Margoketa nazi-faxistak egin dituzte Basurtun

uriola.eus 2014ko ira. 30a, 09:30

Sare Antifaxistak jakitera eman duenez, Basurtun margoketa arrazistak agertu ziren atzo. "Negros = Ebola" diote pintadek eta talde antifaxistatik gogor salatu ditu.

Ekainetik, gora egin dute ekintza nazi-faxistak Bilbon zein Bilbo Handian. Hile horretan, 15ean hain zuzen, Zurbaranbarrin eraso faxista bat jasan zuen gazte batek bere gurasoen etxera zihonean. Goizaldea zen eta "atzez eraso egin zioten zenbait neonazik", Sare Antifaxistak ezagutzera eman zuenez.  "Lurrera bota, amorruz ostikatu, begi bateko kanpoaldea leherrarazi, eta gorputz osoan ubeldurak utzi zizkioten". Sare Antifaxistak salatu zuenez, "auzokide bakar bat ere ez zen atera" Asier gazte antiespezista eta antifaxistari laguntzera.

Eraso hori eta gero, ekainean "Hasta los huevos, inmigrantes fuera" zihoten pintadak agertu ziren Errekalden, Larraskitun, eta abuztuaren 6an pintada bera Errekalden ere. Baina horiek ez dira ekintza nazi-faxista bakarrak izan uda honetan; uztailaren 23an, Bolueta eta Basauri inguruan "Inmigrazioa stop" pintada agertu zen eta gurutze zelta bat; uztailaren 27an, Galdakaon "Inmigrazioa stop" zihoen beste bat. Irailaren 1ean, pintada gehiago agertu ziren santutxun, bi gurutze zelta "Rojos ratas" mezuaren alboan; eta 88 zenbakia, naziek “Heil Hitler!” esateko erabiltzen dutena ( H letra alfabetoko zortzigarrena da). Barakaldon ere, irailaren 25ean, pintadak egin zituzten.

Azken margoketak atzo salatu zituen Sare Antifaxistak; oraingoan, Basurtun.