Bilboko Zirkuituaren hamahirugarren edizioak auzoetan eskaintzen duen programazioari ekingo dio berriro gaur, irailaren 25, Otxarkoagako udaltegian. Programazioan, bertako hamaika talde eta artistaren 13 emanaldi ikusi ahal izango dira. Artista horietako batzuk ikus-entzuleek ondo ezagutzen dituztenak dira, Luna Llena, Totum edo El Beso Teatro, besteak beste.
Otxarkoagako, Abando-Barrainkuako, Altamirako, Castañoseko, San Frantziskoko, Basurtuko, Errekaldeko, eta Zurbaranbarriko udaltegiek eta Solokoetxeko institutuak jasoko dituzte emanaldiak abenduaren 11ra arte, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, sarrera librearekin. Urteko azken hiruhilabete honetarako proposamen eszenikoen artean, azpimarragarriak dira Jon Zubiagaren eta Sonia Villamorren “Pisukideak”, Bilbon lehen aldiz ikusi ahal izango den euskarazko lana, eta Totum taldearen “Pensar en Alto” lanaren estreinaldia.
Bilboko Zirkuitua, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren programa dekanoa aukera bikaina da sortzaile berriek eta antzerki eta dantza taldeek euren lanak eszena gainera eraman eta jende aurrean aurkez ditzaten. Gainera, barruti bakoitzean, gure Hirian sortutako gaur eguneko proposamen freskoenez gozatzeko ingurune hoberena da.
Parte hartuko duten konpainiak eta artistak hauek izango dira: 7 grados, Totum, Katastrofen, La Trascienda, Luna Llena, Thor Teatro, Plataforma Tirante, El Beso Teatro, Beatriz Insa, Jon Zubiaga eta Sonia Villamor. Antzerki eskaintzak drama eta tragikomedia biltzen ditu, gizarte ukitu handiarekin eta emakumeen presentzia garrantzitsuarekin, eszenatoki gainean zein landutako gaietan.
Programa 2014KO iraila – abendua
- Irailak 25: Trastornos literarios (7 grados) Otxarkoagako udaltegian.
- Urriak 2: Pensar en alto (Totum) Errekaldeko udaltegian.
- Urriak 9: ¿Qué ha sido eso? (Katastrofen) Barrainkuako udaltegian.
- Urriak 16: La Trascienda (Boxes) Otxarkoagako udaltegian.
- Azaroak 6: Pisukideak (Jon Zubiaga eta Sonia Villamor) Errekaldeko udaltegian. (Euskaraz)
- Azaroak 13: Irakurriz (Shakti Olaizola) Zurbaranbarriko udaltegian.
- Azaroak 14: Pisukideak (Jon Zubiaga eta Sonia Villamor) Barrainkuako udaltegian. (Euskaraz)
- Azaroak 20: A trompicones (Luna Llena) Solokoetxe institutuan.
- Azaroak 26: A trompicones (Luna Llena) Altamirako udaltegian.
- Azaroak 27: Las cartas de Berlín (Thor Teatro) Otxarkoagako udaltegian.
- Azaroak 28: La máquina del dueño (Plataforma Tirante) San Frantziskoko udaltegian.
- Abenduak 4: Soñando teatro (El beso teatro) Basurtuko udaltegian.
- Abenduak 11: La mujer sola (Beatriz Insa) Castañoseko udaltegian.
Emanaldi guztiak arratsaldeko 19:30etan hasiko dira eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.
Sorkuntzari laguntza
Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Baliabide Eszenikoen BilbaoEszena Zentroak antolatutako Bilboko Zirkuitua programak argiztapen eta soinu zerbitzu teknikoa eta publizitatea eskaintzen die konpainiei, eta baita konpentsazio ekonomiko bat ere. Horrez gain, euren lanak ikus-entzuleen aurrean antzezteko aukera ere eskaintzen die.
Duela hamarkada bat baino gehiago programa martxan jarri zenetik, zabalduz eta emanaldi eta eszenatoki kopurua handituz joan da. Denborarekin, egitaraua ia hiriko auzo guztietara zabaldu da. Auzo horietako askok urte osoan jasotzen duten Arte Eszeniko eskaintza bakarra da. Gainera, ekimenaren hasieran parte hartu zuten konpainien artean batzuk profesional izatera heldu dira, Gaitzerdi Teatro, FTI (Fábrica de Teatro Imaginario) edo Itziar Lazkano, besteak beste.