Merkatua. Bertako atarian, dantzaldi herrikoiak egingo dira hilean behin, hileko 3.ostiraletan, eta sarrera doakoa eta librea izango da parte hartu nahi duten guztientzat. Dantzaldi hauen aurkezpen gisa, ostiral honetan, irailak 26, lehenengo saioa egingo da arratsaldeko zazpi eta erdietatik aurrera. Ekimen hau Aikok Bilboko Udalarekin eta Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearekin sinatu duen lankidetza-hitzarmenaren haritik gauzatuko da, musika eta dantza tradizionalarekin bertakoentzat nahiz bisitarientzat erreferentziazko gune bilakatu den barruti historiko honetako kultur eskaintza indartuz.
Familiarekin dantzan
Bizkaia Aretoan, abenduaren 27an, larunbatez, Dantzaldi Ibiltaria programan aurreikusitako beste berrikuntza bat izango da: familia osoari zuzendutako dantza-ikastaro bat. Sasoi horretako eguberri giroari erreparatuta, Aiko taldeak aukera paregabetzat jo du familiako kide guztiak bi orduko tailer batean elkartu eta musika eta dantza tradizionala etxe giroan transmititzeko ohitura berreskuratzeko asmoz.