Emakumeak 1 - Gallardon 0, partida ez da bukatu!

Zaloa Ibeas de la Cruz 2014ko ira. 26a, 08:30

Partida gogorra izan da gure askatasunaren kontrako eraso saiakera berri honetan, abortuaren aurre proiektuaren errefomaren kontrakoa hain zuzen ere, jokatu behar izan duguna.

Aitotu beharra dago, mahai gainean ikusi genuenean, gure baitan pentsatu genuela erronka zaila izango zela hau geldiaraztea.

Halere horrek, ez zigun inolako momentuan borrokarako gaitasuna kendu edota etsipena ekarri. Emakumeok ondo baitakigu zer den egunero erasoei erantzun behar izatea, askotan zoritxarrez gainera,  isolamendutik, bakardadean eta gehiengoaren oniritzirik gabe.

Beraz, partida berri bati ekin genion irabazteko intentzioarekin. Asko izan dira egin ditugun asanbladak, ekimenak, mobilizaiozak, salaketak edota interpelazioak. Eta aho zabalez eta pozik baieztatu dezakegu,  horri esker lortu dugula eraso berri hau geldiaraztea. IRABAZI DUGULA!!!

Orain, askok emakumeok egin dugun borrokari aitortza kendu nahi badiote ere, eta bestelako arrazoiak izan direla erreforma hau bertan behera uzteko motiboak argudiatu, egia dena da, hilabete luze hauetan zehar egin ditugun borrokei esker, sortu ditugun tentsioak eta presioak, erabakiorrak izan direla hau lortzeko.

Baina nola aitortu, bizitzen ari garen erreformen inpozisio garai honetan, gelditzea lortu dugun erreforma bakarra emakumeok egindako borrokari esker izan dela? Gehiegi batzuentzat... eta mehatxu handiegia beste batzuentzat...

Azken batean, egungo eredu heteropatriarkalak, inoiz ez du onartu, ezta onartuko, dugun borrokarako gaitasuna. Emakumeoi irudi ahula eta ezindua inposatzen digute, geldirik nahi eta behar gaituztelako, mugitzen ez den izaki gisa, kateak sentitzen ez dituelako. 

Baina dagoeneko mugitzen ari gara, kateak astinduak dauzkagu eta gero eta emakume gehiago hurbiltzen ari dira borroka feministara.

Katea zirrikitu handiegiz betetzen ari zaie jada...

Aurreko egunean, irakurri nion kide feminista bati egia borobila: “Jakingo balute gainera zein ongi pasatzen dugun elkarrekin borrokan, bi aldiz pentsatuko lukete”.

Eta hemen datza borroka feministaren zutabe nagusia, elkartasuna, xamurtasuna eta borroka kolektiboa.

Gutako bateri katea astintzen dizkiotenean, gu guztion kateak astintzen ari direlako. Erantzun kolektiboak eraikiz, harresiak sortuz, emakumeok borrokarako dugun gaitasuna egunero erakusten dugu.

Partida hau irabazi dugu bai, pozik gaude, energia berria eman digu. Baina zoritxarrez jakin badakigu, asko daukagula oraindik irabazteko.

Emakumeon eskubideen aurkako erasoak, oraindik errealitatea jarraitzen dutelako izaten gure bizitzako esparru guztietan.

Jarraitu dezagun beraz borrokan, emakume eta gizon askez osaturiko nahi dugun Euskal Herria eraiki arte.

Horregatik, borrokarako eskaintza batekin agurtuko naiz gaurkoan, oraindik abortua libre eta doakorako eskubidea ez dugulako, eta PPren mehatxuak oraindik hor jarraitzen duelako, igandean Bilbon eta Gasteizen burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatuz, hain zuzen ere.

Patida hau ere irabaizi behar dugulako batu borroka feministara!