Sexu eta Ugalketa Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna igandean, irailak 28. Ondorioz, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek eta Abortatzetzeko Eskubidearen aldeko EHko Plataformak elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herriko Ospitale ezberdinetan Abortatzeko eskubidearen alde. Protestetan gogora ekarri dute, igandean, hilak 28, Abortatzeko Eskubidearen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta Plataformak bi deialdi luzatu dituela; bata Bilbon 12:00etan eta bestea Gasteizen 12:00etan ere.
Gaur Gurutzetako ospitalean egin den agerraldian Pili Alvarezek hartu du hitza Bizkaiko Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Plataformaren izenean. Bere esanetan, bertan behera geratu den abortoaren legearen aurrean, "mugimendu feministaren eta, orokorrean, gizarte osoaren erantzuna oso positiboa izan da, eta argi utzi dugu ez dugula emakumeon oinarrizko eskubideen aurkako eraso zuzena suposatzen duen lege hau nahi".
Lege horren "benetako borondatea emakumeen gorputzaren gaineko kontrola edukitzea izan" dela salatu du Pilik plataformaren izenean; baita "abortatzeko eskubidearen ukapena oinarrizko eskubideen murrizketen planean kokatzen zela, PPk inposatu nahi zuen eskuin ideologiaren barnean".
Bukatzeko, elkartasuna adierazi duten herritarrak eta mugimendu feministako lagunak zoriondu diru "abortoaren legearen erreformaren geldiketa eta Gallardonen dimisioa borroka feministari esker izan delako". Hala ere, "erne jarraitu" beharra dagoela gogorarazi du, "16 eta 17 urteko neska gazteek abortatzeko, gurasoen baimena eduki beharreko legeari aurre egin behar diogulako eta ez dugulako ahaztu behar abortoak kode penalean jarraitzen duela". Beraz, igandean, Abortoaren Nazioarteko Egunean, kalera ateratzeko deia luzatu die herritarrei.