Adinekoen Eguna ospatzeko egitarau zabala antolatu dute gaurko

uriola.eus 2014ko urr. 1a, 11:00

11:00etan, Ibon Areso alkateak, pertsona nagusien elkarteetako presidenteei harrera egin die egunari hasiera emanez. Adineko lagunek ekintza ezberdinetaz gozatzeko aukera izango dute gau partera arte.

Alkateak harrera egin die adinekoen elkarteetako presidenteei 11:00ak aldera. Ondoren, Deisa eta Nagusiak elkarteetako presidentea den Roberto Martinezek eta Peñaskaleko pentsiodunen eta jubilatuen elkarteko kidea den Dori Azkaratek Adineko Pertsonen Eguneko agiria irakurriko dute. Alkateari eta elkarteetako presidenteei argazkia egin diete eta jarraian, Bost batean elkarteko presidentea izandako Jesus Saizi eta Peñaskaleko pentsiodunen eta jubilatuen elkarteko presidentea izandako Videncio Rucandiori omenezko plaka jarri diete.

Adinekoen Eguna ospatzeko Areatzan jarritako karpa 10:00etatik 14:00etara irekita egongo da. Bertan, hiru espazio egongo daude; batean `Bilbo, Adinekoekin Hiri Adiskidetsua´ planaren lorpenen zabalkundea egiten ari dira; beste batean `Bilbo Adiskidetsua´ markaz inkesta bat; eta hirugarren espazioan, photo call-a dago. Goizarekin amaitzeko, 12:45etik 13:30era, Bilboko Udalaren Musika Bandak kontzertua eskainiko du Areatzan.

Arratsaldeari begira,18:30ean, adinekoen jaia prestatu dute Kampos Eliseos antzokian. Bertan, ongi etorria eta gero, Juan Felix Madariaga Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Saileko zinegotziak Bilboko Adinekoen webgunea aurkeztuko du. Jarraian, elkarte batzuetan presidente-kargua utzi dutenei plaka bana banatuko zaie. Era berean belaunaldien arteko harremanei dagokienez, aurtengo leloa `Geure ilobak zaintzen ditugu´ izanik, ilobak zaintzen dituzten aitita-amamen artean aukeratutako Joaquin Rodriguez eta Carmen Pazeri ere omenezko plaka bana emango zaie.

Bilboko Koralak emanaldia eskainiko du ondoren eta Arantza Anuncita-BOSeko biolin-jotzaile eta biolineko irakasleak eta Carmen Cantera pianoko irakasleak Kresley eta Thais de Maseneten obrak joko dituzte. Bestalde, Larraskituko jubilatuen eta pentsiodunen etxearen izenean, gimnasia-taldekoek Enrique iglesiasen Bailando kantaren dantza egingo dute; Nuestro Mayores elkartekoek Sombras Chinescas y Magia antzezlana eskainiko dute; Amubi Bizkaiko unitate progresiboko adinekoen elkartekoek gitarra-kontzertua eta Beti Aurrerakoek bilbainadak abestuko dituzte.

20:30ean, agapearen txanda izango da.