Gaur goizean, 2014-2015 ikasturteko Mintzapraktika egitasmoak aurkeztu dituzte Euskaltzaleen Topaguneak eta Jardun euskaltzaleen elkarteak.
Aurtengo izen emate kanpainak, hizkuntza gaitasunak areagotu eta inguruko euskal hiztunak ugaritzea posible dela erakutsi nahi du. Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak prentsaurrekoan aipatu duenez, “euskaraz hobeto eta gehiago aritzeko, eta euskal hiztunak biderkatzeko, ez da magiarik behar, guk daukagu trukoa: aritzea”.
Horretarako, mintzalagun taldeen eraginkortasuna nabarmendu du Mendizabalek. Aurreko ikasturtean 5.500 mintzalagun baino gehiago elkartu dira Euskal Herri osoan hedatuta dauden egitasmoetan. Izen emateak gora egiten du urterik urte, eta hastear dagoen ikasturtean 6.000 mintzalagun lortzeko bidean daude Mintzapraktika egitasmoak.
Jardun euskaltzaleen elkarteko Maitane Arizabaletak azaldu duenez, mintzalagunek bi helburu nagusi betetzen dituzte egitasmoetan: “batetik, beren hizkuntza gaitasuna hobetzen dute, hizketarako jariotasuna lortu eta lotsa galtzen dutelarik; eta bestetik, inguruko euskaltzaleei euskaraz bizitzen laguntzen diete, euskararen aldeko ekarpena eginez”. Guztia, astean ordubeteko ahaleginarekin.
Izan ere, Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin elkartzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta ia Euskal Herri osora hedatu dira. Parte hartzeko baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez batzeko konpromisoa hartzea dira.
Izena emateko beharrezko informazioa, herriko euskara elkartean, euskaltegian, udalean edota www.mintzalaguna.org webgunean aurki daiteke.